ATHLETIC 1-3 SEVILLA

Athleticek gaizki ekin dio ligari, San Mamesen Sevillaren aurka galduta

Epaileak txartel gorria atera dio Yuriri 11. minutuan, eta horrek erabat baldintzatu du partida. Zuri-gorriek huts larriak egin dituzte, eta garesti ordaindu.

ATHLETIC. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Unai Simon, epaileari protesta egiten, Sevillak lehen gola sartu berritan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2026ko abuztuaren 22a
19:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken bi hilabeteetan sortutako ilusioa ordu laurden batean zapuztu zaio gaur Athletici. Edin Terzicen fitxaketa dela medio, jakin-minez eta ilusioz eraberriturik agertu dira jarraitzaileak San Mamesen, baina partida hasi orduko okertu zaizkie kontuak zuri-gorriei, eta kolpe latza hartu dute Sevillaren aurkako partidan. Epaileak txartel gorria atera dio Yuriri 11. minutuan, eta horrek erabat baldintzatu du lehia. Hori aski ez, eta Unai Simonek sekulako hanka sartzea egin du lau minutu geroago, eta horri esker aurreratu dira espainiarrak. Jokalari bat gutxiagorekin, bihotza eta kuraia jarri dute etxekoek, baina ez zaie aski izan. 0-3 atzetik zirela, Paredesek sartu du gola, korner bat baliatuta, baina ez dute gehiagorako gaitasunik izan. Terzicen aroari gaizki ekin dio Athleticek.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, talde erasokorra zelairatu du entrenatzaile alemaniarrak. Bi gazteren eskuetan jarri du zelai erdia: Gerenabarrena eta Canalesen mende. Txukun aritu dira biak, eta neurketaren hasieran nagusi izan da Athletic. Oso goian egin du presioa, eta, gol aukera garbirik sortu ez badu ere, agindu egin du jokoan. Dena den, berehala etorri da arratseko jokaldirik garrantzitsuena. Paredesek baloi arriskutsua galdu du atzean, eta Yurik, azken jokalaria izaki, ukitu txiki bat egin dio Robbie Ure Sevillako aurrelariari. Epaileak ez du barkatu, eta txartel gorria atera dio zarauztarrari. Oso zorrotz agertu da epailea, baina erabakiak ez du atzera-bueltarik izan, eta Terzicen taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu da lehiaren ordu laurdena bete baino lehen.

Zoritxar hori aski ez, eta jarraian Unai Simonen oparia iritsi da. Baloia oinetan zuela, konfiantza handiegia agertu du, eta hanka sartu du Sevillako aurrelarien presio itogarriaren ondorioz. Osok sartu du 0-1ekoa. Atezaina kexati agertu zaio epaileari, falta egin diotela argudiatuz, baina hark ez dio jaramonik egin. Sevillaren golak erabat aldatu du partida, eta erabat ernegatuta aritu dira etxeko jokalariak. Saiatu dira atsedenaldira bitarte banakoa sartzen, baina kosta egin zaie gol aukera garbirik sortzea.

1-3koa, kornerrean

Atsedenetik bueltan, Sevillak atera ditu babak eltzetik. Luis Garcia Plazak hiru aldaketa egin ditu, eta gidoiak ezin hobeki funtzionatu dio. Kontraerasoan jokatzea izan du helburu, abiadura baliatuta, eta gisa horretan iritsi da 0-2koa, Ejukeren oinetatik. Gol horrek jota utzi du San Mames, eta are gehiago 0-3koak. Aresok ez du asmatu baloia urruntzen, eta Isaac Romerok erabakita utzi du norgehiagoka.

Dena galduta zegoela, Laporte eta Nico Williams zelairatu ditu Terzicek, eta korner batean itxaropenaren gola iritsi da. Yerayren pase bat baliatuta, 1-3koa sartu du Paredesek, baina beste ezertarako kemenik eta jokorik ez du izan Athleticek. Gaur etxean galdu eta gero, kolpe galanta hartu dute zuri-gorriek, eta ostegunean Bartzelonaren zelaian jokatu beharko dute.

osasunak astelehenean ekingo dio lehiari

Osasunak astelehenean jokatuko du denboraldiko lehen partida, Sadarren, Levanteren aurka (19:30, Movistar). Luis Miguel Ramisek aurrenekoz zuzenduko du talde gorritxoa neurketa ofizial batean. 

Ramisek bihar emango du deialdia, eta, fitxatutako bi jokalariei dagokienez, Jonathan Dubasin zerrendan izango da; ez, ordea, Rockson Yeboah, ostiralean iritsi baitzen Iruñera.

Osasuna aurrenekoz ariko da sasoi honetan. Levante, berriz, bigarrenez. 3-0 galdu zuen aurreneko neurketan, Espanyolen aurka.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA