Arrauna

Azkeneko aukera gora egiteko

Eusko Label eta Euskotren ligetako kanporaketak jokatuko dituzte gaur eta bihar, Bermeon eta Portugaleten. Isuntza, San Pedro, Pedreña, Meira eta Bueu ariko dira gizonetan, eta Tolosaldea eta Deustu, emakumeetan. Hiru sari daude.

Isuntza (goian) eta Deustu (behean). BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Azkeneko asteburua da hau traineru sasoian. Horrek esan nahi du bi liga nagusietan kanporaketen estropadak ere jokatuko direla. Eusko Label eta Euskotren ligetan, Bermeon ariko dira gaur (17:40, ETB 1) lehia horretan, eta bihar Portugaleten (11:25, ETB 1). Gaurko, itsaso nahasia eta haizea iragarri dituzte.

Gizonezkoetan, bost traineru lehiatuko dira, bi sariren bila: datorren sasoian liga nagusian arraun egitea. Isuntzak defendatuko du postua, eta horra igo nahian ariko dira Isuntza eta San Pedro (KAE 1 ligako lehen biak), eta Meira eta Bueu (Galiziako ligako aurreneko biak).

Emakumezkoei dagokienez, Tolosaldeari dagokio liga nagusiko plazari eustea, eta Deusturi (ETE ligako hirugarren sailkatua), igoera lortzen saiatzea. Urtero bezala, bi kanporaketetan, puntuak banatuko dituzte bi estropadetan. Berdinketarik balego, denborak lirateke epaile.

OSERTZ ALDAI

Isuntzako entrenatzailea
«Irabazteko asko daukagu guk ere, datorren urterako»

Isuntzarentzat, erronka da Eusko Label ligan jarraitzea, eta ez aparteko presioa, Osertz Aldai arraunlariaren eta entrenatzailearen ustez: «Presio bakarra da guk gure lana egitea». Ez du uste bere taldeak duenik galtzeko arriskurik handiena: «Irabazteko asko daukagu guk ere, datorren denboraldirako». Aurkarien inguruan, ez du erreferentzia zuzenik, Kontxarako sailkatze estropada bakarrik: «Baina hori ez da fidagarria izango gaurko». Berdintasuna aurreikusi du.

Garbi dauka gaurkoa izango dela gakoa: «Laugarren edo bosgarren eginez gero, akabo. Goian sailkatu behar dugu. Gaur atera daitezke aldeak, bihar ibaian zailagoa izango baita, eta berdinketak izanez gero, erabakigarriak izango dira».

ASIER CARBALLEDA

San Pedroko entrenatzailea
«Igo nahi bada, gaurkoa gakoa da. Ezin da atzean geratu Bermeon»
Isuntza ikusten du besteak baino gorago, «liga nagusiak ematen duen lehiakortasun puntuarekin», eta gainontzekoen maila parekoa izango dela dio. Bermeokoa gakotzat dauka hark ere: «Igo nahi bada, gaurko estropada da gakoa».

UXUE ZURIARRAIN

Tolosaldea taldeko arraunlaria
«Faboritoak izanda ere, uretan erakutsi beharko dugu horrela dela»

Aurreikuspenetan, Tolosaldea da faborito argia Deusturekiko lehian, baina Uxue Zuriarrain ez da fio: «Hala izanda ere, uretan erakutsi beharko dugu». Bi taldeak Kontxako sailkatze estropadan lehiatu ziren, eta Tolosakoek 29 segundo atera zizkieten Deustukoei: «Ez genuen espero hainbesteko aldea ateratzea».

Bermeoko baldintzetara ondo egokituko direla uste du: «Asko ibiltzen ari gara itsasoan, eta konfiantza daukagu».

ZUBEROA EGURROLA

Deustuko arraunlaria
«On egin digu bi astezez lehiatzeak, eta ondo prestatu gara»

«Indartsu» doa Deustu kanporaketara, Zuberoa Egurrola arraunlariaren ustez: «Bi astez ez gara lehiatu, eta on egin digu, ondo prestatu baikara buruz». Tolosaldea ez du «hain faborito ikusten»; aurten itsasoaondo ibili ez diren arren, uste du gai direla gaur estropada ona egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.