Bulegoko kontuak aldrebestu zaizkio Athletici. Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) zigorra ezarri dio talde zuri-gorriari: ezingo du behin-behinean beste jokalaririk inskribatu fitxaketak egiteko hurrengo aldietan; hau da, ezingo du beste jokalaririk inskribatu 2028ko urtarrilera arte. FIFAk arau hauste ekonomiko edo administratiboren bat egin duten taldeen zerrendan sartu du. Athleticekin batera Espainiako Ligan ari diren beste bi talde ageri dira zerrenda horretan: Algeciras Espainiako Federazioko Lehen Mailako taldea, eta Velez, Espainiako Federazioko Bigarren Mailakoa.
Klubak esan du «desadostasunak» daudela Alex Padilla atezainaren kirol eskubideei dagokienez, baina «datozen orduetan» konponduko dutela arazoa. Athleticek Padilla utzita bidali zuen Pumas Mexikoko taldera iazko urtarrilean, eta, hasiera batean, 2026ko ekainera arte aritu behar zuen klub horretan, baina Athleticek berreskuratu egin zuen iazko udan, Julen Agirrezabala Valentziara utzita joan eta gero.
FIFAren Erregistro Debekuen Zerrenda horretan, informatika sistema batek atzematen ditu irregulartasunak. Hala, arazoren bat atzematen badu, sistemak automatikoki zerrenda horretan sartzen du. Salaketaren bat ere egon daiteke. Horrelakoetan, ohikoa da hutsa konpondu bezain laster zerrenda horretatik kanpo geratzea. Hain zuzen, horixe gertatu zitzaien iaz Mallorcari eta Rayo Vallecanori, bi klub horiek dirua zor baitzieten Espainiako Ligan ari ez diren zenbait talderi.