Slavia Praga 0-0 Athletic

Athleticek hutsean berdindu du Slaviaren aurka, eta zaildu egin zaio Txapeldunen Ligan aurrera egitea

Talde zuri-gorriak gola sartzeko aukera garbiak izan ditu, baina ez du asmatu ate aurrean, eta garesti ordaindu du; Slaviako Stanek atezaina ikusgarri aritu da.

Slaviako Stanek atezaina geldiketa ikusgarrietako bat egiten. MARTIN DIVISEK / EFE
Slaviako Stanek atezaina geldiketa ikusgarrietako bat egiten. MARTIN DIVISEK / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko azaroaren 25a
23:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hotz egiten zuen gaur Pragan, baina hasieran kalean eta gero harmailetan berotu dute giroa Athleticeko zaleek; jaka kendu gabe, hori bai. Mila zalek bidaiatu dute Txekiara, eta hauspoa eman diote jokalariei. Etxeko zaleak ere ez dira isilik geratu. Eta giro sutsuari, joko erritmo bizia ezarri diote bi taldeek. Azkenean, ordea, hoztuta bukatu dute, batez ere Athleticek. Ez da golik izan partidan, eta Txapeldunen Ligako etorkizuna zaildu egin zaio talde zuri-gorriari. Puntu gozakaitz bat eskuratu du gaur Slaviaren aurka. Izan ditu aukerak, batez ere bigarren zati hasieran, baina ate aurrean ez du asmatu, eta garesti ordaindu du.

Partidari neurria hartu nahian hasi dira bai Slavia bai Athletic, erasokor. Espero bezala, presioa goian egin du etxeko taldeak, eta beldurrik gabe aurrera jo dute jokalariek. Horixe bera aprobetxatu du Athleticek, aurkariak huts egindakoan, kontraerasoan azkar ateratzeko. Eta modu horretara, aukera garbia izan du seigarren minutuan. Slaviakoek zelai erdian pase txar bat eman, baloia berreskuratu, eta bi baten aurka abiatu dira zuri-gorriak. Sanceten jaurtiketa, baina, atezainak kornerrera bidali du —Guruzetaren pasea apur bat atzean geratu zaio—. Hark egin du partidako hurrengo jaurtiketa ere, area kanpotik, kanpora oraingoan.

Bere horretan segitu du etxeko taldeak, bizi-bizi eta zuzen jokatuz, eta ausart. Aspertzeko tarterik ez dute izan zaleek. Ezta arnasa hartzeko parada ere jokalariek. Ugariak izan dira mokokaldiak eta protestak ere. 

Slavia izan da lehen zatiko azken aukera izan duena, epaileak txistua jotzeko bost minutu falta zirela. Bizkaitarren zorionerako, baloiak ez du aterako bidea hartu. Markagailua mugitu gabe joan dira, beraz, atsedenaldira. 

Atezaina etsai

Asko falta zen oraindik ere neurketa amaitzeko, eta lehen zatikoa ikusita, edozer gerta zitekeen. Bi taldeek zuten puntuen premia, eta aurreikus zitekeen golaren bila joko zutela biek. Athletic izan da sutsuen saiatu dena. Nagusitasunez ekin dio, eta bigarren zatiko lehen zazpi minututan hiru aukera garbi-garbi izan ditu Robert Navarrok. Stanek atezaina horma bilakatu da, baina. Ez ziren erremate eta jaurtiketa txarrak Navarrorenak, baina are hobeak izan dira atezainaren erantzunak.

Aldaketa hirukoitza egin du orduan Slaviak. Eta gutxira mugitu du aulkia Athleticek ere. 57. minutuan, Nico Williams eta Selton sartu dira Sanceten eta Berenguerren ordez. 64. minutuan, berriz, Jauregizarrek hartu du Ruiz de Galarretaren tokia.

Hain zuzen, Ernesto Valverdek aulkian utzi ditu, besteak beste, Laporte, Yuri, Jauregizar eta Nico Williams, larunbatean jokatuko duten ligako partida buruan. Hala ere, entrenatzailea argi mintzatu da lehia hasi aurretik: «Talde lehiakorra zelairatu asmo dugu, txispa duena, irabaztea helburu». Eta behin eta berriz aipatu du Slaviaren aurkako partida «garrantzitsua» zela. Txapeldunen Ligan segitzeko hiru puntuak behar zituzten bilbotarrek, eta horren jakitun ziren denak.

Aldaketek eten egin dute bilbotarren joa, eta Athleticek erasoan segitu badu ere, ez diote halako minik egin aurkariari. Gehiago kostatu zaio aukerak sortzea. Nico Williamsek ez du baloi asko izan, eta taldeko izarraren falta sumatu dute zuri-gorriek.

Slavia ere gerturatu da tantaka Unai Simonen ingurura. Batez ere, minutuek aurrera egin ahala. 80. minutuan, korner batean, area txikian errematea egitear egon da etxeko taldea. Sustoan geratu da.

Azken txanpan erasora jo dute bizkaitarrek, berdinketak ez zielako balio, baina ez dute lortu atea zulatzea. Hobe puntu bat batere ez baino, noski, baina martxa honetan ezinezko izango du Athleticek final-hamaseirenetarako sailkatzea. Batek merezi izatekotan, talde zuri-gorriak merezi zituen hiru puntuak, baina berdinketarekin konformatu (edo) behar izan dute. 

Slavia Praga-Athletic

Slavia Praga. Stanek; Moses, Zima, Chaloupek; Doudera (Holes, 55. min.), Sadiek, Zafeiris (Chytil, 79. min.), Mbodji (Boril, 55. min.); Provod, Sanyang (Sanyang, 55. min.) eta Chory.

Athletic. Unai Simon; Areso (Lekue, 79. min.), Vivian, Paredes, Adama; Ruiz de Galarreta (Jauregizar, 64. min.), Rego; Berenguer (Selton, 57. min.), Sancet (Nico Williams, 57. min.), Navarro; eta Guruzeta (Unai Gomez, 79. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.