Valentzia 0-0 Athletic

Athleticek hutsean berdindu du Valentziaren zelaian

Zuri-gorriak gehiago izan dira lehen zatian, baina, bigarrenean majo sufritu, eta ontzat jo dute puntua. Beste behin, gabezia handiak erakutsi dituzte erasoan.

Iñaki Williams baloia jotzear, Valentziaren aurkako partidan. MANUEL BRUQUE / EFE
Iñaki Williams baloia jotzear, Valentziaren aurkako partidan. MANUEL BRUQUE / EFE
jon eskudero
2026ko urriaren 17a
23:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazi ezin denean ez galtzea izaten omen da futbolaren legea, eta esaerari jaramon egin dio Athleticek gaur, Valentziaren zelaian. Ia hilabete batez lehiatu gabe egon ondoren, Edin Terzicen taldea gogotsu zelairatu da hiru puntuen bila, baina ontzat jo behar izan du berdinketa. Izan ere, gorabeheratsu jardun dute zuri-gorriek; ondo aritu dira tarte batzuetan, baina gaizki ere bai beste batzuetan. Lehen zatian gehiago izan dira, eta merituak egin dituzte atsedenaldirako aurrea hartzeko. Bigarrenean, berriz, gehiago sufritu dute, eta taldearen jokoak ez du inor asebete. Aurkariak golik ez sartzea izan da albisterik onena, baina, beste behin, erasoan gabezia handiak erakutsi dituzte bilbotarrek. Gainera, Guruzetak eta Robert Navarrok min hartu dute, eta zail izango dute datozen partidetan aritzea.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Terzicek aldaketa gutxi egin ditu azken partidarekin alderatuta, baina gutxi horiek nahiko esanguratsuak izan dira. Besteak beste, defentsako hegaleko bi jokalariak aldatu baititu. Rayo Vallecanoren aurkako lehiak hamahiru minutu soilik iraun bazuen ere, ondorioren bat ateratzeko balio izan dio entrenatzaile alemaniarrari, eta, orduko joko eskasa kanbiatzeko asmoz, Hugo Rincon eta Johaneko zelairatu ditu. Bada, taldeak duin ekin dio norgehiagokari. Gogotsu irten dira zuri-gorriak, eta lehen minutuak erritmo bizian jokatu. Baloia oinetan izan dute gehienetan, eta izan ez dutenetan hura berreskuratzeko lanean zentratu dira guztiz. Lehiakor jardun du taldeak, baina ez du gaitasunik izan Valentziaren harresia hausteko. Bi lerro sendo osatuta atzea ongi zaintzea izan da Javier Aguirrek zuzentzen duen taldearen lehentasuna.

Lehen ordu laurdena igarota, are nabarmenagoa izan da Athleticen nagusitasuna. Valentziak garbi izan du gidoia: atzean zorrotz aritu, eta ahal izan duenean kontraerasoan atera. Baina bilbotarrek ez diote horretarako biderik eman, ongi zaindu baitituzte espazioak. Laporte eta Paredes maisuki aritu dira zeregin horretan. Ohi bezala, Terzicenek distira apur bat falta izan dute erasoan. Johaneko ahalegin betean aritu da ezker hegaletik, eta, atzetik aurrera eginda, arrisku sentsazioa eraman da aurkariaren ate ingurura, baina erremate garbi bat ere ez da ikusi lehen zati osoan. Iñaki Williams galduta ibili da, eta Peio Canalesi ere gehiegi kosta zaio lerro artean agertzea eta nabarmentzea.

Ezina ikusita, Terzicek postuz aldatu ditu erasoko bi hegalekoak: ezkerrera bidali du Berenguer, eta eskuinera Robert Navarro. Erabaki ona hartu du teknikariak, Athleticek hobera egin baitu, eta geroz eta errazago iritsi da Valentziaren atepera. Batez ere, Navarrok jokaldi distiratsuak osatu ditu, baina laguntza falta izan du. Pare bat erdiraketa interesgarri ipini ditu penalti puntuan, eta ez da inor agertu azken errematea egiteko. Hamar minutu oso on izan dituzte zuri-gorriek, baina ez dituzte baliatu. Etxeko jarraitzaileen txistu hots batzuk ere entzun dira tartean, urduritasunaren eraginez, baina bisitariek ez dute golik sartu. Bada, lehia hoztu egin da lehen zatiko azken txanpan, eta bi taldeak markagailua husna zihoala erretiratu dira aldageletara.

Guruzetak min hartu du

Beste txinparta batekin hasi da bigarren zatia. Bi taldeak erasokor zelairatu dira, eta joan-etorrian ibili etengabe. Hasieran, Athleticek aurrerapauso bat eman du, baina, joko horretan, Valentzia atera da irabazle. Gerenabarrena aulkian utzita, Jauregizar zelairatu du Terzicek, baina zuri-gorriek kontrola falta izan dute zelai erdian. Etxekoek min handia egin dute kontraerasoan; batez ere, Otorbi eskuin hegalekoa ibili da azkar. Pare bat aukera eder izan ditu gola sartzeko, Johanekori lasterka aurrea hartu ondotik, baina Unai Simonekin egin du topo. Terzicek azkar ikusi du taldeak arazoak zituela ezker hegalean, eta hiru aldaketa egin ditu kolpetik, birritan pentsatu gabe.

Hain zuzen, Rego, Areso eta Guruzeta atera dira zelaira, 63. minutuan, eta kontrola irabazi du taldeak. Gutxienez, utzi egin dio atzean hainbeste sufritzeari. Halere, zoritxarrak beste behin jo du bilbotarren atea. Zelairatu orduko, Guruzetak min hartu du eskuin hankan, eta zelaia utzi behar izan du. Zaintiratua izan du giharretan, eta Maroanek hartu du haren tokia. Hortik aurrera, taldearen jokoak behera egin du, eta puntua ontzat jotzen hasi da entrenatzaile alemaniarra. Erasoan itsutu gabe, sendotasunari eusteko agindu die jokalariei, eta Valentziak ere ez du askorik estutu azken minutuetan.

Guruzetaren lesioa aski ez, eta Robert Navarrok ere arazo handiak izan ditu partida amaitzeko. Taldeak beste aldaketarik ez zuelako jarraitu du zelaian, baina oinez ibiltzeko ere komeriak. Kontuan hartuta Oihan Sancet eta Nico Williams min hartuta daudela, Athleticek erizaindegia beteta izango du hurrengo egunetan, baina partidak jokatzen jarraitu beharko du. Atseden hartzeko betarik gabe, asteazkenean Levanteren zelaian ariko da. Euriteen ondorioz atzeratutako partida izango da, eta bilbotarrek irabazi beharra izango dute, Europako postuetara gerturatzeko.

Valentzia - Athletic

Valentzia. Dimitrievski; Maffeo, Tarrega, Pepelu, De Hass (Elliot, 73. min), Gaya  (Jesus Vazquez, 85. min); Javi Guerra, Guido Rodriguez (Ugrinic, 85. min), Dani Raba (Rioja, 54. min); Danjuma eta Hugo Duro (Otorbi, 54. min).

Athletic. Unai Simon; Hugo Rincon, Paredes, Laporte, Johaneko (Areso, 63. min); Ruiz de Galarreta (Rego, 63. min), Gerenabarrena (Jauregizar, 46. min); Robert Navarro, Canales, Berenguer; eta Iñaki Williams (Guruzeta, 63. min). (Maroan, 67. min).  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA