Futbola

Athleticek Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzea izango du jokoan gaur

Atalantaren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek. Min hartutako jokalarien zerrendara batu dira azken orduan Williams anaiak, Yuri eta Berenguer.

Jauregizar, baloiarekin, PSGren aurkako neurketan, Txapeldunen Ligan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jauregizar, baloiarekin, PSGren aurkako neurketan, Txapeldunen Ligan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kale edo bale. Denboraldi honetan final bat jokatzea zuen amets Athleticek, eta nahi baino lehenago iritsiko zaio finala. Besteak beste, Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzea izango baitu jokoan gaur, Bergamon, Atalantaren zelaian. Irabazi beste erremediorik ez dute izango zuri-gorriek, azken jardunaldira bizirik iritsi nahi badute. Akaso, puntu batek ere balio diezaieke bizirik irauteko helburu horretan, baina, hala balitz, beste emaitza askoren zain geratu beharko lukete. Horregatik, derrigorrez hiru puntuak batu beharrean da Ernesto Valverderen taldea. Txapeldunen Ligako lehen fase luzeak datorren asteazkenean izango du akabera, San Mamesen, Sporting Portugalen aurka, eta partida horrek balioa izan dezan etxeko lanak gaur egiten hasi beharra du Athleticek. Zail ditu kontuak, baina ez ezinezko.

Oraindik ere joan den asteburuan gertaturikoa darabilte buruan jokalari eta jarraitzaileek. Mallorcaren zelaian 3-2 galdu zuten bilbotarrek, eta epailearen lanak nabarmen baldintzatu zuen emaitza. Kolpe latza jaso zuen taldeak, baina okerra litzateke erantzukizun guztia epailearen gain jartzea. Estatistikek ez diote gezurrik. Ligak ematen du eguneroko ogia, eta zuri-gorriek oso zenbaki tristeak daramatzate aspaldian. Ligako lehen hiru partidak jarraian irabazi zituzten, eta eskerrak. Izan ere, hiru lehia horiek kontuan hartuko ez balira, jaisteko postuetan legoke taldea orain. Gaur-gaurkoz, jaitsierak bost puntura ditu Valverderen taldeak; Europan aritzeko sailkapena bermatzen dituzten postuak, berriz, zortzi punturaino urrundu zaizkio.

Alarmaren kolorea gero eta gorriagoa da. Jakina da sasoi osoan bere onera etorri ezinda dagoela taldea, baina are kezkagarriagoa da azken bolada. 2026an, esaterako, soilik hiru partidatan 11 gol jaso dituzte zuri-gorriek: Bartzelonak bost egin zizkion Espainiako Superkopan, Cultural Leonesak hiru Espainiako Kopan, eta Mallorcak beste hiru ligan. Odolusten ari da taldea alde horretatik. Esaterako, iragan sasoiko ligan 29 gol jaso zituen guztira, eta denboraldi honetan 28 baditu jasoak dagoeneko. Ondorioz, hogei partida jokatuta, erdiak galdu ditu: hamar. Sendotasuna falta du multzoak, ordena, eta konfiantza ere bai. Valverdek gutxitan igaro izan ditu halako bolada zailak Athleticen aulkian.

Egoera zailaren ondorioz, arreta osoa ligan jarri beharra dute bilbotarrek, eta gaur galtzeak harekin ekar dezake Txapeldunen Ligari behin betiko agur esatea. Alde batetik, mesederako litzateke. Jokalari garrantzitsuek atseden gehiago izango lukete, fisikoki euren onera etortzen hasiko lirateke, eta, egoeraren krudela ikusita, ez litzateke albiste txarra. Jokatu ezinda hainbat jokalari daude lehendik: Beñat Prados, Yeray Alvarez, Maroan Sannadi, Aymeric Laporte... Horiek aski ez, eta beste lau jokalari faltako ditu Valverdek Atalantaren zelaian: Nico Williams, Iñaki Williams, Yuri Berchiche eta Alex Berenguer. Hortaz, taldea herren helduko da Italiara, eta ez da hori gertatzen zaion lehen aldia. Gauza bera gertatu zitzaion Borussia Dortmunden eta Newcastleren zelaietan. Deialdia harrobiko gazteekin osatu du Valverdek.  

Atalanta, behetik gora

Garbi dago kukuak oker jo diola Athletici, baina esperantza omen da galtzen den azkena, eta 1.500 jarraitzaile zuri-gorri izango dira New Balance Arenako harmailetan. Jokalariek ez dute babesik faltako. Dena den, ezustea emateko zelai gaiztoa da Atalantarena. Denboraldia abiatu zenetik behetik gora egin du Italiako taldeak, eta Raffaele Palladino entrenatzailea da horren erantzule nagusia. Joan den azaroan hartu zuen taldearen ardura, klubak Ivan Juric kargutik kendu baitzuen emaitza txarren ondorioz. Bada, ordutik, suziri baten moduan goraka ari da taldea. Italiako ligan zazpigarren postuan dago, eta Txapeldunen Ligan esku-eskura dauka lehen zortzietan sailkatzeko aukera. Oraintxe bertan bosgarren dago, hamahiru punturekin.

Lehen jardunaldian astindua jaso zuen Atalantak PSG Paris Saint Germainen aurka: 4-0. Ordutik, parean izan dituen ia aurkari guztiak gainditu ditu: Brujas (2-1), Marseilla (0-1), Eintracht Frankfurt (0-3) eta Chelsea (2-1). Beste neurketa berdindu egin zuten, Slavia Pragaren kontra (0-0). Emaitzak alde batera utzita, jokoak egiten du ikusgarri Atalanta. Erritmo itogarria ezartzen dute zelaian jokalariek, presio aurreratua egiten dute, eta erasoan jardutea besterik ez dute buruan. Erraztasun handiz sartzen dituzte golak. Joan den udan Reteguik taldea utzi zuen, Saudi Arabiara joan baitzen. Reteguik 28 gol sartu zituen denboraldi osoan. Orain taldeak ez du golegile nagusirik, baina talde osoak darama ardura hori.

Atalanta-Athletic

Atalanta. Carnessechi; Kolasinac, Djimsiti, Scalvini; Bernasconi, Ederson, De Roon, Zapacosta; Zalewski, De Ketelaere eta Scamacca.

Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Adama Boiro; Rego, Jauregizar; R. Navarro, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.

Epailea. Donny Makkelie (Herbehereak).

Lekua. New Balance Arena (23.439 ikusle).

Ordua. 21:00 (Movistar+).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.