Athletici buruhauste bihurtu zaio golak sartzeko ezina

Defentsan zorrotz jardun arren, erasoko jokoan gabezia handiak ditu talde zuri-gorriak: zazpi gol soilik egin ditu orain arte. Gorka Guruzetaren lesio larriaren ondoren, beste jokalari batzuen ordua iritsi da.

Iñaki Williams erremate bat egiten, larunbatean Valentziaren aurka jokatutako partidan. MANUEL BRUEQUE / EFE
Iñaki Williams erremate bat egiten, larunbatean Valentziaren aurka jokatutako partidan. MANUEL BRUEQUE / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futboleko sailkapen orokorrek ez dute zenbaki askorik izaten, baina, kasu batzuetan, informazio dezente eman ohi dute. Athletici begiratu besterik ez dago, interpretazio erraza egin daiteke-eta datuei begiratuta. Ligako bederatzi jardunaldi igaroak diren arren, bi partida gutxiago dituzte zuri-gorriek, bertan behera geratu zaizkielako Levanteren eta Rayo Vallecanoren aurkakoak. Bada, zazpi jardunalditan, bederatzi puntu eskuratu ditu Edin Terzicek zuzentzen duen taldeak, baina badute zer hausnartu egindako eta jasotako gol kopuruei dagokienez. Besteak beste, Athletici sartu diote gol gutxien: sei besterik ez. Unai Simonek egindako lan distiratsua dago datu horien atzean. Txanponaren beste aldean, erasoko jokoaren gabeziak ageri dira. Zazpi gol baino ez dituzte sartu bilbotarrek, eta ligako talderik eskasenetakoa dira alde horretatik. Azkenekoz irailaren 12an sartu zuten gol bat, Elxi, hain justu; Victor Chust jokalariak sartu zuen. Zerbaiten seinale da hori.

Lehengo lepotik du burua Athleticek, zailtasun handiak baititu gola sartzeko. Iragan sasoian ere, zazpi jardunaldi igarota, zazpi gol zeramatzan artean Ernesto Valverdek zuzentzen zuen taldeak. Oraingoz, Terzicen etorrerak ez du konponbiderik ekarri. Zertzelada berriak eman dizkio jokoari teknikari alemaniarrak; batez ere baloia atzetik ateratzeko garaian suma daitezke aldaketak. Baloia oinetan izanda, agintari aritu dira zuri-gorriak, eta erraz iritsi dira aurkarien area ingurura. Hots, ezina nabaritu zaie zelaiaren hiru laurdenetatik aurrera. Zehaztasuna, argitasuna eta kalitatea falta izan zaizkie. Jokoan izandako nagusitasunari ez diete zukurik atera. Gainera, goitik behera egin dute nabarmen. Hirugarren eta laugarren jardunaldietan duin aritu ziren, hurrenez hurren Celtaren eta Atletico Madrilen aurka. Irabazi egin zituzten bi neurketak: 0-2 eta 3-0. Azken partidetan, ordea, hutsaren hurrengoa izan da haien erasoa. Kezkati agertu da Terzic bera ere, eta plan berri bat martxan jarri beharko du erasoari begira.

Lesioen erruz, halabeharrez iritsi beharko du plan aldaketak. Nico Williamsek eta Oihan Sancetek arazo fisikoak izan dituzte azken asteotan; hori aski ez, eta sekulako kolpea izan da Gorka Guruzetaren lesio larria. Ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen aurrelariak joan den larunbatean, Valentziaren zelaian, eta ezin jokatuko du gehiago sasoi honetan. Hortaz, erasoan zeukan arazoa buruhauste bihurtu zaio Terzici. Orain arte 183 minutu zituen jokatuak donostiarrak, eta ez zuen aterik zulatu. Dena den, golari begira berme gehien eskaintzen zuen jokalaria huraxe zuen entrenatzaileak. Azken denboraldietako estatistikei erreparatu besterik ez dago. Iragan sasoian, urrutira joan gabe, hamasei gol egin zituen aurrelariak, horietatik bost Txapeldunen Ligan. Orain bi denboraldi zortzi gol egin zituen, eta orain dela hiru, hamazazpi. Orain, haren hutsunea betetzea izango da Terzicen erronka nagusia. Iñaki Williamsek eta Maroan Sannadik aurrerapausoa eman beharko dute. Orain arte ez dute gol bakar bat ere sartu bien artean. Lezamako harrobiari begiratzea izango da beste aukera.

Orain arte ikusitakoaren arabera, Terzicek konfiantza handia du Williams anaietan zaharrenarekin. Guztira 480 minutu jokatu ditu kapitainak, horietatik gehienak aurrelari postuan, baina ez du lan onik egin. Abiaduraz ez da lehengo jokalaria, eta teknikoki ere gabezia handiak ditu. Gola sartzea asko kostatzen zaio, baita horretarako aukerak sortzea ere. Defentsa atzean utzita lasterka egiteko aukerarik ez badu, asko mugatzen da bere jarduna. Nahi eta ezin hori ez da oraingo kontua. Azken 39 partidak kontuan hartuta, soilik lau gol egin ditu. Kilometro asko ditu oinetan, eta, teknikari alemaniarra temati dagoen arren, badirudi konponbidea ez dela Williams aurrelari postuan jartzea. Eskuin hegalean jokatuta erosoago sentitzen da, baina Robert Navarrok kendu dio postua. Hura da taldeko golegile onena, bi gol baitaramatza.

Maroan, erabat osatuta

Ondo bidean, Maroanek askoz minutu gehiago jokatuko du aurrerantzean. Orain arte soilik 91 minutuz aritu da, eta, golik egin ez badu ere, itxura txukuna eman du. Guruzetaren ordez zelairatu zen Valentzian, eta taldeak eskertu zuen haren ekarpena. Izugarri behartu zituen aurkariak, eta arnasa eman zion taldeko jokoari. Zuzendaritzak Barakaldotik fitxatu zuenetik, guztira 37 partida ofizial jokatu ditu Athleticekin, eta bi gol besterik ez ditu sartu. Hori bai, belaunean lesio gaiztoa izan zuen iragan sasoian, eta horrek asko zaildu zion bidea. Badirudi erabat osatu dela, eta prest dago erronkari aurre egiteko. Esaterako, Euskal Herria Txapelaren finalean, bere gol batek eman zien titulua zuri-gorriei, Realaren aurka, Anoetan.

Lehen taldeko jokalariez gain, Lezamari begiratzea da Terzicek duen beste aukera. Lehen egunetik aitortu izan du erabateko konfiantza duela harrobian, eta «kontrolpean» ditu gazteak. Itxaropen handia dute Manex Lozano jokalariarekin, baina min hartuta dago. Racingek utzita jardun zuen joan den denboraldian, eta lotailu gurutzatua hautsi zuen hark ere. Azaro bukaeran has daiteke berriz jokatzen, baina luzera begirako konponbidea litzateke hori. Neguko merkatuan aurrelariren bat fitxatzea ere ez du baztertzen zuzendaritzak. Borja Sainz Portoko aurrelariaren izena dute mahai gainean.

Athleticek levanteren zelaian jokatuko du gaur

Athleticek gaur jokatuko du ligan atzeratu zioten bi partidetako bat, Levanteren aurkakoa (20:00, Movistar Plus). Irailaren 16an zen jokatzekoa neurketa, baina bertan behera geratu zen Valentzian egindako euriagatik. Levante hamazazpigarren tokian dago sailkapenean, zazpi punturekin. Beheko postuetan egon arren, Edin Terzic ez da fio: «Intentsitate eta emozio handiko partida espero dugu, larunbatean Valentziaren aurka bezala. Oso argi dute nola jokatu behar duten, eta presio handia egiten diote aurkariari». 
Talde zuri-gorriak egutegi betea izango du datozen asteetan, Espainiako Kopa ere lehiatzen hasiko baita. Gainera, Rayoren aurka atzeratu zioten norgehiagoka ere jokatu beharko dute: «Partida asko izango ditugu, eta emaitzak lortu beharrean gaude. Baina taldea prest ikusten dut». 

Guruzetaren lesioa kolpea izan dela onartu du: «Oso triste gaude. Baina haren ondoan izango gara. Gorka pertsona baikorra da, eta horrek lagundu egingo dio». Sancetek beste astebete beharko du osatzeko, eta Nico Williams deialdian dago. Baina ikusteko dago zenbateraino lagundu dezakeen.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA