Osasunak beste kolpe bat jaso du Atletico Madrilen aurka 4-0 galduta

Gorritxoek bigun jardun dute beste behin defentsan, eta garesti ordaindu dituzte egindako akatsak. Epaileak baliorik gabe utzi du Argibideren gol bat, ustez aurrez Torrok falta egin duelako, eta Ramisek zortzi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan.

Osasunako jokalariak Atletico Madrileko Jonathan Davidi baloia kendu nahian. JUANJO MARTIN / EFE
Osasunako jokalariak Atletico Madrileko Jonathan Davidi baloia kendu nahian. JUANJO MARTIN / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 16a
22:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorabeheratsuak izan dira azken egunak Osasunan, Braulio Vazquez kirol zuzendariak Valentziara joatea erabaki ostean. Ezustea bulegoetan, eta iraultza zelaian. Horixe Luis Miguel Ramisek gaur Atletico Madrilen aurka hasierako hamaikakoan egin duena, larunbatean Espanyolen aurka ateratakoarekin alderatuz zortzi aldaketa egin baititu. Apustua, ordea, ez zaio ondo atera, 4-0 galdu baitu. Egia da 1-0ekoarekin epaileak erabaki eztabaidagarri bat hartu duela: baliorik gabe utzi du balekoa zirudien Argibideren gol bat. Baina bigarren zatiaren lehen erdian etxekoek beste bi aldiz zulatu dute gorritxoen atea, eta erabakita utzi dute partida. Eta neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela biribildu dute neurketa, laugarrena sartuta. Azken hiru partidetan 11 gol jaso ditu Osasunak, eta gaurkoan ere arazo asko izan ditu defentsan. Bigun jardun dute beste behin, eta akatsak egin dituzte zaintzetan. Gainera, Atletico Madrileko erdilariek eta aurrelariek min handia egin diote lerro artean. 

Ramisek hasierako hamaikakoan egin dituen aldaketen artean esanguratsuena atekoa izan da: Aitor Fernandezek jokatu du, Sergio Herreraren ordez. Bestalde, lehen taldearekin debuta egin du Unai Santos harrobiko jokalariak. Argibide izan zen gorenean debuta egin zuen Taxoareko azken jokalaria, 2024ko otsailean. Aulkian geratu dira Ruben Garcia, Iker Muñoz, Moncayola eta Budimir, besteak beste. 

Osasuna atzean kokatu da hasieratik, eta Atletico Madrilen esku utzi du jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza. Ez zuen nahi lehen minutuetan golik jasotzerik. Baina etxekoek bi aukera on izan dituzte aurretik jartzeko. Dena den, aurrenekoan Lookmanek kanpora bidali du baloia buruz; bigarrenean, berriz, Kang-in Leek erremate ona egin du, baina Aitor Fernandezek ondo aldendu du baloia. 

Hala ere, bi abagune horiek baino argiagoa izan da Raul Garcia de Harok izan duena, Osasunari abantaila emateko. Morok pase bikaina eman dio, eta aurrelaria buruz buru geratu da Oblaken aurrean. Atezainak, ordea, gelditu bikaina egin dio. Osasunak atzean sartuta jarraitu du. Etxekoek zelai erditik gora asko mugitzen diren jokalariak dituzte, eta horrek zaildu egiten du haiek zaintzea. Hala, 24. minutuan, Kokek pase ona eman dio sakonean Grimaldori. Hegalekoa ia ondoko marrara iritsi da; atzera eman du pasea, eta Jonathan Davidek errematatu du. Aurreneko ahaleginean Aitor Fernandezek gelditu bikaina egin dio, baina aldaratzea aurrelariari iritsi zaio, eta oraingoan sarean sartu du baloia. 

Osasunak ahalegina egin behar zuen atsedenaldia baino lehen berdinketa lortzeko, eta lortu du. Argibidek zulatu du Oblaken atea. Baina epaileak baliorik gabe utzi du gola. Torrok buruz jo du baloia Argibideren errematea baino lehen, eta epaileak adierazi du jokaldi horretan erdilariak Le Normandi falta egin diola. Oso eztabaidagarria izan da erabakia. 30. minutua zen. 

Osasunak aurrerapauso bat eman du defentsan lehen zatiaren azken txanpan. Ez da hain atzean kokatu, eta baloiarekin hobeto aritu da. Arriskua hartu beharra zuen. Baina aldi berean horrek aukera eman dio Atletico Madrili kontraerasoan min egiteko. Hala, hiruzpalau aukera on izan ditu aldea areagotzeko, argiena, 42. minutuan. Baina Aitor Fernandez agertu da berriro ere. Bi geldiketa erabakigarri egin ditu; bat Kang-in Leeri, eta beste Jonathan Davidi. 

Maldan gora

Bigarren zati hasieran adi egon beharra zuen Osasunak, beste gol bat ez jasotzeko eta partidan sartuta segitzeko. Baina ez du lortu. Hamar minutuko tartean bi sartu ditu etxeko taldeak: 53. minutuan, Kang-in Leek, erremate gurutzatu batekin, eta 64. minutuan, Le Normandek, korner batean. Gorritxoak berriro ere bigun aritu dira defentsan, batez ere bigarren golaren jokaldian. 

3-0ekoarekin maldan gora jarri zaio neurketa Osasunari. Etxekoak nagusi ziren, partida kontrolpean izan dute, eta  kontraerasoan laugarrena sartzen saiatu dira. Hasieran ez dute lortu; besteak beste, Aitor Fernandezen lan onari esker. Lau gol jaso arren, hura izan da partidako jokalaririk onena Osasunan. Azkenerako, ordea, Baenak etxekoen laugarrena sartu du, Cardosorekin lotutako jokaldi on baten ostean. Sufrikarioa izan dira azken minutuak gorritxoentzat. 

Hirugarren partida galdu dute segidan gorritxoek, baina burua jaso, eta larunbatean Rayoren bisita izango dute Sadarren. Irabazi beharreko partida, sasoiko lehen etenera are zalantza gehiagorekin ez joateko.

Atletico Madril-Osasuna

Atletico Madrid: Oblak; Llorente, Cuti Romero (Arnau Ortiz, 67. min), Le Normand, Grimaldo (Hancko, 82. min); Cardoso (Hjulmnad, 82. min), Koke; Kang-In Lee, Baena, Lookman (Pubill, 67. min); Jonathan David (Simeone, 67. min)

Osasuna: Aitor Fernandez; Argibide (Moncayola, 70. min), Yeboah, Boyomo, Unai Santos, Abel Bretones; Dubasin (Kike Barja, 59. min), Lucas Torro, Osambela (Del Castillo, 74. min), Raul Moro (Ruben Garcia, 59. min); Raul Garcia de Haro (Budimir, 59. min).

Golak: 1-0: Jonathan Davidek (24. min). 2-0: Kang-In Leek (53. min). 3-0: Le Normandek (64. min). 4.0: Baenak (82. min).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA