Babes gehiago selekzioarentzat

Kiroleko, kulturako eta euskalgintzako hainbat ezagunek atxikimendua eman diote Euskal Herriko selekzioari

Euskal Herriko emakumezkoen selekzioari babesa eman dieten hainbat pertsona ezagun, atzo Anoetan egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gero eta gutxiago falta da Euskal Herriko selekzioak Eslovakiaren aurkako neurketa jokatzeko. Hilaren 23an jokatzekoa da, Anoetan, eta atzo kirol arloko, kulturako eta euskalgintzako hainbat pertsona ezagunek beren atxikimendua eta babesa eman zioten selekzioari, Donostiako futbol zelaian egindako agerraldi batean. Bertan jokatuko da bi taldeen arteko partida, eta antolatzaileen helburua zelaia betetzea da. Euskal Herria Kirolak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak dei egin diete herritarrei ekainaren 23an Euskal Herriko selekzioaren elastikoa jantzi eta taldea animatzera joateko.

Bittor Alkiza Athleticeko eta Realeko jokalari ohia, Jesus Mari Zamora Realeko jokalari ohia, Mikel Labaka Rayo Vallecanoko jokalaria, Manix Mandiola entrenatzaile ohia, Juan Mari Etxabe Urdaibaiko entrenatzailea eta Patxi Zeberio erremontista izan ziren atzoko agerraldian, baita Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria ere. Argazkia atera, eta beren babesa eman nahi izan zieten nolabait.

Ainhoa Bakero jokalari ohiak, halere, atxikimendua oraindik eman ez baina eman nahi duten guztiak hori egitera gonbidatu zituen. «Manifestuarekin bat egin nahi duten guztiek www.hamaikagara.com webgunean egin dezakete». Zehaztu zuen «parekidetasunaren, Euskal Herriko selekzioaren eta euskararen alde» egingo den jai bat izango dela ekainaren 23koa, eta ekitaldiaren filosofiarekin bat egiten duten guztiak gonbidatuta daudela egun horretan parte hartzera. Sarrerak lortzeko, www.hamaikagara.com edo www.barrabarra. com webguneetara jo beharko da, eta hainbat herritako tabernetan ere salgai egongo dira.

Bi lan saio neurketa aurretik

Selekzioak datorren asteartean eta ostiralean egingo ditu neurketa aurreko entrenamendu saioak. Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi hautatzaileek joan den astean eman zuten deialdiaren berri, eta deitutakoen artetik, Athleticeko eta Realeko jokalariak dira gehienak. Atzoko agerraldian izan ziren Aintzane Encinas eta Esti Aizpurua Realeko jokalariak. Aizpuruaren arabera, «ohore izugarria» da halako partida bat jokatzea. «Poz handia sentitzen du batek deialdiaren barruan dagoela jakitean. Niri, behintzat, sekulako ilusioa egin zidan, eta eguna iristeko gogoz nago». Orain artean ligan aurkari izan dituztenak taldekide izango dituzte orain bateko zein besteko jokalariek. Lehen aldiz ariko dira denak elkarrekin. «Gehienok elkar ezagutzen dugu, eta gure artean ere badugu elkartzeko gogoa».

Anoetako zelaian bertan egingo dituzte bi lan saioak Etxeberria eta Juaristiren agindutara. Nazioartean zer-nolako maila duten ikusi ahal izango dute, gainera. Itxura ona ematera eta «partida irabaztera» doazela azaldu du Aizpuruak, eta, horregatik, «harmailak betetzea» espero dute. «Badakigu azkenean emakumezkoen partida batek ez duela gizonezkoen batek duen oihartzun berdina, baina uste dut egun guztian egongo den giroarekin harmailak nahikoa beteko direla». Gerora ere emakumezkoen nazioarteko partida gehiago jokatzeko mugarria izango da ekainaren 23koa, ziur. Jokalariek beraiek ere hala espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.