Clara Azurmendik 21-10 eta 21-2 irabazi dio gaur Dorcas Ajoke Adesokan nigeriarrari, C multzoko ligaxkako bigarren jardunaldian. Halere, donostiarrak zail du final-zortzirenetarako sailkatzea. Izan ere, hirukoak dira multzoak, eta jokalari bakarra sailkatzen da. Atzo, debutean, 21-13 eta 21-8 galdu zuen Seyoung An korearraren aurka. Hain zuzen, korearraren eta nigeriarraren arteko partida falta da (bihar, 12:20ean), eta korearra da irabazteko eta, hortaz, sailkatzeko faborito argia. Zazpigarren zerrendaburua da.
Gaurko partidak 21 minutu iraun du. Lehen setean nola edo hala eutsi dio jokalari nigeriarrak, baina bigarrenean amore eman behar izan du Azurmendiren nagusitasunaren aurrean.