Bi hilabeteren ostean, iritsi da garaipena. Athletic ligan irabazi gabe zen abenduaren 6tik, eta gaur lortu du hiru puntuak San Mamesen geratzea, Levanteri 4-2 irabazita. Zuri-gorriek neurketa ona jokatu dute, eta, 16. minutuan epaileak Alan Matturrori erakutsi dion txartel gorriak lagunduta, kontrolpean izan dute partida une oro.
Lehen zatian, nagusi izan da etxeko taldea. Valverdek ezohiko tokian kokatu du Gorka Guruzeta, Iñaki Williamsen atzetik, eta modu horretan min egin du Athleticek. Williamsek etengabe bilatu du atzelarien bizkarra; horrela izan du lehen gol aukera, eta horrela heldu da Matturro aldageletara bidali duen jokaldia ere. Azken defentsa zen Levantekoa, eta bizkarretik heldu dio Williams anaietan zaharrenari.
Bidea erraztu dio horrek Athletici, eta Guruzetak bi gol egin ditu bost minututan. Lehenengoa buruz, Ruiz de Galarretaren erdiraketa bat aprobetxatuta; bigarrena, Iñakiren beste jokaldi baten ostean. Atsedenaldian pozarren ziren San Mameseko zaleak, aspaldiko partez.
3-0etik 2-1era
Bigarren zatiaren hasieran, hirugarrena sartzeko aukera izan du aurrelari donostiarrak, baina Ryan atezainak eragotzi du hat-trick-a. Abagune gehiago ere izan ditu etxeko taldeak: Iñakik, Nico Williamsek, Nico Serranok...
Baina, ezustean, Elgezabal izan da markagailuan 2-1ekoa ezarri duena, 81. minutuan. Korner baten aldaratzean, gol ikusgarria sartu du Levanteko atzelari bizkaitarrak. Zaleak urduri jartzerako, ordea, lasaitu egin ditu Nico Serranok. Areatik gertu berreskuratu du baloia Athleticek, Seldonek egin du jokaldia, eta Serranok bukatu.Â
93. minutuan, beste euskaldun bat izan da golegilea: Jon Ander Olasagasti, area ertzetik boleaz. Partida ia amaituta zegoen ordurako, baina zuri-gorriek astia izan dute, badaezpada, laugarren gola egiteko. Robert Navarrok sartu du.
Sailkapen nagusian 10. postuan da Athletic, eta garaipenak arnasa apur bat hartzeko balioko dio ligan. Asteazkenean Espainiako Kopako finalerdia jokatu du San Mamesen Realaren kontra.