Ostiralean heldu zen Athleticen lehen taldea Guadalajarara (Mexiko). Aireportuan baziren hainbat zale jokalarien zain, baina ikusminik handiena ez zuten sortu Muniainek, Nico Williamsek, Unai Simonek eta konpainiak, baizik Alex Padilla (Zarautz, Gipuzkoa, 2003). Iaz zuri-gorrien bigarren taldean jokatu zuen atezainak Camargokoa du ama (Chihuahua, Mexiko), eta, Zarautzen jaio zen arren, han bizi izan zen zazpi urtez. AEB Ameriketako Estatu Batuetan beste bi urtez bizi ostean itzuli zen Euskal Herrira. Jokalariak, ordea, baditu hainbat senide Mexikon, eta familiak elkartzeko baliatu du parada.
😊 Istorio hunkigarriak.
— Athletic Club (@athletic_eus) July 18, 2023
Alex Padilla eta bere familia, Mexikon bizi dena, pozik ari dira gozatzen atezainaren presentziaz bira honetan.
🇲🇽 Lehoiak bere lehen zazpi urteak eman zituen bertan. Orain, bere familiarekin batera, ametsa zena egia bilakatzen ari da.#AthleticClub 🦠pic.twitter.com/4qqzBdX5sA
Topaketa baliatuta, Athleticek bideo bat argitaratu du. Han, jokalariak eta Iñaki Padillak, aitak —izatez Bergarakoa (Gipuzkoa), baina Zarautzen bizi da—, euskara hutsean azaldu dute bizitzen ari direna. Amak ere, Armida Perezek, egiten ditu hitz batzuk euskaraz. «Bai, ni mexikarra naiz, eta oso harro gaude; amets bat da, izugarria», dio, semearen ondoan.
Padillak iaz ere egin zuen denboraldiaurrea lehen taldearekin, baina aurtengoa berezia dela aitortu du: «Aireportuan, nire senideak ikusi nituenean, horrenbeste sentimendurekin, shock-ean geratu nintzen; oso pozik nago, oso gustura».
Bideoan hunkituen ageri dena, ordea, atezainaren amona da. «Sari zoragarria da, ezta? Nik oso pozik ikusten dut Alex. Zorionekoak gara, egia esan», dio bideoan. Harekin izan dira lau osaba eta hainbat lehengusu. Gehienek sei urte inguru zeramatzaten Alex ikusi gabe, Mexikon izan zen azken alditik. Atezainarentzat «ahaztezina» da senideak elkartuta ikustea, bera Athleticekin jokatzen ari den bitartean.
Athleticen eta Chivasen filosofia
Igandean, Gernikako Arbola garaikurraren itzulerako partida jokatu zuten Athleticek eta Guadalajarako Chivasek. San Mamesen 2-0 irabazi zuten euskaldunek, baina Akron estadioan mexikarrak izan ziren nagusi, kasu horretan ere 2-0. Azkenean, penaltietan, etxekoak hobeak izan ziren, eta haientzat izan zen garaikurra. Kontuan izan behar da denboraldiaurrea hasi berri dagoela Athletic, eta Chivasek, berriz, ligako hiru jardunaldi jokatu dituela jada. Bihar Necaxaren aurka ariko da Ernesto Valverderen taldea.
Athleticek eta Chivasek zuri-gorriz jokatzen dute, baina badute beste gauza bat ere amankomunean: filosofia. Athleticek Euskal Herriko, euskal jatorriko edo euskal harrobiko jokalariekin jokatzen du, eta Chivasek gauza bera egiten du, baina jokalari mexikarrekin. Padillak bi taldeekin jokatzeko aukera du, beraz. Ikusteko dago zein izango den atezainaren ibilbidea etorkizunean; aurten, oraingoz, Athleticen bigarren taldean jokatuko duela dirudi.