Mariasun Quiñones. Realeko jokalaria

«Athleticen mailara hurbiltzen ari garela uste dut»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Denboraldi bikaina egiten ari da Mariasun Quiñones Realeko atezaina (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). «Lehen aldiz atezainen prestatzailea izateak asko lagundu dit», nabarmendu du.

Sei partida erreskadan irabazi ostean, aurreko larunbatean 1-0 galdu zenuten Betisen kontra. Espero ez zenuten porrota izan zen, ezta?

Pena izan zen galtzea. Izan ere, geratzen zaizkigun jardunaldietan oso partida gogorrak ditugu: Athletic, Oiartzun, Atletico Madril... Bat gehiagorekin lasaitu egin ginen, eta ez genuen asmatu. Porrot horrek balio behar digu amorruz zelairatzeko derbian, eta ohikoa dugun intentsitatea berreskuratzeko.

Bi taldeek gorabehera dezente izan dituzue jokoan. Nolako neurketa aurreikusi duzu?

Lezaman jokatu genuenaren antzekoa izango da, lehiatua eta parekatua. Gu orduan bezala aterako gara, gogor eta lehiakor. Oso adi egon beharko dugu lehen minututik. Zelai erditik aurrera kalitate handiko taldea du Athleticek: Erika, Nekane, Maite Oroz... Jokalari erabakigarriak dira. Gainera, talde gisa oso azkar mugitzen dute baloia, eta oso ondo ezagutzen dute elkar. Defentsan ere ondo moldatzen dira, eta teknikoki eta fisikoki oso indartsuak dira. Ate aurrean ere asmatu egin beharko dugu, aukera gutxiko norgehiagoka izango baita. Lasai eta pazientziaz jokatuz gero, gure aukerak izango ditugu.

Azken urteetan berdindu egin al da bi taldeen arteko maila?

Baietz uste dut. Haien mailara hurbiltzen ari gara. Uste dut guk ere kalitate handiko taldea dugula. Realak gustura sentiarazten gaitu, eta, denboraldiz denboraldi, gero eta talde sendoagoa dugu.

Atletico Madril, Bartzelona eta Valentzia lehen hiru sailkatuen atzetik, gol gutxien jaso duen taldea zarete, 27rekin. Pozik egongo zara horrekin.

Bai, oso pozik nago. Datua oso adierazgarria eta positiboa da. Baina, niretzat ez ezik, talde osoarentzat da ona.

Estreinakoz atezainen prestatzailea izateak izan al du zerikusirik horretan?

Atezain postua berezia da, eta asko eskertu dut prestatzaile propioa izatea: atepeko lan zehatzagoa egiteko, aurkarien jokalariak ezagutzeko, hutsegiteak aztertzeko... Asko hobetu dut atezain prestatzailea izateari esker.

Zertan hobetu duzu?

Alor guztietan, baina batez ere baloia oinekin jokatzeko orduan. Gure joko molderako oso garrantzitsua da hori, entrenatzaileari baloia atzetik mugitzen hastea gustatzen baitzaio.

Realak bi urterako luzatu dizu kontratua. Horrek lasaitasun handia emango zizun.

Klubak konfiantza handia erakutsi du nigan, eta nik haiengan. Hemen oso gustura nago, eta hemen jarraitu nahi dut jokalari moduan hazten. Taldeko beste jokalari batzuek ere luzatu dute kontratua, eta horrek taldea sendotzeko balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.