Sevilla 2-1 Athletic

Athleticek hanka sartu du eskuarekin, eta galdu egin du Sevillaren aurka

Talde zuri-gorriak aurrea hartu du Sevillan, baina huts larriak egin ditu gerora, eta merezita galdu du. Bigarren astez, Yurik penalti inozoa egin du eskuarekin, eta taldeak ez du nola suspertu jakin. Zulo ilunean murgiltzen ari da Athletic.

Sevillaren gola, penaltiz; Unai Simon, Ruiz de Galarreta eta Berenguer baloia nola sareratzen den ikusten. JULIO MUÑOZ / EFE
Sevillaren gola, penaltiz; Unai Simon, Ruiz de Galarreta eta Berenguer baloia nola sareratzen den ikusten. JULIO MUÑOZ / EFE
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 24a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Balaztarik gabe, goitik behera ziztu bizian doa Athletic. Joan den asteazkenean Txapeldunen Ligan Atalantari 2-3 irabaztea mugarria izan zitekeela pentsatzen zuten askok, baina azkar egin dute jauzi errealitatera zuri-gorriek. Beste behin, gaizki eta bururik gabe jokatu dute, eta merezita geratu dira punturik gabe Sevillan. Robert Navarroren gol bati esker aurrea hartu du Ernesto Valverderen taldeak, baina ez du asmatu aldeari eusten. Huts larriegiak egin ditu, eta garesti atera zaio. Batez ere, Yurik sartu du hanka. Bigarren astez jarraian, penalti inozo bat egin du eskuarekin, eta etxekoek ez dute barkatu penalti puntutik. Lehia berdintzeko minutuak izan dituzte bizkaitarrek, baina gaitasunik ez. Irudi kezkagarria eskaini du Athleticek, eta zulora hurbiltzen ari da pixkanaka. Sei partida daramatza ligan irabazi gabe, eta gero eta gertuago ditu jaisteko postuak.

Hasierako hamaikakoak berak azaldu du ondoen partidari berebiziko garrantzia eman diola Valverdek. Atseden hartzeko aukerarik gabe, ohiko hainbat jokalari zelairatu ditu, baina erasoan izan da berritasun bat: Urko Izetarena. Denboraldi honetan lehen aldiz, hasieratik jokatu du aiarrak, eta partidari ongi ekin dio Athleticek. Lehia handia nabaritu da zelai erdian bi taldeen artean, baina zuri-gorriek asmatu dute etxeko taldearen presioa gainditzen. Horri esker, erraz heldu dira Sevillaren areara. Nagusi izan da hasieran Valverderen taldea, baina Sevillak izan du lehen gol aukera garbia. Oso garbia ere. Hamaikagarrenez, huts larria egin dute Vivianek eta Paredesek elkarren artean, eta Adamsek ez du asmatu buruz burukoan Unai Simonen aurrean. Bikain aritu da atezaina.

Gol aukera horrek konfiantza eman dio Sevillari, eta berdindu egin da lehia hurrengo minutuetan. Joan-etorriko jokoan murgildu dira bi taldeak, eta Ruiz de Galarretak oso gertu izan du gola 12. minutuan. Vlachodimosek sekulako akatsa egin du baloia urruntzeko garaian, eta, atea hutsik zegoela, horixe baliatzen saiatu da erdilaria. Baloia ozta-ozta joan da kanpora zutoin ondotik. Minutu luzez nor baino nor gehiago aritu dira Athletic eta Sevilla, baina minutuek aurrera egin ahala, nagusitzen hasi da etxeko taldea.

Besteak beste, 22. minutuan gola sartu du Gudeljek, baina epaileak bertan behera utzi du, errepikapena ikusi ondoren. Jokaldi arriskutsua egon dela iritzi dio. Kontzentrazio eta intentsitate arazoak izan dituzte zuri-gorriek, eta sufritzea egokitu zaie. Hots, okerrenen pasatzen ari zirenean 0-1ekoa iritsi da, 42. minutuan. Ezker hegaletik jokaldi txukuna osatu dute Berenguerrek eta Yurik. Azken horrek azpi-azpitik erdiratu du, Izetak nola hala egin du errematea, eta baloia negarrez zegoela, Robert Navarrok sartu du 0-1ekoa. Atalantaren aurka jokalaririk onena izendatu ondoren, erdilariak berriro erakutsi du bere maila beste egun batez.

Ziurrenik, merezi baino gehiago lortu du gol horrekin Valverderen taldeak, baina pozak ez dio askorik iraun. Izan ere, hurrengo jokaldian egin du banakoa Sevillak. Bekatu galanta egin du Sancetek, zelai erdian baloi arriskutsua galduta. Gehiegi eutsi dio baloiari oinetan, aurkariek ez diote barkatu, eta bizpahiru pasetan gola egin du etxeko taldeak. Peque izan da golegilea. Atsedenaldira bitarte 0-1ekoari eutsi izan balio asko izango zuen irabazia Athleticek, Sevillari urduritasunak eragingo ziolako, baina batere sendotasunik ez dute erakutsi zuri-gorriek.

Aldaketa hirukoitza

Lehen zatia txarra izan bada, are okerragoa izan da bigarrena. Bi taldeek errespetua izan diote elkarri hasieran, inork ez zuelako punturik galdu nahi, baina Yuriren opari batek aldatu ditu kontuak. Batere beharrik gabe, bi besoak nabarmen luzatu ditu jokaldi batean, eta baloiak eskuan jo dio. Penalti argia izan da, eta Adamsek ederki engainatu du Unai Simon 2-1ekoa egiteko. Bigarren astez jarraian hanka sartu du atzelariak.

2-1ekoari buelta eman nahian, aldaketa hirukoitza egin du Valverdek, eta Nico Williams, Unai Gomez eta Asier Hierro zelairatu ditu. Gerora Nico Serrano eta Vesga ere sartu dira, baina alferrik. Batere sakontasunik eta sormenik ez du izan taldeak, eta gol aukera garbirik ere ez du sortu berdinketa egin ahal izateko. Txapeldunen Ligan pentsatzea tokatzen da orain, baina ligan egoera gero eta kezkagarria bihurtzen ari da. 

Sevilla-Athletic

Sevilla. Vlachodimos; Sanchez, Carmona, Gudelj (Manu Bueno, 73. min), Kike Salas, Suazo (Oso, 57. min); Agoume, Sow (Castrin, 46. min), Peque (Ejuke, 80. min); Isaac Romero (Joan Jordan, 80. min) eta Adams.

Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Unai Gomez, 57. min), Jauregizar (Vesga, 72. min); Robert Navarro (Nico Williams, 57. min), Sancet (Nico Serrano, 77. min), Berenguer; eta Izeta (Hierro, 57. min).  

Golak. 0-1: Robert Navarrok (40. min). 1-1: Pequek (42. min). 2-1: Adamsek, penaltiz (56. min). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.