Athletic martxan da. Talde zuri-gorriko jokalariek iragan astean egin zituzten mediku azterketak, eta gaur egin dute denboraldiaurreko lehen entrenamendua. Jokalariek Lezamako zelaia zapaldu dute, eta horrekin batera, Javier Lerga, talde zuri-gorriko prestatzaile berria, lehen aginduak ematen hasi da. Hain zuzen ere, hori izan da berritasun nagusia. Hark hartu du taldearen lema. David Aznarrek zuzendu du taldea azken bi denboraldietan, eta, haren bidez, Europarako sailkatzeko borrokan egon da. Helburua hori izango da berriro ere, eta Espainiako Kopan aurrerago iristea. Izan ere, aurreko denboraldian Cacereñok kanporatu zuen Athletic, ezustean, final-zortzirenetan.
Lergak denboraldi baterako kontratua sinatu du. Nafarra hautatzaile lanetan zebilen Espainiako 19 urtez azpiko selekzioan. Horrez gain, Peña Sporten eta Osasunan ere aritu zen teknikari. Entrenamenduaren ostean agerraldia egin du, eta «gustura eta ilusioz» mintzatu da: «Azken urteetan oso lan ona egin dute hemen, multzo gaztea eta lehiakorra daukagu, eta erakutsi du zertarako gai den».
Taldeak «oinarri sendoa» duela nabarmendu du. «Horri segida eman nahi diogu, eta beharrezkoak iruditzen zaizkigun zertzeladak eman». Zertzelada horien artean hauek nabarmendu ditu: «Taldeak bizi jokatzea nahi dugu, erasoari erreparatzea; baloia dugunean protagonista izan nahi dugu. Leku batean baino gehiagotan jokatzen duten jokalariak ditugu, eta testuinguru desberdinetara egokitzen direnak. Hori ere baliatu nahi dugu».
«Taldeak bizi jokatzea nahi dugu, erasoari erreparatzea. Baloia dugunean protagonista izan nahi dugu»
JAVIER LERGAAthleticeko entrenatzailea
Athletic entrenatzea bere ibilbidean «aurrerapauso bat» dela nabarmendu du. «Banuen gogoa klub batean lan egiteko, horrek egunerokoan entrenatzaile izateko aukera ematen baitizu. Leku egokienean nagoela uste dut. Filosofia berezia du klub honek, aurreikuspen handiak ditu, eta bitartekorik onenak jartzen ditu gure eskura. Emakumezkoen futbolaren aldeko apustua argia da hemen, eta eguneroko lanaren bidez horri erantzun nahi diogu nik eta nire lantaldeak».
Irene Ogiza kapitaina ere baikor mintzatu da: «Lan askoko asteak ditugu aurretik, baita ilusio handikoak ere. Pixkanaka elkar ezagutzen joan behar dugu, eta erritmoa hartzen. Horretarako erabakigarriak izango dira eguneroko lana eta lagunarteko partidak. Irrikaz gaude lehiatzen hasteko».
Santana eta Campos
Klub zuri-gorriak bi fitxaketa egin ditu taldea indartzeko: Olatz Santana atezaina eta Ane Campos aurrelaria. Santanak Realean jokatu du orain arte, eta urtebeterako sinatu du, beste bat luzatzeko aukera eta guzti. «Asko eskertzen diet eman didaten aukera; ilusio handiz nago. Azken urteetan ez dut jokatzeko aukera askorik izan, baina eskarmentu handia dut. Taldea hain gaztea izanda, ekarpen hori egin dezaket», esan zuen aurkezpenean. Camposek hitzarmen luzeagoa sinatu du: 2029. urtera artekoa. Eibar utzi, eta elastiko zuri-gorria jantzi du aurrelariak. «Nire helburua hemen dauden jokalariengandik ikastea da, eta gozatzea, kluba ederra baita. Ametsa da San Mamesen jokatzea eta gol bat sartzea». Horrekin batera bigarren taldeko bost jokalarik egingo dute denboraldiaurrea Lergaren aginduetara: Daniela Agotek, Elene Gurtubaik, Ziara Vegak, Leire Balerdik eta Nerea Benitok.
Batzuk etorri eta besteak joan. Hala, izan dira udan talde zuri-gorria utzi duten jokalariak ere. Horien artean hiru izan dira esanguratsuenak: Mariasun Quiñones, Nahikari Garcia eta Marta Unzue. Quiñonesek Turkian jokatuko du hemendik aurrera, Ankarako ABB Fomget taldean. Nahikarik ez du argitu zer asmo duen, eta Marta Unzuek erretiroa hartu du, azken bi urteetan belaunetik osatu ezinik ibili eta gero. Aurreko denboraldian utzita egon ziren jokalariei dagokionez, Eider Aranak 2028ra arte luzatu du kontratua, eta lehen taldean arituko da; Paula Aranak Espanyolekin fitxatu du, eta Eunate Astralaga beste denboraldi batez arituko da utzita Eibarren.
Guztira 26 jokalari aritu dira Lergaren aginduetara lehen lan saioan. Maite Zubieta eta Adriana Nanclares ez dira Lezaman izan, Espainiako selekzioaren Eurokopa jokatzen ari baitira. Talde zuri-gorriak datozen egunetan emango du denboraldiaurrean jokatuko dituen partiden berri. Oraingoz bakarra dago baieztatuta: abuztuaren 16an, Euskal Herria Kopan, Eibarren aurka neurtuko ditu indarrak. Amurrioko Basarte futbol zelaian (Araba) izango da, 16:00etan. Liga, berriz, Teneriferen aurka hasiko du, Lezaman, abuztuko azken asteburuan.