Athletic 2-1 Reala

Athleticek markagailua irauli eta derbia irabazi du

Jone Amezagak azken minutuetan sartutako golak erabaki du partida. Lezama leporaino bete da.

Jone Amezaga garaipenaren gola ospatzen, gaur, Lezaman. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko urriaren 22a
17:47
Entzun

Harmailak leporaino, emozioa, eta etxeko taldearen garaipena. Denetik izan du gaur eguerdian Lezaman (Bizkaia) Athleticek eta Realak jokatu duten derbiak. Txuri-urdinek aurrea hartu dute markagailuan Nerea Eizagirreren gol bati esker, baina Nahikari Garciaren eta Jone Amezagaren golei esker markagailua irauli dute zuri-gorriek.

Lehen zatia erritmo bizikoa izan da, eta bi taldeek hasieratik izan dituzte gol aukerak. Lehen minutuetan Athleticek gehiago; azken minutuetan, Realak gehiago. Orduan heldu da partidako lehena: 41. minutuan areara bidali du baloi bat Emmak, eta Eizagirrek bultza besterik ez du egin behar izan. Kolpeari, ordea, bikain erantzun diote etxekoek, eta atsedenaldiaren aurretik berdindu dute norgehiagoka. Itxasoren erdiraketa bat bikain errematatu du Nahikarik.

Erritmo makalagoa izan du bigarren zatiak, eta gol aukera gutxiago izan dituzte bi taldeek. Azken minutuetan erabaki da dena. 84.ean Azkonak jokaldi bikaina egin du eskuin hegaletik, arean sartu da, eta haren pasea Amezagak bidali du sareetara. Saiatu da Reala, baina ez du golik egin azken minutuetan.

Lezama goraino bete da gaur; ia 3.000 lagun elkartu dira han seigarren jardunaldiko partida ikusteko. Gaurko garaipenari esker, Athleticek Realari aurrea hartu dio sailkapen nagusian. Zuri-gorriak zortzigarren dira bederatzi punturekin, eta txuri-urdinak hamargarren zazpirekin.

Athletic: QuiƱones; Elexpuru, Nevado (Garazi Facila, 87'), Landaluze (Amezaga, 81), Maddi Torre; Clara Pinedo, Mariana Cerro (Zugasti, 78'), Itxaso Uriarte, Maite Zubieta; Nahikari Garcia eta Ane Azkona.

Reala: Elene Lete; Vanegas, Bernabe, Nahia Aparicio, Emma (Elene Viles, 68'); Franssi (Owusu, 84'), Navarro, Amaiur, Andreia Jacinto, Nerea Eizagirre (Iris Arnaiz, 72') eta Jensen (Mirari Uria, 67').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.