Athleticek suspertu egin nahi du, eta Realak bolada onean jarraitu

Bi taldeak etxean arituko dira. Zuri-gorriek Getaferen aurka neurtuko dituzte indarrak; Oihan Sancet gabe egingo dute, ez baita garaiz osatu. Txuri urdinek, Yangel Herrera eta Jon Mikel Aramburu deialdian direla, Levanteren kontra jokatuko dute.

Athleticeko jokalariak ostiralean Lezaman egindako entrenamenduan. MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko jokalariak ostiralean Lezaman egindako entrenamenduan. MIGUEL TOÑA / EFE
2026ko urriaren 24a
15:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek eta Realak bihar jokatuko dituzte ligako partidak. Zuri-gorriek Getafe hartuko dute San Mamesen (14:00, DAZN), azken jardunaldietako emaitza txarrei buelta emateko asmoz. Txuri-urdinek, berriz, Levante izango dute aurkari Anoetan (18:30, Movistar+), eta ligan eta Europan lortutako azken garaipenei segida emateko erronka izango dute. Espainiako Lehen Mailako hamargarren jardunaldiko partidak izango dira biak.

Athleticek ez du oraindik bere jokoa sendotzea lortu Edin Terzicen aginduetara. Asteazkenean, gainera, beste kolpe bat hartu zuen: Levanteren aurka 3-1 galdu zuen Valentzian, irailaren 16an euriteengatik bertan behera utzitako partidan. Lehen zatian bi gol jaso zituen bi minutuan, defentsan egindako hutsen ondorioz. Alex Berenguerrek aldea murriztu zuen penaltiz bigarren zatian, baina Aymeric Laporti atera zioten txartel gorriak zaildu egin zuen susperraldia, eta etxekoek hirugarren gola sartu zuten azken txanpan.

Porrot horrek areagotu egin ditu zuri-gorrien arazoak. Aurreko hiru jardunaldietan berdindu egin zuten Alavesen, Elxen eta Valentziaren aurka, eta ligako azken lau partidetan hiru puntu baino ez dituzte eskuratu. Terzicen taldea baloiaren jabe izan da tarte luzeetan, baina zailtasunak ditu nagusitasun hori gol aukera garbietan gauzatzeko. Levanten aurka, gainera, defentsako hutsak gehitu zitzaizkion erasoan erakutsitako eraginkortasun faltari. Bederatzi puntu ditu Athleticek, zortzi partida jokatuta. Terzicek adierazi du ez duela arazorik biharko partida final baten parekoa dela esateko. Hala esan zuen Iñaki Williamsek Levanteren aurkako partidaren ostean: «Talde handi batean zaudenean, hiru partidetan ez baduzu irabaztea lortzen, eta laugarrena galdu egiten baduzu, presioa areagotu egiten da». Onartu du ez daudela nahiko luketen egoeran. «Baina nire lana ez da aitzakiak jartzea, konponbideak topatzea baino, eta horretan ari naiz buru-belarri». Taldeak bere buruan konfiantza gehiago izan behar dela nabarmendu du. 

Getaferen aurka ere hainbat jokalari faltako zaizkio Terzici. Gorka Guruzetak belauneko lotailu gurutzatua hautsi du, eta denboraldi osoan ezingo du jokatu. Oihan Sancet eta Unai Egiluz ere lesionatuta daude, eta Laportek ezin izango du jokatu, asteazkenean txartel gorria ikusi baitzuen. Albiste onena Nico Williamsen itzulera da: Levanteren aurka berragertu zen, giharretako lesio baten ondorioz 22 egun jokatu gabe eman ondoren.

Getafe ere porrot gogor bat jasota iritsiko da San Mamesera. Jose Bordalasek zuzentzen duen taldeak 2-5 galdu zuen ostegunean Luganoren aurka, Konferentzia ligan, nahiz eta bigarren minutuan aurrea hartu. Suitzako taldeak bost gol sartu zizkion, eta Getafek ez zuen ohiko sendotasuna izan defentsan. Bi taldeek, beraz, aste barruan izan duten partida galdu ondoren jokatuko dute elkarren aurka. Aurreko denboraldian Getafek irabazi zituen bien arteko ligako bi partidak.

Reala, erasoan indartsu

Bestelako egoera batean iritsiko da Reala Levanteren aurkako partidara. Pellegrino Matarazzoren taldeak azken bi neurketak irabazi ditu, eta bietan erakutsi du erasoan duen ahalmena. Igandean 2-5 nagusitu zen Malagaren zelaian, eta ostegunean 0-6 irabazi zion Lillestromi Norvegian, Europa ligan. Azken bi partidetan, beraz, hamaika gol sartu ditu. Ligako azken zazpi jardunaldietan, gainera, hamasei puntu eskuratu ditu, bost garaipen, berdinketa bat eta porrot bat pilatuta.

Malagaren aurkako neurketan Mikel Oiartzabalek eta Take Kubok amaiera eman zioten golik sartu gabeko boladari. Eibartarrak bi gol sartu zituen, eta japoniarrak beste bat, denboraldiko lehena. Ostegunean ere Oiatzabal protagonista izan zen: hiru goleko pase eman zituen lehen zatian, eta Realak ordu erdian bideratu zuen garaipena. Sergio Gomezek eta Luka Sucicek bina gol sartu zituzten, eta Orri Oskarssonek eta Arsen Zakharyanek osatu zuten gol-festa. Erasoan erakutsitako eraginkortasunarekin batera hutsean utzi zuen atea, eta aspaldiko partez kontrolpean izan zuen partida.

Osteguneko partida jokatu eta hiru egunera hartuko du Realak Levante. Matarazzok jokalarien minutuak banatu ditu azken neurketetan, eta Norvegian ere bost aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan. Yangel Herrera eta Jon Mikel Aramburu osatu dira, eta Matarazzok deialdian sartu ditu. Beraz, Alvaro Odriozola eta Luken Beitia baino ez zaizkio faltako gaurko partidarako, biak lesionatuta. Aurkaria, berriz, Athletic mendean hartu berritan iritsiko da Anoetara.Garaipen horrek agerian utzi zuen Valentziako taldea gai dela aurkariaren hutsak baliatzeko, bereziki kontraerasoetan. Matarazzok honela aztertu du aurkaria. «Une on eta egonkor batean dago, eta ondo lehiatzen den taldea dela erakutsi du. Badakigu zer datokigun, eta prest gaude. Ezin dugu Levante gutxietsi». Bere taldeaz ere mintzatu da: «Ligan dinamika onean jarratzeko aukera bat bezala ikusten dugu neurketa. Taldea ondo ari da jokatzen, alde horretatik pozik nago. Defentsako lanean aurrerapausoak ematen ari gara, eta bultzatzen jarraitu behar dugu». 

Osasunak astelehenean jokatuko du, Sevillaren kontra. Jagoba Arrasateren bigarren aroa garaipen batekin hasi eta gero, gorritxoek hiru puntua eskuratu nahi dituzte Sadarretik urrun. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA