Zailtasunak zailtasun, ilusioa ez dute galdu Realeko jokalariek, Gorka Elustondoren esanetan (Beasain, Gipuzkoa, 1987): «Igandea eta astelehena zailak izan ziren, baina entrenatzen hasi orduko burua askatzen duzu. Bazkarian denok batera egoteak ere alaitu gintuen. Ilusio handiarekin gaude». Bihar bolada txarra nola edo hala eten nahi dute: «Noizbait eduki behar du amaiera honek. Horretan murgilduta gaude, joan den sasoian bezala azken txanpa on bat egin eta helburua lortzeko». Sportingen aurkakoa finala den galdetuta, hauxe dio: «Argi dago berebiziko garrantzia duen partida dela eta irabaztea besterik ez dugula buruan».
Anoeta lehen bezala, gotorleku izatea nahi duzue?
Puntu gehiegik egin digute ihes azken boladan. Taldea sendo irtetea lortu behar dugu, indar handiarekin. Atea hutsean mantentzen badugu, partida irabazteko aukera handiagoa izango dugu, badakigulako aukera izango dugula goian.
Etxean hasieratik zeneukaten indarra berreskuratzea da gakoetako bat?
Bai. Defentsan indartsu joaten ginen, eta gero azkar ateratzen ginen erasora. Freskoago edo itxuraz, behintzat, alaiago jokatzen genuen. Orain badirudi neurria hartu digutela, baina lanean jarraitu behar dugu. Pentsatu behar da igandekoa partida bakarra dela, 90 minutu, eta ez duela balio aurretik egindako guztiak. Azken txanpa honetan egindakoak balioko du, eta horrekin atera beharko dugu aurrera.
Nolako lehia espero duzu?
Tentsio handikoa, eta gol gutxikoa ziurrenik. Bi taldeok behar ditugu puntuak, eta halakoetan beldur apur hori antzematen da askotan. Saiatu behar dugu lehen minututik ikus dezaten partidaren bila goazela, zaleek ere beroaldi horretan guri laguntzeko.
Nola ikusten duzu Sporting?
Ondo landutako taldea da, sendoa, eta aurrealdean jokalari arriskutsuak ditu, Barral edo Castro, esaterako. Ondo ezagutzen dugu, Bigarren Mailatik, eta denboraldi-aurrean ere jokatu genuen haren aurka. Ez zen ondo hasi, baina buelta eman dio, eta duela gutxi Bernabeun irabazteko gai izan zen. Zerbaitegatik ari da hain emaitza onak lortzen azkenaldian. Kontzentrazio handia beharko dugu. Sendo egon, eta hutsik ez egin.
Jokalarientzat zuen burua aldarrikatzeko eguna dela esan zuen Zurutuzak herenegun. Bat zatoz?
Bai. Beti izaten dira komentarioak une txarretan, baina jokalariok erakutsi behar dugu halakoetan zerbaitegatik gaudela hor. Orain arte lortutako puntuak zenbait gauza ondo egin ditugulako lortu ditugu, eta bihar aukera dugu ondo egindako hori berreskuratzeko.
Batez beste bi gol sartzen badizkizute, zaila da aurrera egitea.
Halako dinamika bateansartzen zara, eta ez duzu nahi inork golik sar diezazun, eta, horrenbeste esateaz eta lantzeaz, agian horrek berak egiten du taldeak pixka bat atzerago sartzea. Gure kontra etor liteke. Aurreko guztia ahaztu eta dakiguna egiten eta naturalki jokatzen saiatu behar dugu.
Talde igo berria, gaztea… ordaindu beharreko prezioa da txakalaldi hau?
Inork ez zuen esan hau erraza izango zenik. Hor izan zen une bat agian denok ilusionatu ginena, gora begiratzen hasi ginena, baina konturatu gara agian goizegi hasi ginela hitz egiten, helburua bete gabe zegoenean. Lehiakortasun handia dago. Ikusi besterik ez dago beste taldeek zer jokalari eta aurrekontuak dituzten. Asko kostatu zitzaigun hona iristea, eta urte askoan egon nahi dugu.
Behetik gora joatea da onena askoren esanetan, baina beheko askok hartuko lukete zuen tokia, ezta?
Goitik behera doanaren egoera ez da erraza, baina behetik gora doanak abantailarik ez du, eta presioa askoz ere handiagoa da. Burua hotz eduki behar dugu. Badakigu beste momentu batzuetan hobeto egon ginela, baina aurrera begiratu behar dugu.
Zer moduz doakizu denboraldia?
Oraingoak momentu kritikoagoak dira. Emaitzek ez dute laguntzen, eta pertsonalki ere nire partida asko ez dira onak izan. Besterik ez dagoenez, lantzen jarraitzen saiatzen naiz astero gauzak hobetzeko. Horretan ari naiz, aukera izanez gero zelaian dena eman eta laguntzeko.
Lehen Mailan ia batere jokatu gabea zinen. Nabaritu al duzu jauzia?
Nabaritzen da, aurkarien kalitatean eta mugitzeko askatasunean. Pentsatzeko denbora gutxiago duzu, eta presioa handia dago. Talde bakoitzak bere estiloa du, eta inork ez du ezer oparitzen. Ahalik eta akats gutxien egin behar dituzu aurkaria hor dagoela aprobetxatzeko.
Euskarri bakar gisa aritu zinen Atletico Madrilen aurka. Zer moduz?
Ez nuen egunik onena izan, egia esan. Sistema berria ezarri zuen entrenatzaileak erditik haien jokoa mozteko, baina Reyes, Koke edo Aguero askotan sartu ziren erdira, eta erraz iritsi areara.
Beti esan duzu norbera dela norbere kritiko onena. Nola hartzen dituzu kanpoko kritikak?
Ez dut prentsa askorik irakurtzen. Badakit noiz aritu naizen gaizki eta noiz ondo. Beti ematen dizkiot bueltak buruari. Kanpokoari ezin diot jaramonik egin. Nire bidea egin behar dut. Neure buruarekin kritikoa naiz partidetan eta entrenamenduetan ere. Zubietan gauzak ez bazaizkit ondo ateratzen ez naiz batere pozik egoten. Gure lana da pixkanaka ikasiz eta hobetuz joatea.
Gorka Elustondo. Realeko jokalaria
«Aurrekoa ahaztu eta dakiguna egiten saiatu behar dugu»
Gorka Elustondoren arabera, bolada txarrean sartu aurretik erakutsitako dohainei heldu behar die Realak txakalaldiari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu