ATLETICO MADRIL 3-2 ATHLETIC CLUB

Athleticek ezin izan du luzatu Atletico Madrilen porrot bolada

Atsedenaldian 0-1 irabazten ari ziren zuri-gorriak, baina minutu gutxi behar izan ditu Atletico Madrilek aurretik jartzeko. Europako postuetatik kanpo jarraitzen du Athleticek.

ESPAÑA FÚTBOL LALIGA
Sorlothen eraso bat, eta Unai Simon baloia hartzen. FERNANDO VILLAR / EFE
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 25a
23:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bolada gazi-gozoan zen Atletico Madrilen zelaira hiru puntuen bila joan da Athletic, baina esku hutsik itzuliko dira Bilbora jokalari zuri-gorriak, 3-2 galduta. Lehen zatian aukera gehiago izan ditu Athleticek, eta Aitor Paredesek abagune horietako bat baliatu du taldea aurretik jartzeko. Baina atsedenalditik itzultzean, minutu gutxi behar izan ditu Atletico Madrilek aurrea hartu eta hiru puntu lortzeko. Eta Athletic berdinketarako gola sartu nahian ari zela, Alexander Sorloth norvegiarrak garaipena ziurtatu du, bakarrik geratu den jokaldi batean. Azken minutuan bigarren gola sartu du Athleticek, baina anekdotikoa izan da, partidaren amaiera adieraztear baitzen epailea. Europako txapelketetarako sailkatzeko postuetara gerturatzeko aukera ona zuen Athleticek, Getafek galdu eta Betisek berdindu egin baitute, baina ez du probestu.

Lehen zatia oso antzua izan da bi taldeentzat, bereziki bigarren zatiarekin alderatuta. Partida trabatua izan da lehen 45 minutuetan, gol aukera garbi gutxirekin, baina Paredesek 23. minutuan gola sartu du, Iñigo Ruiz de Galarretak kornerretik egin duen sakea bikain jota. Handik atsedenera arte, ez da ia aukerarik izan.

Bolada arraroan dabil Atletico Madril, partida ia guztiak galdu baititu, baina garrantzitsuenetako bat, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joanekoa, irabazi egin zuen, eta horri esker, finalerdietan da. Emaitza on hori, baina, gainontzekoa zuritzen ari da, taldea ez baitabil batere ondo: aurreko larunbatean Espainiako Kopako finala galdu zuen Realaren kontra, eta ligan lau partida jarraian galdu ditu Athleticen kontra lehiatu aurretik.

Etxekoak aurrera

Athletic, berriz, Osasunaren kontrako derbia irabaztetik zetorren, eta, atsedenaldia iristerakoan, bazirudien joera horri eusteko aukera zuela gaurkoa. Baina minutu gutxi batzuetan ilusio hori ilundu dio Atletico Madrilek, 54. minutuan 2-1 baitzegoen jada markagailua. Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da berdinketako gola; Antoine Griezmannek sartu du. Madrildarrek erasoan jarraitu dute, eta Sorlothek eta Alex Baenak egindako jokaldia bikain borobildu du aurrelari norvegiarrak.

Kolpe azkar horren ostean, baina, Athletic ez da gai izan egoera irauli eta berdinketa bilatzeko. Kontrara, Atletico Madrilek zuri-gorriek baino aukera gehiago izan dituzte, baina madrildarrek ere ez dute beste golik sartzerik lortu. Azken minutuetan kemena erakutsi du Athleticek, partida berdintzeko asmoa erakutsiz, baina aukera garbirik ez du izan, eta asmo horiek guztiz ezabatu ditu Sorlothek, etxeko taldearen hirugarren gola sartu baitu luzapeneko laugarren minutuan, Unai Simonen aurrean bakarrik geratu den jokaldi batean.

Partidak hala amaitu behar zuela zirudienean, luzapeneko denbora amaitua zela, Athleticek 3-2koa egin du, Gorka Gurutzetaren burukada baten bidez, baina ez du ezertarako balio izan, Atletico Madrilek erditik atera eta berehala amaitu baitu partida epaileak.

Gaurko partida galduta, Europako postuetatik kanpo jarraitzen dute zuri-gorriek: 41 puntu dituzte, eta bederatzigarren daude. Konferentzia Ligarako sailkatzeko azken postua seigarrena da oraingoz, eta Getafe dago egun postu horretan sailkatua, 44 punturekin. Oraindik denbora du Athleticek Europako txapelketaren baterako sailkatzeko, baina jardunaldiz jardunaldi denbora amaitzen ari zaio; eta zaleei, pazientzia.

Bihar Realaren eta Osasunaren txanda izango da. Realak jokatuko du lehenik, Madrilen, Rayo Vallecanoren kontra (Movistar+, 14:00). Europa Ligan jokatuko duela ziur da Reala, baina aurrera egin nahi du orain, aukera baitu oraindik datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko. Osasunari ondo etorri zaio Athleticek galdu izana, datorren denboraldian Europako txapelketak jokatzeko lehian baita. 39 puntu ditu, eta bihar etxean Sevillari irabaziz gero (Teledeporte, 18:30), Athletic gainditu eta Reala berdinduko du sailkapenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA