«Athletic Palestinaren alde. Stop genozidioa». Mezu hori zabaldu nahi du Athleticek, eta Palestinari elkartasuna adierazi. Horretarako, ekitaldi bat egingo du bihar, San Mamesen, Mallorcaren aurkako partidan. Honey Thaljieh Palestinako futbol selekzioaren sortzaileetako bat eta kapitain ohia, Euskal Herrian dauden 11 errefuxiatu palestinar eta UNRWA erakundeko zenbait ordezkari zelai erdira aterako dira neurketa hasi aurretik, zaleen babesa jasotzeko. Kluba UNRWArekin lankidetzan ari da, eta «Palestinako errefuxiatuei ematen dien babesa ikusarazi» nahi du.
18:30ean hasiko da partida. Bolada txarrean da Athletic, eta hori etetea du asmo. Ligako azken lau partidetatik hiru galdu ditu, eta bat berdindu. Hau da, jokoan izan dituen azken hamabi puntuetatik soilik bat eskuratu du. Txapeldunen Ligan ere ez dabil fin, galdu egin baititu jokatutako bi neurketak. Azkena, asteazkenean, Borussia Dortmunden kontra (4-1).