Gizonezkoen futboleko euskal selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du hurrengo larunbatean, San Mamesen (20:00, ETB1), eta Jagoba Arrasatek gaur jakinarazi du partida horretarako jokalarien zerrenda. Gehienak euskal taldeetan dabiltza: Athleticeko bost jokalari arituko dira, Realeko lau, eta Osasunako lau, eta Alaveseko bi. Baina badira Euskal Herritik kanpo dabiltzan beste batzuk ere:  Asier Villalibre Racingen, Einar Galilea Malagan, Jon Guridi Sevillan, Kepa Arrizabalga Arsenalen, Gaizka Larrazabal Boltonen eta Unai Gomez Udinesen.
Aurreko deialdiarekin alderatuta, berritasun ugari daude. Arrasatek estreinakoz deitu ditu Galilea, Argibide, Turrientes, Sancet, Unai Gomez, Osanbela eta Johaneko. Nabarmentzekoa da Arrasateren deialdi guztietan egon direla Aitor Fernandez eta Ander Gebara. Realeko beste bi jokalari ere izango dira San Mamesen, baina Venezuelako selekziokoarekin: Jon Mikel Aramburu eta Yangel Herrera.
Ondorengo hau da euskal selekzioaren deialdia:
Atezainak: Aitor Fernandez (Osasuna) eta Kepa Arrizabalaga (Arsenal).
Atzelariak: Dani Vivian, Hugo Rincon, Johaneko Louis-Jean (Athletic), Einar Galilea (Malaga), Iñigo Argibide (Osasuna), Aihen Muñoz, Igor Zubeldia eta Jon Pacheco (Reala).
Erdilariak: Ander Gebara (Alaves), Mikel Jauregizar (Athletic), Pablo Ibañez (Alaves), Beñat Turrientes (Reala), Asier Osanbela (Osasuna) eta Jon Guridi (Sevilla).
Aurrelariak: Oihan Sancet (Athletic), Kike Barja (Osasuna), Asier Villalibre eta Iñigo Vicente (Racing), Gaizka Larrazabal (Bolton) eta Unai Gomez (Udinese).