Realak eta Osasunak aurkari gogorrak izango dituzte ligaren itzuleran

Realak Deportivo hartuko du Anoetan, eta Osasunak Sevillan jokatuko du, Betisen kontra. Realak Aramburu galdu du hiru asteko geldialdian, baina Hector Fort osatu egin da. Osasunak Rosier eta Oroz berreskuratu ditu.

Realeko jokalariak Valentziari sartutako gola ospatzen, irailean. BIEL ALIÑO / EFE
Realeko jokalariak Valentziari sartutako gola ospatzen, irailean. BIEL ALIÑO / EFE
inaut matauko rada
2026ko urriaren 10a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Liga hasiera gazi-gozoa izan da Realarena, baina hiru asteko geldialdira garaipen batekin iritsi zen talde txuri-urdina, eta joera horri eutsiz ekin nahi dio berriro Espainiako Ligari Rino Matarazzoren taldeak. Deportivo izango du aurrean, Anoetan (16:15, Movistar+): bigarren mailatik igo berri den arren, oso ondo hasi du liga Galiziako taldeak, hein handi batean Pierre-Emerick Aubameyangen golei esker. Hala, puntu kopuru bera dute zuriz eta urdinez janzten diren bi taldeek, baina Deportivok oraindik ez du galdu etxetik kanpo: bi berdinketa eta garaipen bat erdietsi ditu.

Reala, berriz, ez da guztiz ondo ibili etxean. Espanyolen kontra 2-1 irabazi zuen, Celtaren kontra berdindu, eta Atletico Madrilek hiru gol sartu zizkion. Hala ere, emaitza hori engainagarria da, partida ona egin baitzuen Realak, defentsan sendo, baina partida amaitzeko gutxi falta zela penalti eztabaidagarri bat adierazi zuen epaileak Realaren kontra, eta, kontrarioak penalti hori sartuta, Reala hondoratu egin zen.

Selekzioen partidak jokatzeko geldialdi luzean, Hector Fortek osatzeko tartea izan du, eta baliteke Matarazzok hamaikakoan jartzea bihar. Izan ere, Jon Mikel Aramburu, titularra bere postuan, lesionatu egin da. Orri Oskarssonek ere lesionatuta jarraitzen du, baina entrenatzaile estatubatuarrak Igor Zubeldia berreskuratu du biharko. Matarazzok adierazi du taldea partidarako «prest» iritsi dela, eta gehitu du beren selekzioekin aritu direnak ondo itzuli direla orokorrean.

Oroz, osatuta

Osasunak partida zaila izango du etxetik kanpo. Betisen kontra jokatuko du, La Cartuja estadioan (18:30); albiste onekin, hori bai, Aimar Oroz jokatzeko prest izango baita, Rosier bezala. Hutsune batzuk ere izango ditu Luis Miguel Ramisek, Moro, Del Castillo, Herrando eta Bonel ezingo baitira lehiatu, eta Kike Barja partida guztia jokatzeko prest egongo den oraindik ez baitago garbi.

Betisek liga hasiera bikaina egin du, eta sailkapenak ederki erakusten du hori, hirugarren baitago, Real Madrilen aurretik; hain zuzen, Madrilgo taldeari etxean irabazi zion, 1-0. Osasunak, berriz, lehen partidetan emaitza onak lortu bazituen ere, azken lau partidetan puntu bakarra lortu du, Rayo Vallecanoren kontra 1-1 berdindu eta gero.

Ramisek adierazi du geldialdia «luze» egin zaiola, baina lan asko egiteko aukera ere izan dutela nabarmendu du, eta taldea hori erakusteko gogoz ikusten du. Osasunak 2014an irabazi zuen azkenengoz Betisen etxean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA