Aurpegi berriak ikusi dira gaur Lezaman eta Ibaian. Athleticek eta Alavesek gaur hasi dute denboraldiaurrea. Astelehenean eta asteartean mediku probak egin zituzten jokalariek, eta gaur hasi dira zelaian lanean. Athleticen beste aro bat hasi da, Edin Terzicena. Taldeak Europako postuetara itzuli nahi du, eta aldaketak egin dituzte horretarako. Alavesek jarraipena eman nahi dio aurreko denboraldian Quique Sanchez Flores entrenatzaileak hasitako lanari, eta mailari estutasunik gabe eustea izango du helburu.
Aldaketarik handiena aulkian izan du Athleticek, Edin Terzicek Ernesto Valverde ordezkatuko baitu aurtengo denboraldian. Alemaniako entrenatzaile horrek Athletic entrenatzea «ohore bat» dela esan zuen atzo, bere aurkezpenean. Joan den denboraldian taldeak emandako itxura txarra hobetzeko asmoz dator Terzic. Ibilbide oparoa izan du orain arte. Borussia Dortmundekin Alemaniako Kopa eta Superkopa irabazitakoa da; gainera, Txapeldunen Ligako finalera iristea lortu zuen Alemaniako talde horrekin. Badaki zer den goi mailako partidak jokatzea, eta talde zuri-gorriari ondo etorriko zaio hori. Aurkezpenean, esan zuen Athleticen eskaintza iritsi zitzaionean ez zuela zalantzarik izan: «Behin aukera iritsi zitzaidanean, berehala jakin nuen honen guztiaren parte izan nahi nuela». Gainera, azaldu zuen nola nahi duen taldeak jokatzea: «Bai defentsako bai erasoko lanak menderatu behar ditugu. Erasoan baikor aritu behar dugu, jokalariek euren talentua erakutsi dezaten; defentsan, berriz, oso ezkor, euren mentalitatea erakuts dezaten». Zaleak ere gustura egotea nahi du: «Zaleen aurpegian poza ikusi nahi dut estadioan sartzen direnean eta alde egiten dutenean».
Jokalari multzoan aldaketa gutxi espero dira, eta Terzicek berak esan du hala izango dela: «Ez dugu fitxaketen inguruan hitz egin». Hala ere, jokalari batzuk joan egingo dira. Lehenengoa Unai Gomez izan da: Italiako Udinese taldera joan da, eta 2031 arte sinatu du talde berriarekin. Bermeoko jokalariak 117 partida jokatu ditu talde zuri-gorriarekin, eta sei gol sartu ditu. Unai Vencedor da taldea uzteko aukera asko dituzten jokalarietako beste bat, Terzicek ez baitio deitu denboraldiaurrea egiteko. Iñigo Lekuek erretiroa hartu zuen joan den denboraldiaren amaieran, eta ez da Terzicen agindupean egongo. Joan den denboraldian utzita ibili ziren bost jokalarik —Alvaro Djalok, Julen Agirrezabalak, Hugo Rinconek, Peio Canalesek eta Beñat Gerenabarrenak— Athleticekin egingo dute denboraldiaurrea. Bestalde, Yuri Berchichek eta Alejandro Regok kontratua berritu dute, lehenak 2027 arte, eta bigarrenak 2030 arte.Â
Munduko Kopa dela eta, lehen egunean ezin izan dira Terzicen aginduetara egon Unai Simon, Aymeric Laporte eta Iñaki eta Nico Williams anaiak; ezta Unai Egiluz eta Andoni Gorosabel ere, min hartuta baitaude. Horregatik, bigarren taldeko bost jokalari deitu ditu entrenatzaileak denboraldiaurrean aritzeko: Mikel Santos, Johaneko Louis-Jean, Iker Monreal, Selton Sanchez eta Elijah Gift. Pentsatzekoa da Terzicekin Lezamako jokalariak garrantzitsuak izango direla, hala esan baitzuen prestatzaileak: «Gure erronkei aurre egiteko lehen erantzuna Lezaman bilatu behar dugu beti».
Denboraldiaurrean sei partida jokatuko ditu Athleticek: Derio, Leioa, Sestao River, Eibar, Racing eta Burgos izango ditu aurkari. Athletic abuztuaren 15eko asteburuan jokatzekoa zen Ligako lehen partida, Bartzelonaren aurka, Camp Noun, baina, bi taldeetako hainbat jokalari Munduko Kopa jokatzen ari direnez, astebete atzeratuko da neurketa hori.

Aldaketa gutxi Gasteizen
Aldaketa gutxi egon dira Alavesen lehen entrenamenduan. Aurreko denboraldiaren amaieran iritsi zen Quique Sanchez Flores entrenatzailea taldera, martxoaren 3an, River Plate taldeak Eduardo Coudet fitxatu eta gero. Hamabi jardunaldi falta zirela iritsi zen, taldea jaitsiera postuetatik hiru puntura zegoenean. Denboraldi amaieran, helburua bete zuen: taldea beste denboraldi batez Lehen Mailan egotea. Oraingoan, taldea hasieratik moldatzeko aukera izango du Sanchez Floresek. Jose Luis Oltra edukiko du alboan, bigarren entrenatzaile moduan. Oltra Huescan aritu zen joan den sasoian, eta ibilbide luzeko entrenatzailea da.Â
Jokalarien multzoan aldaketa batzuk egon dira. Taldea utzi duten jokalarien artean garrantzitsuenetako bat Jon Guridi izan da. Nahiz eta Alavesek aukera eman zion kontratua luzatzeko, Sevillak eskainitakoa sinatu zuen azpeitiarrak. Raul Fernandez atezainak ere ez du jarraituko taldean, kontratua bukatu baitzaio. Pentsatzekoa da beste jokalari batzuek ere utziko dutela taldea; izan ere, Nikola Marasek, Unai Roperok, Tomas Mendesek eta Adrian Picak ez dute denboraldiaurrea hasi Sanchez Floresen aginduetara. Bestalde, Calebe Gonçalves, Jon Pacheco eta Ibrahim Diabate, hirurak ere joan den denboraldian utzita ibilitakoak, beren taldeetara itzuli dira. Ville Koski, aldiz, ez, Alavesek fitxatu egin baitu. 2031 arteko kontratua sinatu du atzelari finlandiarrak.
Denboraldiaurrea hasi aurretik, bi jokalarik berritu dute kontratua: Carlos Benavidezek 2028 arte, eta Aitor Mañasek 2030 arte. Hain zuzen, fitxaketen inguruan zera esan zuen Sergio Fernandez kirol zuzendariak denboraldiaren amaierako balorazioa egiteko agerraldian: «Postu guztietan egingo ditugu fitxaketak, eta hazteko aukera ematen digun jokalaririk ez saltzea da gure asmoa». Baina litekeena da Toni Martinezek, Lucas Boyek, Victor Parada eta beste jokalariren batek eskaintzak izatea. Atzelaria fitxatu nahi du Spartak Mosku taldeak besteak beste, eta talde gasteiztarrak bost milioi euro nahi ditu jokalaria saltzeko. Oraingoz, ez da jokalaririk iritsi Gasteizera.
Denboraldiaurrea 30 jokalarirekin hasi du Sanchez Floresek. Tartean daude bigarren taldeko sei jokalari: Alvaro Garcia, Izei Hernandez, Carlos Ballestero, Xanet Olaiz, Ander Varona eta Greg Swiderski. Arabako taldeak guztira lau partida jokatuko ditu liga hasi aurretik: Eibarren, Gironaren, Castelloren eta Racingen kontra ariko da. Gainera, egonaldia egingo du Gironan, uztailaren 22tik abuztuaren 1era. Ligako lehen partida Getaferen aurka jokatuko dute. Mendizorrotzan izango da, abuztuaren 15eko asteburuan.
ATHLETICEN LAGUNARTEKO PARTIDAK
Athletic-Derio (uztailaren 15ean, Portugaleteko La Florida zelaian, 19:30ean)
Athletic-Leioa (uztailaren 18an, Leioako Jose Ignazio Azkueta zelaian, 19:30ean)
Athletic-Sestao River (uztailaren 22an, Sestaoko Las Llanas zelaian, 19:30ean)
Athletic-Eibar (uztailaren 25ean, Zamudioko Gazituaga zelaian, 19:00etan)
Athletic-Racing (uztailaren 29an, Laredoko San Lorenzo zelaian, 19:00etan)
Athletic-Burgos (abuztuaren 1ean, Burgosko El Plantio zelaian, 19:00etan)
Â
ALAVESEN LAGUNARTEKO PARTIDAK
Alaves-Eibar (uztailaren 18an, Guardiako Oscar de Marcos zelaian, 19:00etan)
Alaves-Girona (uztailaren 25ean, Vall d'en Baseko Royalverd entrenamendu zentroan, 10:30ean)
Alaves-Castello (uztailaren 31n, Olot herriko zelaian, ordua zehazteko)
Alaves-Racing (abuztuaren 7an, Santanderko El Sardinero zelaian, 19:00ean)