Ricardo Uriz. Lagun Aro GBC taldeko jokalaria

«Atsekabea ilusio bilakatu nahi nuke»

Ez da giro Donostian. Haserre daude zaleak taldearen lanarekin, eta kritiko zuzendaritzak Pablo Lasori kontratua berritu diolako. Kapitainak jarri du kontrapuntua: «Ondo bukatu nahi dugu».

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Kapitain batek denetik egin behar du: taldea gidatu, jokalarien ordezkari izan, prentsaren aurrean marroi bat bere bizkar gain hartu... Lagun Aro bere historiako emaitza bolada txarrenean murgilduta dago, eta BERRIAk Ritxi Uriz kapitainarengana jo du azalpen eske (Iruñea, 1980). Zalantzarako tarterik utzi gabe esan du baietz, azalpenak emango dituela, asteazken eguerdi beroan.

Bero latza dago kalean, baina bero handiagoa sumatzen da Lagun Aroko zaleengan. Zer pasatzen zaio une honetan burutik Lagun Aroko kapitainari?

Ba lehen itzulian egin genuen lan onarekin gogoratzen naiz, eta bigarrenean egindako lan txarraren zergatiak aztertzen saiatu. Ez emaitzengatik, lehiatzeari utzi diogulako zenbaitetan. Larria da hori. Ez gaude fin, gure onenean, baina zortea ere kontrako izan dugula esan nahi nuke, azken unean geureak ziren bizpahiru garaipenek ihes egin digutela, eta garaipen horiei esker, elkarrizketa honen arrazoia beste bat izango zela agian.

Baina zorte txarraren aitzakia horrek indarra galtzen du azken hamasei partidetatik hamalau galtzen dituzunean, ezta?

Ulertzen dut zaleek nik daukadan sentsazio bera ez edukitzea. Dena den, izorratuta gauden lehenak gu gara, baina aurrera egiteko gogo gehien daukagunak ere bai.

Normala al da jokalarien iritzia eta zaleen sentsazioa hain ezberdina izatea?

Tira, ni zalea banintz, Ilunbera joan eta taldea dagoen moduan ikusita, haserretu egingo nintzateke. Baina zertan laguntzen dut haserre egoten? Nik egoera honi buelta emateko helburua daukat, sortu den atsekabea ilusio bilakatzea, zaleen amorru hori desagerraraztea, eta horretan saiatuko naiz ligako azken sei jardunaldietan.

Zure asmoa ez da txarra, baina taldeak egiten duena eginda ere, sortutako iritzi gaizto hori gehiegi ez dela aldatuko dirudi, hau bukatuta dagoela.

Nire izenean hitz egiten dut. Ez nago batere ados. Nik ez dut horrela bukatu nahi, eta hobeto bukatzeko ahalegina egingo dut. Normala da jendeak ni bezala ez pentsatzea, baina niretzat asko dago jokoan azken sei jardunaldi hauetan. Emaitza kopuru jakin baten gainetik, irudia hobetu behar da. Sasoi honi begira, eta etorriko direnei begira. Gipuzkoako saskibaloiaren ordezkariak gara, eta ezin dugu lana bukatutzat eman hain itxura kaskarra erakutsita. Ez nik, behintzat.

Nola da posible 7-5 zegoen taldea 9-19 balantzearekin egotea egun?

Ba aurkariak baino okerrago jokatu delako, edo haiek gu baino hobeak izan direlako. Ez daukat arrazoi zehatzik, nire, gure errua aitortzen dut, baina ez nuke arrazoi bakarra ematen asmatuko.

Zenbait kantxatan nahiko jarrera txarra izan duzuela leporatu zaizue. Ados?

Ez nuke jarrera txarra esango. Ez garela lehiatu, horretan utziko nuke.

Normalean kirol helbururen bat lortzeko borrokatzen da, baina zuek ez duzue helburu garbirik. Jaisteko arriskutik salbu, zortzi onenen artean sartzeko aukerarik ez aspaldi... Helburu falta horrek eragin al du lehiatzeko motibazio falta horrek?

Ez dut uste. Kirol profesionalean beti da garrantzitsua garaipena lortzea, ahalik eta ondoen sailkatzea, eta nire ustez taldeak badu grina hori oraindik.

Maila bi talde okerrago daudelako ez dela galduko diote kritikoek.

Ez nago ados. ACB ligan jarraituko badugu, lehen liga heren ona egin genuelako izango da, ez Menorca edo Granada gu baino talde txarragoak direlako. Haiek baino askoz lehenago lortu genuen bederatzigarren garaipena, eta horrek ere zerbait esan nahiko du gure alde, ezta?

11 garaipen duela bi sasoi, hamahiru pasa den denboraldian, eta normalean, hobekuntzarik ez sasoi honetan.

Gauzak ondo egin ez diren seinale da, ezta? Autokritika egin beharko da, baina balantzea maiatzean egingo dugu, sasoia bukatuta.

Zure ustez, zilegi al da talde honi jaitsiera ez den beste kirol helbururik exijitzea?

Justua al da 5,5 milioi euroko aurrekontuarekin zortzi onenen artean sartzea exijitzea? Aitzakia hutsa izango da batzuentzat, baina ACB liga gogorra da. Hiru urte bakarrik daramatzagu jarraian elitean, hausnartu egin beharko genuke egoera horren inguruan.

Zuzendaritzak Pablo Lasori kontratua berritzea erabaki du, eta kanpotik begiratuta, erabaki horrek zaleak are gehiago ernegatu duela dirudi.

Erabakiak garbi erakusten du zuzendaritzak konfiantza duela entrenatzailearekin, eta jokalarioi lasaitasuna ematen digula esango nuke.

Zer diozu kontratu berritzeak eragin duen zalapartaren inguruan?

Ba eztabaida hor dagoela, eta nik ezin dudala iritzirik eman.

Ez dira gutxi jokalariek entrenatzaileari ohea egin diozuela diotenak.

Pentsatzea libre da, baina gezurra da hori. Nik lan txarra egin dut azken hiru partidetan, eta hala onartzen dut, baina entrenatzailea errespetatuko dut beti.

Unicajaren aurka partida galdu eta itxura kaskarra ematen bada Ilunben iskanbila handi samarra sor litekeela esaten da han eta hemen.

Ezkor samar sumatzen zaitut galderetan. Ni baikorra naiz, eta Unicajari irabaziko diogula pentsatu behar dut. Lehiatu behintzat. Irabazi edo galduko dugun ez dakit, baina duintasunez jardun, bai.

Ekainean bukatzen zaizu kontratua. Arduratuta al zaude?

Ez. 6-7 urte daramatzat taldean, ezagutzen naute, eta eskaintza egiten badidate, aztertuko dugu.

Baina eskaintzarik espero duzu?

Ez dakit, orain ez daukat burua gai horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.