Aurreneko estropadan, bigarren; bigarrengoan, bigarren; hirugarrengoan, bigarren; laugarrengoan, bigarren; bosgarrengoan, bigarren. Eta batzuetan, oso alde txikiagatik. Noizbait irabazi behar zuen Oriok, merezi zuen, eta, azkenean, arraunlariek astindu dute bandera: non, eta etxean. Eta nola: sari bikoitza zakuratuta. Izan ere, San Nikolas ontziak garaipena eta lidergoa eskuratu zituen atzo.
Pozarren da eskifaia: «Bost estropadetan aritu gara ate joka. Estropada bukatu eta arraunlariei esaten nien: ‘Ea, neskak, hurrengoan izango da’. Azkenik, iritsi da, eta, gainera, etxean. Ilusio bikoitza egin zigun», esan du Maider Etxaniz patroiak.
Bandera irabazi ostean jakin zuten, gainera, sailkapenaren buru jarri zirela. Oraintxe, Oriok 43 puntu ditu, eta Arraun Lagunak-ek 42. «Gure helburua lanean jarraitzea da; maillotari eustea, noski, eta bandera gehiago irabaztea. Atzo ospatu genuen ospatu beharrekoa, goxatu genuen herrian, eta orain hankak lurrean izan eta lanean jarraitu behar dugu».
Etxanizen arabera, azken hilabeteetan egindako esfortzuak eman die fruitua. Denboraldiaurrean ez ziren oso fin aritu, baina lehiakor eta ondo ekin diote ligari: «Kolpea izan zen Euskadiko Traineru Txapelketarako ez sailkatzea. Posible genuen behera etorri eta denboraldia pikutara bidaltzea, baina azken hilabetean lan eta lan aritu gara, eta gora eginarazi digu horrek». Ondorioz, gero eta sentipen hobeak dituzte: «Uretara atera, entrenatzera, eta egunetik egunera nola hobetzen ari garen antzematen dugu. Hau hasi besterik ez da egin; hiru asteburu baino ez ditugu jokatu, eta luze joko du. Gogotsu gaude, motibatuta, eta oso indartsu fisikoki eta mentalki. Honi eustea da gure asmoa».
«Gogotsu gaude, motibatuta, eta oso indartsu fisikoki eta mentalki. Honi eustea da gure asmoa»
MAIDER ETXANIZOrioko patroia
Haien lanean jarri nahi dute arreta. «Gu, gurean», nabarmendu du patroiak. «Ezin gara erotu. Atzo irabazi egin genuen, oso ondo, baina ezin gara despistatu. Hurrengo larunbatean eta igandean beste bi estropada ditugu, eta dena eman behar dugu». Aurkariez galdetuta, honelaxe erantzun du: «Beldurra uste dut denei eduki behar zaiela. Tolosaldeak ere demostratu du estropadak irabazteko gai dela, eta Arraun ere oso indartsu ibiltzen da, batez ere errekan».
Inork kenduko ez diena motibazioa eta gogoa dira. Sasoi hasieran egindako lanari jarraipena emanez gero, oraindik ere emango du zeresana San Nikolas ontziak. Emozioa badago. Eta ilusioa ere badute.
Igande biribila
Festa giroa izan zen atzo Orion. Han jokatu zuten estropada Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek, eta, bietan, etxeko taldea izan zen garaile. Haiek izan ziren onenak itsaso zakar baina ezagunean.
Halaxe esan zuen Gorka Aranberri patroiak estropada amaitutakoan —bezperan bigarren egin zuten, Zierbenaren atzetik—: «Bigarren postuak amorrua ematen dizu, eta penaz zoaz etxera. Baina atzo [larunbatean] pozoia irentsi genuen, eta uste dut ondo etorri zaigula gaurko [igandeko] estropadarako. Lan bikaina egin dugu».
Harrera beroa egin zien atzo herriak hiru ontziei —KAE 2 ligan ere Oriok irabazi zuen estropada—. Bazuten zer ospatua: bandera(k) eta lidergoa(k). Oraintxe, mirotzak dira sailkapenaren buru maila nagusiko bi ligetan. Pozik daude arraunlariak, pozik zaleak, eta indartsu bi taldeak. «Atzokoa nire lehen aliron-a izan zen, eta flipatu egin nuen», esan du Etxanizek.