Aulkirako jaioa

Hainbat talde igaro ondotik, Javi Gracia bigarren denboraldia betetzen ari da Malagan. Taldeak behetik gora egin du, eta konfiantzaz gainezka helduko da larunbatean Anoetara. Nafarrak lau denboraldi egin zituen Realean jokalari gisa.

jon eskudero
Donostia
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Denboraldiko unerik gozoenean sarturik dago Reala. Azkeneko lau partidak jarraian irabazi ondoren, konfiantzaz gainezka dira txuri-urdinak. Eta ez da harritzekoa. Jokoan izandako azken hemezortzi puntuetatik hamahiru poltsikoratu dituzte, eta Europarekin amets egiteko, bide berean jarraitzea dute helburu. Ordea, ez dute erraza izango bosgarren garaipena segidan lortzea, izenak dioena baino aurkari gogorragoa izango baitute etzi Anoetan: Malaga. Sasoiko unerik onentsuenean den beste talde bat da.Hain zuzen ere, Realean lau denboraldiz aritu zen entrenatzailea du aulkian Espainiako taldeak: Javi Gracia (Iruñea, 1970). Bigarren denboraldia du, eta gustura daude haren lanarekin. Larunbatekoa lehia berezia izango du, esana baitu, Anoeta bisitatzeak beti sortzen diola zirrara.

Javi Gracia gertutik ezagutzen dute Javier Iruretak (Irun, Gipuzkoa, 1948) eta Javier De Pedrok (Logroño, Espainia, 1973). Lehena entrenatzaile izan zuen nafarrak Realean, eta bigarrena taldekide. «Lau denboraldiz egon zen Donostian, eta ez dut uste inork gaizki hitz egingo duenik Graciari buruz. Pertsona ona da, beti laguntzeko prest azaltzen zen, eta interesgarria izaten zen harekin hizketaldi bat izatea», azaldu du De Pedrok. Bat dator Irureta ere. «Ezagutu nuen lehenengo egunean igarri nion zerbait berezia bazuela. Umila da, eta ikusten zen etorkizunean entrenatzaile izango zela». Izan ere, jokalaria zela ere, aurkarien ezaugarriak aztertzea gustatzen zitzaion. «Entrenatzaileontzako jokalari egokia zen. Askotan hark ematen zizkidan aholkuak asteburuko partidarako».

Hain zuzen ere, Iruretaren esanetan, lanerako eta aurkariak aztertzeko grina horregatik izan du hain ibilbide oparoa Javi Graciak. «Jokalari gisa ez zen taldeko onena, baina bai langileenetakoa. Beti ematen zuen berea, ez zekien zer zen amore ematea». De Pedrok ere horixe du gogoan. «Kalitatea beste batzuok jartzen genuen zelaian, baina Graciak inguruko guztiak kutsatzen gintuen lanerako. Ez zegoen geldi egoterik». Lau denboralditan 106 partida jokatu zituen, eta hamabi gol sartu. «Gol asko egin ez arren, eskuin hegalari bizia ematen zion, eta zer esanik ez taldeko giroari. Ordezko jartzen nuenean ere ez zen inoiz kexatzen. Onean eta txarrean, bazekien pertsona normalak bezala portatzen, eta halakoak ezinbestekoak dira talde guztietan. Oreka mantentzen zekien».

Oreka mantentzen dakielako ari da hain oparo entrenatzaile ibilbidean ere, Iruretaren ustez. Cadizen eseri zen estreinakoz aulkian (Bigarren Mailara igo zuen), Almeriarekin Lehen Mailara igo zen gero, Vila-realen bigarren taldetik igaro zen, Greziatik ere bai, Osasunak fitxatu zuen ondoren eta Malagan ari da egun. «Behin edo behin hitz egin izan dut berarekin, eta entrenatzaile izateko jaioa da. Gustatu egiten zaio lana, eta ezin daiteke imajinatu ere egin zein ondo prestatzen dituen partidak. Xehetasun guztiak garbi edukitzea gustatzen zaio», esan du De Pedrok. Gauza praktikoen gainetik, ordea, Iruretak uste du talde bat eramaten dakielako dagoela dagoen tokian. «Malagan izaten ari den jarduna ezagutzen dut gehien, eta badakit klub osoa kontentu dagoela entrenatzailearekin. Futbol modernoan garrantzitsuagoa da motibazioa sortzea futbolaz jakitea baino, eta Gracia maisua da horretan».

Eusebiorekin, «gozatzen»

Motibazioz eta ilusioz gainezka etorriko da Malaga Anoetara, De Pedroren ustez. «Realaren ibilbide antzekoa darama Malagak. Behetik gora egin du, eta jendeak uste duena baino zailagoa izango da irabaztea. Malaga ondo prestatutako taldea da, orekatua, eta iragan sasoian ere irabazi zuen Anoetan, 0-1». Hain zuzen, partida horren ondoren kendu zuen Realak kargutik Jagoba Arrasate. «Egia da Reala konfiantzaz dagoela, baina gol gutxi jasotzen du Malagak, eta jokalari onak ditu. Kalitate izugarririk gabe, talde orekatua egin du Graciak». 22 gol besterik ez ditu egin denboraldi honetan, baina hartu ere, 22 hartu ditu. «Atzetik aurrera talde sendoa da eta, gainera, talde onen aurka hobeto moldatu ohi da».

Hori bai, faboritoa Reala dela uste du De Pedrok. «Azkenaldian gozatzen ari naiz. Behingoz, zuzendaritzak asmatu du Eusebio fitxatuta. David Moyesen aldeko proiektua atzerapausoa izan zen, eta orain nabari da talde barruan giro ona dagoela. Eusebioren jokoa egokiagoa da Realarentzat». Irureta ere iritzi berekoa da. «Jokalariek orain badakite zertara jokatzen duten. Uste dut taldeak maila altua duela, baina etekina atera behar zaio horri. Eusebio asmatzen ari da. Orain arteko egoera ez zen benetakoa. Uste dut Reala Europarako sailkatuko dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.