Athleticek partida kaskarra jokatu du, eta Real Madril aise nagusitu zaio

Zalantzak piztu dira berriz talde zuri-gorrian, erasoan antzu eta defentsan bigun aritu baita. Real Madril ederki baliatu da horretaz. Larunbatean Atletico Madril hartuko du Athleticek.

Athleticeko Nico Williams eta Jauregizar, Valverderekin lehiatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Athleticeko Nico Williams eta Jauregizar, Valverderekin lehiatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2025eko abenduaren 3a
22:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic ez da lehengoa. Joan den asteburuan Levanteri irabazi ondoren, konfiantza berreskuratua zuten zuri-gorriek Real Madrili aurre egiteko, baina kolpe latza hartu dute gaur San Mamesen. Besteak beste, galdu ez ezik, astindua hartu baitu Ernesto Valverderen taldeak. Egutegiak hala ezarrita, Athleticek goi mailako hiru aurkari jasoko ditu etxean astebeteko epean: Real Madril, Atletico Madril eta PSG. Bada, maratoi hori ongi hastea ezinbesteko baldintza zela aurreratu zuen prentsaurrekoan Valverdek. Taldeari kostako zaio, hortaz, egoera iraultzea. Hasi eta buka, askoz gehiago izan da Real Madril, eta kalitateak agindu du zelaian: 0-3. Partida hobeto aztertu du Xabi Alonsoren taldeak, eta denboraldi honetako zalantzak berriz agertu zaizkie bilbotarrei. Ez dute iragan sasoiko nortasunik erakutsi, eta bai sasoiz eta bai jokoz distirarik gabe aritu dira. 

Hasierako hamaikakoan, zelai erdia indartzeari eman dio lehentasuna Valverdek. Oihan Sancet falta zela eta, zelai erdiko beste jokalari bat ipini du erdi-punta lanetan: Jauregizar. Rego eta Ruiz de Galarretarekin batera, bermeotarrak izan du madrildarren indargunea ahultzeko ardura. Apustuak, ordea, huts egin dio Athleticeko entrenatzaileari. Real Madrilek hobeto analizatu du jokoa, eta hasiera-hasieratik egin du min handia baloi luzeen bidez. Mbappek eta Viniciusek hutsuneak bilatu dituzte Vivian eta Laporteren bizkar aldean, eta bide horretatik iritsi da 0-1ekoa, seigarren minutuan. Arnolden pase eder bat baliatuta, Mbappek goi mailako gola egin du, eta San Mames mutu utzi. Athletic nahi eta ezinean aritu da luzaro, noraezean, eta jokaldi batzuetan intentsitatea ere falta izan zaie jokalariei. 

Partidaren ordu laurdena igarota, bi areetan izan dira gol aukerak.  Etxeko taldeak hobera egin du, eta gutxienez aurkariaren pare jarri da. Bi taldeetako bakar bat ere ez da nagusitu zelai erdian, eta atezainak bilakatu dira protagonista. Besteak beste, Guruzetak eskura izan du gola 25. minutuan, baina Courtoisek aparteko geldiketa egin du. Are geldiketa hobea izan da hurrengoa, Berenguerri egin diona. Nico Williamsek eta Berenguerrek jokaldi dotorea osatu dute area barruan, baina, ezinezkoa zirudien arren, baloia gelditu egin du Real Madrileko atezainak. Unai Simonek, beste horrebeste egin, eta ondo aurre egin dio Viniciusi. 

Gutxienez, hobeto zebilen Athletic, eta mehatxu egiten erasoan. Gertuago zegoen banako berdinketa Real Madrilen bigarren gola baino. Askotan bezala, ordea, madrildarrek jo dute kolpea. Ohituta daude arrastaka jokatzen, eta, atsedenaldiaren atarian, 0-2koa sartu du Camavingak, buruz. Jokaldi distiratsua osatu dute madrildarrek. Punturen bat batzeko, ezinbestekoa zen Athletici beste golik ez sartzea  atsedenaldira bitarte, eta Camavingaren gola sekulako kolpea izan da. 

Areso eta Unai zelaira

Egoera ikusita, Valverdek bi aldaketa egin ditu bigarren zatirako. Areso eta Unai Gomez zelairatu ditu Lekueren eta Galarretaren ordez. Kale edo bale, jarrera erasokorragoa nahi zuen entrenatzaileak lehen minutuetarako. Taldeak nahiko duin erantzun du, baina berriro ere Real Madrilek sartu du gola. Areaz kanpo baloia jaso, eta, jaurtiketa gogor baten bidez, Unai Simonen atea zulatu du Mbappek, 59. minutuan. Goi mailan dihardu aurrelariak, eta San Mamesek txalo ere egin dio jokalariari. 

Behin gol hori sareratuta, astindua are handiagoa ez izatea izan da Athleticen lehentasuna. Jokalaririk garrantzitsuenak zelaitik kendu ditu Valverdek, Atletico Madrilen aurkako partidan pentsatuz. Dena den, jokalariez ez ezik, jokoaz ere badu zer pentsatua entrenatzaileak.

Athletic-Real Madril

Athletic. Unai Simon; Lekue (Areso, 46. min.), Vivian, Laporte, Adama; Rego, Ruiz de Galarreta (Unai Gomez, 46. min.), Jauregizar (Vesga, 68. min.); Berenguer (Nico Serrano, 67. min.), Nico Williams (Selton, 77. min.) eta Guruzeta.

Real Madril. Courtois; Alexander-Arnold (Asencio, 55. min.), Militao, Rudiger, Carreras; Tchouameni, Camavinga (Guler, 68. min.), Valverde; Bellingham, Vinicius (Rodrygo, 77. min.) eta Mbappe (Brahim, 77. min.).

Golak. 0-1: Mbappek (6. min.). 0-2: Camavingak (43. min.). 0-3: Mbappek (58. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.