Futbola

Athleticek ez du izoztuta geratu nahi Pragan

Txapeldunen Ligako etorkizuna jokoan izango du gaur Athleticek, irabazi beharra baitu Slaviaren zelaian. Irabazteaz gain, mamuak uxatu nahi dituzte zuri-gorriek.

Robert Navarro eta Nico Williams. MIGUEL TOÑA / EFE
Robert Navarro eta Nico Williams, hotzari aurre egin nahian, atzo, Lezaman. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek larunbatean Bartzelonan hartu zuen astinduak zera du alde ona, halakorik izatekotan: taldeak buru-belarri heldu behar diola beste partida bati, porrota irensteko denborarik gabe. Izan ere, Gabonetara bitarte zuri-gorriek hiruzpalau egunean behin jokatu beharko dute. Bada, hain zuzen, Txapeldunen Ligako etorkizuna izango dute jokoan gaur, Slavia Pragaren zelaian (21:00, Movistar). Lehen fase luzeko lan erdiak igaro ondoren, bosgarren jardunaldiari dagokion partidan murgilduko da Ernesto Valverdek gidatutako taldea, eta ia derrigortuta dago hiru puntuak eskuratzera. Gaur-gaurkoz, lehen 24 postuetatik kanpo dago Athletic; hortaz, hori aldatu ezean, ez da sailkatuko final-hamaseirenetarako. Gainera, kontuan izan behar da zer taldek bisitatuko duen San Mames hurrengo partidan: Paris Saint-Germainek, hau da, egungo txapeldunak. Hori guztia aintzat hartuta, irabaztea beste aukerarik ez dute bilbotarrek.

Slavia Pragari ez ezik, elurrari eta hotzari ere aurre egin beharko die Athleticek. Azken egunetan, hotzera egokitzeko aukera izan dute jokalariek Euskal Herrian, baina are hotz handiagoa izango dute Pragan: baliteke 21:00etan tenperatura zero azpikoa izatea. Halere, Athleticeko mila jarraitzaile inguru izango dira harmailetan. Guztiaren beharra izango dute zuri-gorriek Slavia Praga menderatzeko. Ezagun zaharrak dira bi taldeak, joan den denboraldian Europa ligan neurtu baitzituzten indarrak, San Mamesen. Athleticek irabazi zuen, Nico Williamsen gol bati esker: 1-0. Egoera bestelakoa da oraingo honetan, ordea. Beste lehiaketa bat da, eta txekiarrek etxean jokatuko dute. Gainera, ezinbestekoa dute gailentzea, soilik bi puntu lortu baitituzte orain arte, Athleticek baino bat gutxiago.

Jindrich Trpisovsky entrenatzailearen zigilu nabarmena darama Slavia Pragak. 2017ko abenduan hartu zuen taldearen ardura, eta aulkian zortzi urte betetzear dago. Gaurkoa izango du 399. partida ofiziala. Klubeko zuzendaritzak konfiantza handia du entrenatzailearengan, eta aski da emaitzei erreparatzea ulertzeko zergatik: kluba gorenera itzultzea lortu du. Trpisovsky entrenatzaile izendatu baino lehen, Slavia Pragak ez zuen liga irabazia 2009tik, eta Kopa ere ez, 2002tik. Bada, azken zortzi urte hauetan lau aldiz irabazi du liga, eta beste lautan bigarren postuan geratu da. Kopa ere lau bider eskuratu du. Are, denboraldi honetan ere lehen postuan daude txekiarrak. Azken urteetan ohiko taldea bilakatu da Europan, eta lehiakor aritu da urtero.

Erdiko hiru atzelarirekin jokatu ohi du Slavia Pragak, eta hegaletako jokalariek lan handia egiten dute atzera eta aurrera lasterka. Zelai erdian, indarra da txekiarren ezaugarri nagusia, eta, golak sartzeari dagokionez, erraztasun handiak dituzte. Talde indartsua dira geldikako jokaldietan. Dena den, txanponaren bi aldeak ikusi dituzte sasoi honetan. Txekiako Ligan nahierara ari dira jokatzen, orain arteko hamasei jardunaldietan ez baitute partidarik galdu. Txapeldunen Ligan, aldiz, zailtasunak dituzte: oraindik ez dute neurketarik irabazi. Berdindu egin dute Bodo Glimt (2-2) eta Atalantaren aurka (0-0), eta galdu Interren (3-0) eta Arsenalen kontra (0-3). Kontrario zailak izan dituzte orain arte, eta Athleticen aurka itsu-itsuan irabazi nahian zelairatuko dira.

Bi areetan hobetu behar du

Aurkariari baino gehiago, bere buruari erreparatu beharko dio Athleticek, ezinbestean. Krisialdi betean murgilduta dago taldea, eta hiru puntuak lortzea ez ezik, mamuak uxatzea ere badu helburu Valverdek entrenatutako taldeak. Horretarako, bi areetan aritu beharko du hobeto. Estatistikek erakusten dute zuri-gorriak oso erraz iristen direla aurkariaren areara, baina izugarri kostatzen zaiela golak sartzea. Aldi berean, kontrarioek oso erraz sartzen dizkiete golak, nahiz eta gol aukera handirik sortu ez. Alde horretatik, Unai Simonen lanak kezka piztu du azken partidetan, ez baita espero bezain ondo aritu. Gauza bera esan daiteke ustezko beste hainbat izarri buruz: Dani Vivian, Iñigo Ruiz de Galarreta, Alex Berenguer eta Oihan Sancet. Esanguratsua da azken horren kasua, partida bat baino ez baitu osorik jokatu denboraldia hasi zenetik.

Kontuak kontu, Athleticek hamazazpi partida jokatu ditu orain arte bi lehiaketak kontuan hartuta, eta bederatzi galdu: erdiak baino gehiago. Guztira 27 gol sartu dizkiote, eta bederatzi partidatan geratu da gol bakar bat egin gabe. Etxetik kanpo are datu okerragoak ditu, soilik garaipen bat bildu baitu orain arte: Betisen zelaian. Hortaz, badute zer hobetua zuri-gorriek, eta garaiz daude. Bizirik daude oraindik Txapeldunen Ligan. Gaurko partidari begira, Iñaki Williams eta Nico Serrano ez daude deialdian, min hartuta baitaude biak.

Valverderen iritziz, «oso partida garrantzitsua» da. «Hamabi puntu besterik ez dira falta jokatzeko, eta irabazteak balio handia du. Aldiz, galtzen baduzu, ia ez ezin duzu huts egin hurrengo partidetan. Slavia gure egoera berean dago. Irabazteko premia dugu, bai sailkatu ahal izateko, bai ondo sentitzeko eta arnasa hartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.