Athleticek jokatzeko premia dauka

Hilabete baten ondoren, Athleticek hiru puntu izango ditu jokoan bihar, Valentziaren zelaian. Euritea dago iragarrita, eta bertan behera gera liteke partida. Nico Williams eta Oihan Sancet ez dira egongo jokatzeko moduan.

Athleticeko jokalariak aste honetan Lezaman egindako entrenamendu batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko jokalariak aste honetan Lezaman egindako entrenamendu batean. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2026ko urriaren 16a
15:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete, irailaren 19an, jokatu zuen azkenekoz partida ofizial bat Athleticek. Alavesen aurka neurtu zituen indarrak, San Mamesen, eta hutsean berdindu zuten. Lau aste igaro dira ordutik, eta luze egiten ari zaie itxaronaldia zuri-gorriei. Selekzioen konpromisoak tarteko, hiru asteko etenaldia izan zuten lehenbizi, eta, joan den jardunaldian, hasi orduko bertan behera geratu zen Rayo Vallecanoren aurkako partida, etxeko jarraitzaileek zelaira paperezko hegazkinak eta gomazko pilotak jaurtiz azaldu zutelako Martin Presa presidentearekin duten haserrea. Hortaz, entrenamenduetan landutako guztia praktikan jartzeko aukerarik ez du izan Edin Terzicen taldeak. «Hilabete oso bat jokatu gabe egotea ez da ona taldearentzat, modu horretan ezin baitugu segidarik lortu. Saiatu gara patxadari eusten, baina ez da erraza izan. Jokatzeko premia dugu», aitortu du gaur entrenatzaileak, partida aurreko prentsaurrekoan. Ondo bidean, bihar itzuliko dira lehiara bilbotarrak, Valentziari egingo baitiote bisita (21:00, Movistar).

Ehun egun bete dira Terzicek Athleticen entrenatzaile kargua hartu zuenetik, eta aldaketa batzuk sumatu zaizkio taldeari: esaterako, jokatzeko era aldatu daitekeela aurkariaren arabera, eta erasoko presioa ere garrantzitsua dela. Hots, atzean itxi ohi diren kontrarioen aurrean lehengo lepotik izan dute burua jokalariek, ezina nabaritu zaie eta. Sei partida jokatuta, bi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot izan dituzte bilbotarrek. Dena den, Terzicen esanetan, ez dira partida aski ondorioak ateratzeko «Denboraldi hasieran atzerapenak bihurtu zaizkigu protagonista. Zorte txarra izaten ari gara». Izan ere, Levanteren aurkakoa euritearen ondorioz geratu zen bertan behera azken orduan. Datorren asteazkenean jokatuko dute atzeratutako neurketa hori. Rayo Vallecanoren kontrakoak, berriz, oraindik ez du jokatzeko egunik.

«Aguirre entrenatzaile mitikoa da, eta beti zukua ateratzen dio daukan taldeari. Intentsitate eta erritmo bizian jokatu beharko dugu irabazi nahi badugu» 

EDIN TERZIC Athleticeko entrenatzailea

Bi atzerapen aski ez, eta biharko lehia ere arriskuan dago, alerta horia ezarri baitute Valentzian eta inguruetan euritea dela eta. Begi bat zelaira begira du entrenatzaile alemaniarrak, eta bestea, zerura. «Jakinarazi digute litekeena dela eguraldiak eragina izatea, eta zera eskatzen dut,  aldaketarik izanez gero garaiz jakinarazteko. Espero dugu oraingo honetan zortea alde izatea, jokalariak ezin baitira denbora gehiago egon jokatu gabe».

Maratoiaren hasiera

Behin hasita, ez du etenik izango Athleticen jardunak, 22 egunen buruan sei partida jokatu beharko baititu. Maratoia zain izanagatik, Terzicek Valentziaren aurkakoa soilik du buruan. «Rayo Vallecanoren aurka hamahiru minutuz lehiatu ginen, eta ez zitzaidan batere gustatu egin genuen jokoa. Espero dut beste tenple batekin jokatuko dugula biharko neurketa». Lehia gogorra espero du entrenatzaileak; besteak beste, Javier Aguirre estreinakoz eseriko baita Mestalla zelaiko aulkian. «Aguirre entrenatzaile mitikoa da, eta beti zukua ateratzen dio daukan taldeari. Intentsitate eta erritmo bizian jokatu beharko dugu irabazi nahi badugu».

Taldeari dagokionez, Nico Williams eta Oihan Sancet ez dira deialdian izango, min hartuta baitaude. Azken ordura arte zalantzan egongo da  Aymeric Laporte, baita Alvaro Djalo ere. Izarren lekuak betetzeko, talde izaerari helduko dio Terzicek. Baliteke Christian Imga 17 urteko gazteak debuta egitea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA