Atsedenik gabeko uda izango dute Adoseko pilotariek

Hiru txapelketa antolatu dituzte: San Fermin torneoa, Plazaz Plaza eta Udara Caixabank Mastersa. Horiek antolatzeko egin behar izaten duten lana nabarmendu du Maite Ruiz de Larramendik.

Maite Ruiz de Larramendi Labrit pilotalekuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Maite Ruiz de Larramendi Labrit pilotalekuan. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko ekainaren 21a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Maite Ruiz de Larramendi (Beasain, Gipuzkoa, 1973), Ados Pilota klubeko pilotari eta sortzaileetako bat, oso lanpetuta dabil uda atari honetan. Klubak hainbat txapelketa eta jaialdi antolatu ditu datozen asteetarako: San Fermin torneoa, Plazaz Plaza txapelketa eta Udara Caixabank Mastersa. «Lan eta ardura handia eskatzen du hori guztia antolatzeak, eta jendeak ez du lan hori ikusten. Baina oso pozik eta zoriontsu gaude, egia esanda», nabarmendu du.

Udan ez ezik, urte osoan zehar ere antolatzen dituzte txapelketak. Berriki amaitu da Bertso Pilota Txapelketa. Ekainaren 8an jokatu zen finala, eta beste behin elkar elikatzen duten bi mundu uztartzea lortu dute: bertsoa eta pilota. Mitxoletak taldea gailendu zen. Leire Oskoz, Amaia Arrastia eta Ainhoa Ruiz de Infante pilotariek osatu zuten taldea; bertsolari lanetan, berriz, Angel Mari Peñagarikano aritu zen. Ruiz de Larramendik nabarmendu du oso txapelketa «parekatua» izan zela: «Hasieran hain faborito ez zen hirukoteak lortu zuen txapela janztea; faboritoak, berriz, kanpoan geratu ziren. Botileroek asko disfrutatu ohi dute txapelketa honetan, eta pilotariek ere bai, noski. Ederki atera zen guztia». 

Txapelketa berezia izan da aurtengoa, eta txapelketak hemendik aurrera izango duen izena ere halakoa izango da: Etxeko-ren Oroimenezkoa. Txapelketari izen hori jarrita, Naroa Elizalde Etxekolonea omendu nahi izan dute. Elizalde otsailean zendu zen. Ruiz de Larramendik azaldu du Bertso Pilota Txapelketa zela hark gehien disfrutatzen zuena, bertsoak «ikaragarri» gustatzen baitzitzaizkion. «Emandako pilotakada bakoitzean oroitzen gara harekin. Betirako izango dugu bihotzean».

San Fermin torneoa, berriz, herenegun hasi zen. Gaur jaialdia izango dute Cortesen, eta bihar Ubiden. Lau eta erdian eta binaka arituko dira aurten ere. Txapelketak berritasun nagusi bat izango du: binakako txapelketan, aurrera egiten ez duten bikoteek bigarren aukera izango dute txapelketan jarraitzeko.

Ostegunean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zituzten lau eta erdiko lehen partidak, eta finalak ere bertan jokatuko dituzte: uztailaren 5ean lau eta erdikoa, eta uztailaren 11n binakakoa. «Guretzat oso berezia da San Fermin torneoa jokatzea».

Uztailaren 5eko jaialdian, lau eta erdiko finalaz gain, binakako partida bat ere jokatuko dute. Jaialdi hori Adacen elkarteari laguntzeko ere baliatuko dute. Adacen garunean kalteak dituztenei eta haien senideei laguntzen dien Nafarroako elkarte bat da. Uztailaren 5eko jaialdian haien lana aitortu, eta elkarteari laguntzeko «hondar alea» jarri nahi dute. Sarrerek 10 euro balioko dute, eta bildutako dirua elkartearentzat izango da. 

Halako txapelketak antolatzea «pozgarria» dela berretsi du. «Baina prozesua oso gogorra izaten da: lan asko egin behar izaten dugu». Antolakuntza guztia Ados Pilotako arduradunen esku egoten da. «Partiden zuzeneko emankizuna ere guk egiten dugu. Nik ez ditut imajinatzen gizonezko pilotari profesionalak beren partidak grabatzen zuzenean eman ahal izateko. Hori noizbait aldatuko dela espero dugu».

San Fermin torneoa bukatu ostean, beste bi txapelketa izango dituzte aurretik: Plazaz Plaza eta Udara Caixabank Mastersa. Plazaz Plaza torneoa duela lau urte hasi ziren antolatzen. «Pandemia garaia zen, eta aire zabalean zeuden frontoietan jokatzen hasi ginen, emakumea pilota munduan ere ikus zedin». Aurten ere txapelketa horrekin jarraituko dute: «Euskal Herriko hainbat txokotako frontoi irekietan pilotan jokatzen dugu, eta ederra da».

Horren ondoren, Udara Caixabank txapelketaren txanda izango da. Udako jaialdi bakoitzak «bere xarma» izaten duela aitortu du Ruiz de Larramendik, eta eguraldiak ere laguntzen duela: «Ez du neguan frontoietan egiten duen hotz hori egiten, eta festa giro handiagoa egoten da». Hiru txapelketa horiekin uda osoko egutegia bermatzen diete pilotariei, urte osoan egiten duten moduan.

Erronka ugari aurretik

Emakumezkoen pilota duela urte batzuk baino «hobeto» dagoen arren, oraindik ere «lanean» jarraitu beharra dagoela esan du Ruiz de Larramendik. Hainbat erronkarekin egin ohi dute topo txapelketak antolatzeko orduan. Batetik, txapelketetarako bikoteak eta egutegiak osatzea: «Ahalik eta parekatuenak izatea saiatzen gara, ikuskizun on bat eskaintzeko». Bestetik, publikoa erakarri behar izaten dute. «Guk ahal dugun guztia egiten dugu jendea erakartzeko, baina dena ez dago gure esku».

Jendearengana heltzeko gako nagusia «gizonezkoen oihartzun bera» edukitzea dela nabarmendu du Ruiz de Larramendik: «Hedabideen lana behar-beharrezkoa da guretzat. 2025. urtean gaude, eta jendeak hauxe galdetzen digu oraindik ere: 'Zuek ere jokatzen duzue?'. Horrek aldatu egin behar du». Lana «lepotik» eginda, emaitzak ikusten ari direla gaineratu du, nahiz eta gustatuko litzaiokeen ematen ari diren pausoak «azkarragoak» izatea.

«Partiden zuzeneko emankizuna ere guk egiten dugu. Nik ez ditut imajinatzen gizonezko pilotari profesionalak beren partidak grabatzen zuzenean eman ahal izateko»

 MAITE RUIZ DE LARRAMENDIAdoseko pilotari eta ordezkaria

Ados Pilotak etorkizunerako dituen helburuez galdetuta, argi izan du: «Orain arteko bideari jarraitzea da gure erronka nagusia». Etorkizuneko pilotariak trebatzeko pilota eskolei eustea ere «garrantzitsua» dela esan du. Horrez gain, emakumezko pilotari guztien baldintzak «hobetu» nahi dituzte, hurrengo belaunaldiek «etorkizun duin bat» izan dezaten.

Ruiz de Larramendik honako gomendio hau eman nahi izan die urrunera iristeko ametsa daukaten emakumezko pilotariei: «Jarraitu diezaiotela amets horri. Proba dezatela pilotan jokatzen eskoletan, ikus dezatela pilota.... Orain guk baino errazagoa daukate bidea. Benetan nahi badute, eta guk ere lortu bagenuen, lan asko eginez lortuko dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.