Gozotik eta gazitik izan du Realak Elxen zelaian lortu duen berdinketak (1-1). Gozoa: txuri-urdinek azken unean berdindu dutela partida, Mikel Oiartzabalek penaltiz sartutako gol bati esker. Gazia: Gipuzkoako taldeak zazpi hilabete daramatzala etxetik urrun irabazi gabe. Horrez gain, beste behin, jokoan nagusitu ezinda aritu dira. Puntu bat eskuratu dute, eta bada zerbait, baina gabeziak konpondu ezinda dabiltza.
Azken jardunaldietan ari da puntuak biltzen Reala, baina taldearen jokoa ez ari distiratsua izaten, eta Elxen aurka ere kostatu zaio jokaldiak harilkatzea. Bi taldeak asmo berarekin zelairatu dira: hiru puntuak lortzea. Baina bide desberdinak aukeratu dituzte: pazientzia izan eta pase motzak eginez aurrera egiten saiatu da Reala, eta joko zuzenagoa baliatu du Elxek. Etxeko taldea izan da gehien asmatu duena. Gainera, baloia hanketan izan behar zuenean, izan du. Hortaz, lehen minutuetan hobeto aritu da Elx, eta hark sortu du arrisku gehiago.
Ordu laurdena beteta izan du lehen aukera garbia Alacanteko taldeak, baina Rafa Mirren jaurtiketa indartsua Remirok geratu du, ez oso eroso. Realak ere izan du aukera on bat 25. minutuan, baina Kuboren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio atezainak. Eta, segidan, sustoa: kontraeraso ona egin du Elxek, azkarra, eta Mendozak zutoinera botatako jaurtiketa batekin bukatu da jokaldia.
Erritmo bizikoak izan dira hurrengo minutuak. Etxeko taldea markagailuan aurretik jartzear egon da. Rafa Mirrek area barruan egin du errematea, baina dena alde zuela, kanpora bota du. Zailagoa zirudien huts egitea, baina, zorionez, hala egin du.
Txuri-urdinak ez dira eroso aritu baloia hanketan, eta, beraz, beste modu batera saiatu dira min egiten: baloia berreskuratu eta azkar jokatuta. Horrela sortu ditu aukerak. 33. minutuan Gorrotxategik area kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Hala ere, Elx ari zen jokoaren ekimena izaten.
Realak atsedenaldia eskertuko zuela zirudienean bizkortu dira jokalari txuri-urdinak. 44. minutuan zelai erdian baloia galdu du Elxek, eta Realeko kapitainak bi aldiz pentsatu gabe jo dio baloiari, gola helburu. Ez du asmatu, baina ausarta izan da intentzioa. Eta, jarraian, aukera bikaina izan du berirro ere Oiartzabalek. Kontraeraso azkarra egin du Realak, aurrelariak posizio onean hartu du baloia, baina haren jaurtiketa kornerrera urrundu du Dituro atezainak. Hura izan da partidako jokalaririk onena.
Txuri-urdinek taldeko izarrek distira egitea behar zuten; besteak beste, Take Kubok. Japoniarrak protagonismo gehiago izan du bigarren zati hasieran, eta eskertu du Realak. Baina, orduantxe, Elx izan da kolpea eman duena. Alvarok gola sartu du 57. minutuan. Nuñezek erdiraketa egin du, eta bakar-bakarrik jaso du baloia aurrelariak. Kontrola egin eta jaurtiketa egiteko denbora eman dio. Ezin izan du ezer egin Remirok.
Aldaketak, onerako
Golak konfiantza eman dio etxeko taldeari, eta estu hartu dituzte txuri-urdinak. Etxekoak gozatzen ari ziren, eta txuri-urdinak sufritzen. Jokalarien artean zulo asko utzi ditu Realak, eta ondo aprobetxatu du Elxek. Egoerak behartuta, aldaketak egin ditu Sergio Franciscok. Zakharian eta Sadiq sartu ditu Kuboren eta Guedesen ordez. Eta azkar aldatu da lehiaren gidoia. Berriro ere erasora irmo jo du Realak, eta bi aukera garbi izan itu. Sadiqen erdiraketa ondo errematatu du buruz Aramburuk, baina, beste behin, Diturorekin egin du topo. Hortik gutxira, Sadiqen jaurtiketa ere maisuki geratu du atezainak. Hala ere, deigarria da halako zenbat aukera huts egiten dituen Realeko aurrelariak.
Lehia estua izan dute taldeek hurrengo minutuetan, zelaian nagusitu nahian. Eta bi entrenatzaileek aulkia mugitzeko aprobetxatu dute unea. Realak, ezinbestean, gola behar zuen esku hutsik ez itzultzeko, eta askok esperantza galduta zutenean iritsi da jokaldi erabakigarria, 88. minutuan. Donostiarren alde penaltia adierazi du epaileak. Sadiqek ustekabean harrapatu eta izkin egin dio aurkariari, eta hark lurrera bota du. Nola ez, Oiartzabalek hartu du penaltia botatzeko ardura, eta ez du huts egin.
Ikusitakoak ikusita, banakoa ez zen txarra Realarentzat. Hala ere, Elx izan da erasoan amaitu duena. Puntuak pilatzen jarraitzen dute, behintzat, txuri-urdinek.
Elx-Reala
Elx. Dituro; Nuñez, Affengruber, Victor Chust (Petrot, 83. min.), Pedrosa; Marc Aguado (John, 83. min.), Febas, Mendoza; Josan (Fort, 74. min.), Alvaro Rodriguez (Valera, 74. min.) eta Rafa Mir (Da Silva, 93. min.).
Reala. Remiro; Aramburu (Aritz, 93. min.), Jon Martin, Zubeldia, Sergio Gomez (Sucic, 81. min.); Brais (Marin, 75. min.), Gorrotxategi, Soler (Aihen Muñoz, 75. min.); Kubo (Zakharian, 64. min.), Oiartzabal eta Guedes (Sadiq, 64. min.).
Golak. 1-0: Alvarok (57. min.). 1-1: Oiartzabalek, penaltiz (89. min.).