Aspeko aurrelarien artean onena da Juan Martinez de Irujo. Eta atzelarien koadroan, berriz, Iñigo Pascualek badu bere sona. Beharbada horregatik ez dute azkeneko zazpi urteotan elkarrekin jokatu, ez udako torneoetan ez binakakoan. Hartara, elkarrekin torneo bakarra irabazi dute: 2005eko Gabonetakoa, hain zuzen. Bengoetxea VI.a eta Ruizek, berriz, uda honetako bi torneotan jokatu dute elkarrekin, eta bietan nagusi: San Ferminekoan, Iruñean, uztail erdialdean, eta Zarauzkoan, hilabete geroago. Bi bikoteok neurtuko dituzte indarrak, gaur Logroñon, sanmateoetako torneoko finalean, Adarraga pilotalekuan. Batak udako torneo bat aurrenekoz irabazteko aukera dauka; eta besteak, berriz, uda honetako hirugarrena pilatzeko.
Bengoetxea VI.a eta Ruizek itxura oso ona eman dute Logroñon. Hasteko, ligaxkako lehen neurketan 22-21 irabazi zieten Titin III.ari eta Barriolari, aspaldiko lehiarik gogoangarrienetako batean. Leher eginda heldu ziren lau pilotariak azken tantora, baina Ruizek odol hotza erakutsi zuen, eta dejada ederra bota, ezkerrez, txokora. Hortxe amaitu zen partida. Bigarren partidan, berriz, herenegun, 22-17 irabazi zieten Olaizola I.ari eta Apraizi. Aurrelariak ez zuen hutsik egin aurreko koadroetan, eta atzelaria fin, oso fin ibili zen. Bengoetxea VI.a eta Ruiz sanmateoak irabazitakoak dira. 2006an izan zen, Xala eta Pascual 22-14 mendean hartu zituztenean. Lizarratarrak, gainera, 2002koa ere irabazi zuen, Olaizola II.arekin batera.
Martinez de Irujok eta Pascualek, berriz, ia bi urte zeramatzaten elkarrekin aritu gabe; 2008ko urriaren 7tik, hain zuzen. Sanmateoetan, baina, fin ibili dira. Lehen partidan 22-20 irabazi zieten Xalari eta Laskuraini. Erraz ahazten den lehia horietako bat izan zen hura, baina garaile finalistak. Bigarren neurketan, berriz, erraz, oso erraz irabazi zieten Saralegi eta Beginori: 22-4. Pascualek hiru final jokatu ditu sanmateoetan -2003an, 2006an eta iaz-, baina sekula ez du torneoa irabazi. Martinez de Irujok final bakarra jokatu Adarraga pilotalekuan, baina horretan garaile: iaz, Beroizekin batera.
Titin eta Merinorentzat ardoa
600 ardo botilen desafioa jokatu zuten atzo Logroñon Titin III.ak eta Merino II.ak Saralegiren eta Beginoren kontra, eta Aspeko bikotea nagusitu zen 22-14. Uda honetako beste desafioetan, Iruñean Aspe nagusitu zen, eta Gasteizen, berriz, Asegarce. Debutatu berrien buruz buruko torneoko finalean, Lemuno 22-17 gailendu zitzaion atzo Albisuri.
Aurrenekoa edo hirugarrena
Bengoetxea VI.a eta Ruiz Martinez de Irujo eta Pascualen kontra gaur, sanmateoetako torneoko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu