SNOWBOARDA

Aurkari batek lurrera bota du Egibar final-laurdenetan, eta aukerarik gabe utzi

Epaileek deskalifikatu egin dute Egibar lurrera botarazi duen lehiakidea, baina horrek ez dio mina arindu snowboarder donostiarrari. Bederatzigarren izan da Olinpiar Jokoetan. Alvaro Romero, berriz, 23. postuan sailkatu da.

Lucas Egibar. SERGEI ILNITSKI / EFE
Lucas Egibar, ezkerretik bigarrena, final-laurdenetako kanporaketan. SERGEI ILNITSKI / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 12a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrisku handiko modalitatea da snowboard krosa. Oso ondo dakite hori horretan aritzen diren kirolariek. Baina arrisku handia dagoela jakiteak ez du inondik inora ziurtatzen ezbeharrik ez izatea, muga-mugan aritzen baitira lehiakide guztiak. Beste aukerarik ez dute aurre-aurrean aritu nahi badute. Hala, gerta liteke norberak hutsik ez egitea eta beste batek egindako batek aukerarik gabe uztea.

Horixe gertatu zaio gaur Lucas Egibarri Milango eta Cortina d’Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan. Final-laurdenetan lehia bete-betean ari zela, beste lehiakide batek bota du lurrera, eta aukerarik gabe utzi du. Haren txandako bi lehenak sailkatu dira, eta Egibar hirugarren izan da, epaileek deskalifikatu egin baitute hura lurrera botarazi duen lehiakidea. Ezer gutxirako balio izan dio horrek snowboarder donostiarrari, mina egina baitzegoen.

«Nik bihurgunea itxi dut, eta berak alderantziz egin du; ezinezkoa zen talka ez egitea. Ez da justua, eta haserre nago, baina horrelakoak gertatzen dira, eta nik ere bota izan ditut aurkariak lurrera. Nire errua ere bada, hobeto atera izan banintz, ez nintzen sartuko saltsa horretan. Baina lan ona egin dugu, asko kostatu baitzaigu hona iristea. Harro nago urte hauetan egin dudan lan guztiagatik», esan du lehia bukatzean. 

Aurkari batek eragindako erorketa horrek zapuztu du Egibarrek Olinpiar Joko hauetan zuen asmo handiko helburua: «Nik irabazi egin nahi dut; horretarako egin dut lan», esan zuen lehiatu aurretik. 2014ko eta 2022ko Olinpiar Jokoetan diploma olinpikoa lortu eta gero, podiumeko koska gorenera igo nahi zuen. Baina esku hutsik itzuliko da etxera: bederatzigarren postuan sailkatu da. Emaitzaz harago, laugarrenez aritu da Olinpiar Joko batzuetan, aurrenekoz parte hartu eta hamabi urte geroago, eta gai izan da gorenean aritzeko. Sekulako meritua du horrek.

Egibar final-laurdenetan geratu da lehiatik kanpo. Lehenago esan du agur snowboard krosean aritu den beste euskal herritarrak, Alvaro Romerok: final-zortzirenetan. 23. postuan sailkatu da. Donostiarra lehen aldiz aritu da Olinpiar Jokoetan. Oso gaztea da, 22 urte, eta, ondo bidean, ez da azkenekoz ariko Olinpiar Jokoetan. Esperientzia honek ikasteko balioko dio.

Egibarrek eta Romerok sailkatze proban ekin diote lehiari. 32 snowboarder aritu dira banaka, erlojuaren aurka. Egibar izan da euskal herritarren artean lehena irteten, zortzigarren tokian. 1.08,97ko marka egin du. Helmugan, hiru aurkari zituen aurretik. Beste zortzi lehiakidek hartu diote aurre gero, eta hamabigarren postuan bukatu du. Aidan Chollet frantziarra izan da lehena: Egibar baino bi segundo eta erdi azkarragoa izan da. «Espero nuen aurrerago sailkatzea, baina pista gogorra zegoen, eta ohola ez zegoen prest horretarako; huts egin dugu», azaldu du Egibarrek sailkatze proba amaitu berritan.

Romerok, berriz, ahazteko moduko estreinakoa egin du: ez da igaro bandera batetik, eta, bigarrenez aritu behar izan du sailkatzeko. Hainbestean aritu da, eta 1.09,93ko denbora egin du. 28. postuan bukatu du. Lau lehiakide baino ez ditu izan atzetik.

Sailkatze proban lortutako postuaren arabera osatu dituzte final-zortzirenetako kanporaketak, eta Egibar eta Romero txanda berean aritu dira, Loan Bozzolo frantziarrarekin eta Adam Lambert australiarrarekin batera. Jaitsiera ia guztian eutsi diote hurrenkera berari, Bozzolo, Egibar, Romero eta Lambert, eta halaxe iritsi dira helmugara. Egibar estutasunik gabe sailkatu da. Romero, ordea, lehiatik kanpo geratu da.

Final-laurdenetan, Egibar Bozzolo eta Jonas Chollet frantziarrekin eta Nathan Pare estatubatuarrekin lehiatu da. Bi frantziarrak Egibar baino azkarrago zebiltzan, eta ondo irten dira, eta buruan jarri. Egibar, berriz, atzean geratu da, eta Parerekin lehian ibili da. Baina donostiarrak atzetik aurrera egin du, eta bigarren jarri da une batez. Hirugarren postura egin du atzera gero, eta lehia betean ari zela, bihurgune batean, Parek lurrera bota du, eta azkena helmugaratu da. Epaileek estatubatuarra deskalifikatu dute, baina horrek ez dio arindu mina donostiarrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.