Aste barruan jokatutako norgehiagokak galdu ondoren, lehiara itzuliko dira gaur Reala eta Osasuna. Gipuzkoako taldeak Getaferen aurka jokatu zuen Espainiako Kopako ospakizunen biharamunean, eta ez zuen irabazterik izan (0-1). Osasunak, berriz, estu hartu zuen Athletic San Mamesen jokatutako derbian, baina Alessio Liscik zuzendutako taldea esku hutsik itzuli zen Iruñera (1-0). Biak ala biak Europan jokatzeko postuei begira daude orain, baina, borroka horretan segitzeko, gaur irabazi beharra dute.
Reala izango da lehiatzen aurrena. Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak Vallecasko futbol zelaian jokatuko du, Rayoren kontra (14:00, DAZN). Caleta-Car zigortuta bazegoen ere, Realaren helegiteari esker partida jokatuko du. Karrikaburuk, berriz, min hartu zuen asteazkeneko partidan, eta ez dago deialdian. Guedes ere ez da osatu. Portugaldarrak behatz bat hautsita eta orkatilan bihurritua zuela jokatu zuen Espainiako Kopako finala, eta Matarazzok gaurko jokatzeko moduan egongo zela espero arren, azkenerako ez da hala izan. Litekeena da Getaferen aurkako partida aulkian hasi zuten hainbat jokalari hasierako hamaikakora itzultzea: adibidez, Oiartzabal, Turrientes eta Barrenetxea.Â
Espainiako Kopa irabazita, Realak gutxienez Europa Liga jokatuko du datorren denboraldian. Baina erronka bat du sasoia amaitzeko geratzen zaizkion sei partidetan: Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Europako txapelketetako finalerdietan eta finaletan zer gertatzen den, Espainiako Ligako bosgarren sailkatuak aukera izango du txapelketa gorena jokatzeko. Atzo Betisek Real Madrilen aurka bana berdindu eta gero, txuri-urdinek zortzi puntura dute toki hori, partida bat gutxiago jokatuta. Matarazzok azaldu du «ahalik eta ondoen» amaitu nahi dutela denboraldia, hurrengoari ondo ekiteko. Astea «izugarria» izan dela esan du, eta Getaferen kontra galdu izana hein batean horren ondorio izan zela azaldu.
Rayok, Realaren aurkariak, partida garrantzitsua izango du ostegunean: Konferentzia Ligako finalerdietako joaneko norgehiagoka jokatuko du Estrasburgoren aurka. Hala, baliteke Iñigo Perezek txandakatzeak egitea hamaikakoan.Â
Sevilla, estu
Osasunak, berriz, Sevilla hartuko du Sadarren (Teledeporte, 18:30). Azken bost norgehiagoketatik bakarra irabazi dute gorritxoek, eta konfiantza berreskuratzea izango dute xede gaur irabazita. Horretarako, Liscik prest izango ditu jokalari guztiak. Izan ere, zigorra bete ostean, Catena eta Osanbela deialdian dira. Sevilla denboraldi loriatsuak egindakoa da, Txapeldunen Liga jokatutakoa, eta Europa liga irabazitakoa, baina azken denboraldietan behera egin du, zuzendaritzaren kudeaketa txarra tarteko. Berriki Matias Almeyda teknikaria kaleratu zuen, eta Luis Garcia Plaza da orain taldeko entrenatzailea. Alaveseko teknikari ohiak hiru norgehiagoka zuzendu ditu, baina taldeak jokoan zeuden bederatzi puntuetatik hiru eskuratu ditu soilik. Hala, Bigarren Mailara ez jaisteko borrokan dira espainiarrak.Â
Urduritasuna nabari da Sevillako zaleen artean, eta Osasuna horretaz baliatzen saiatuko da. Baina Lisci ez da fio aurkariaz, eta Sevillaren azken hamarkadetako loria ekarri du gogora: «Oso jokalari onak dituzte, nahiz eta beharbada ez dauden konfiantza handiko bolada batean. Baina klub historiko bat da, eta erreakzionatuko dute».