Pilota

Bainetek bere egin du Aspe

Fernando Bidarte Aspeko administratzaile bakarra zenak baieztatu egin du Baineti saldu dizkiola bere akzio gehienak. Baineten adarretako bat da Baiko. Bidartek esan du Aspek «berdin» jarraituko duela, baina zehaztu du ez dakiela Bainetek zer egingo duen.

Fernando Bidarte Aspeko administratzaile bakarra izandakoa, gaur, azalpenak ematen. JON URBE / FOKU
Fernando Bidarte Aspeko administratzaile bakarra izandakoa, gaur, azalpenak ematen. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
Eibar
2026ko urtarrilaren 19a
13:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldaketa garrantzitsua egon da eskuzko pilota profesionalean: Fernando Bidartek, Aspe enpresako administratzaile bakarra zenak, Bainet taldeari saldu dizkio bere akzio gehienak. Bainetek Asperen eta Baikoren irudi eskubideak eta publizitatea kudeatzen eta ustiatzen ditu. Are gehiago, enpresa talde horren adarretako bat da Baiko. Bidarte Asperen administratzaile bakarra izan da azken 26 urteetan, 1999ko irailean egin baitzen enpresaren jabe.

Joan den astean jakin zen Bidartek utzi egin ziola Aspeko administratzaile bakarra izateari, eta Iker Merinok hartuko zuela ardura hori aurrerantzean. Merino Bainet enpresako finantza zuzendari eta kudeatzaileen ondokoa zen. Bigarren aldaketa izan da denbora gutxian. EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligari izena aldatzea izan da bestea. Pilota Pro Liga izena du orain, eta Jose Ramon Garai da haren kontseilari ordezkaria. Bizkaia frontoiaren kudeatzaile eta Baiko enpresako zuzendaria zen Garai. Bi erabaki horiek Baiko indartu dute. Are gehiago, erabaki horien ondorioz, monopolio itxura hartu du eskuzko pilota profesionalaren kudeaketak.

Aldaketa garrantzitsuak dira biak ala biak, eta ezustean gertatu dira. Bidartek azalpenak eman ditu gaur: Aspeko administratzaile bakarra zenak prentsaurrekoa eman du Eibarren (Gipuzkoa), Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren egoitzan. Bidartek Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertziala izan du ondoan.

«Beharrezkoa zen»

Bidartek esan du «zaila» izan dela erabakia hartzea, baina haren «bidaia» amaitu dela, eta «amestutako amaiera» izan duela. Azaldu duenez, «osasun arazoek» eta «ilusio faltak» bultzatuta utzi dio enpresari izateari, eta «pilotaren onerako» saldu dizkio akzio gehienak Baineti. Jakinarazi duenez, beste bizpahiru talderekin hitz egin du, baina ez dira ados jarri. «Beharrezkoa zen, eta lasai nago, dena eman baitut. Seguru nago Bainetek lagundu egingo diola pilotari, hazten jarraitu dezan. Bainetek eskarmentu handia du. Denborak esango du, baina, nire ustez, lan ona egingo dute», azaldu du. Ez da ezertaz damutzen, ezta enpresaren telebista eskubideak Baineti saldu izanaz ere. «Egoera oso zaila zen. Begira nola gauden orain: lepo daude frontoiak».

Bidartek ez dizkio akzio guzti-guztiak saldu Baineti. Akzio batzuk beretzat gorde ditu, «modu sinbolikoan», familiak pilotari dion «maitasunagatik». Jakinarazi duenez, semeak, Jorge Bidartek, kudeatzaile lanetan jarraituko du Aspen. Hark hartu zuen lekukoa iazko otsailean, Fernando Bidartek erretiroa hartu eta gero.

Gaur egun, 28 langile ari dira Aspen, eta horietatik 21 dira pilotariak. Bidartek esan du langile horien «independentziari» eutsiko diotela, eta ez dutela aldatuko enpresaren egoitza —Eibarren dago—. «Aspek berdin jarraituko du, baita kirol arloan ere: Baikorekin lehiatuko da aurrerantzean ere. Aspek bere espirituari eutsiko dio».

«Denborak esango du lehia eta pilotaren esentzia galdu egingo diren edo ez. Ez dut uste monopolio bat izango denik»

FERNANDO BIDARTE Aspeko administratzaile ohia

Langileren bat lanik gabe gera ote daitekeen galdetuta, sendo erantzun du ezetz. «Beharrezkoak dira denak. Denak berdin jarraituko du». Hala ere, behin baino gehiagotan zehaztu du ez dakiela Bainetek zer pauso emango duen, eta «agian mugimenduren bat» egingo duela. Uste du Bainetek prentsaurreko bat emango duela aste honetan, akordioari buruz argibide gehiago emateko.

Agerraldian esan diote erabakiaren ondorioz Asperen eta Baikoren arteko lehia eta pilotaren esentzia galdu egingo direla, eta adierazi du «ados» dagoela iritzi horrekin, baina «denborak» esango duela hori horrela den edo ez. «Ez dut uste monopolio bat izango denik», azpimarratu du.

Pilotariak, azalpenen zain

Pilotariek joan den astean izan zuten Bidartek hartutako erabakiaren berri. Prentsaren bitartez jakin zuten. «Ea minduta egon daitezkeen horregatik? Ez dizut ezetz esango. Haien tokian egongo banintz, ni ere haserretu egingo nintzateke. Baina gu ahalik eta diskrezio handienarekin ibili gara. Uste genuen horrela egin behar genuela. Ondo edo gaizki jokatu dugun? Dena ezin da perfektu izan». Horregatik, «prest» azaldu da pilotariekin eta beste langileekin biltzeko eta egoera azaltzeko. Horren zain daude pilotariak, eta Bidarteren azalpenak entzun arte ez dute ezer esango gaiari buruz. Hori bai, argi dute ez dela berri ona.

Bainetek ez du argibiderik eman. Pilota Pro Ligak, berriz, ohar bat atera du Bidarteren prentsaurrekoa amaitu eta ordubetera. Hartan, esan du Bainet Baikotik bereizi dela, hartan zituen akzio gehienak transmitituta, eta Asperen gehienak eskuratu dituela. Pilota Pro Ligaren arabera, horrek «pilota profesionalaren etorkizunaren aldeko apustu sendoa berresten du, bere nortasun ezaugarriak zainduz eta bere tradizio aberatsean oinarrituz».

Horrez gain, oharrak dio erabakiak «pilotaren sustapenarekin duen konpromiso soziala» erakusten duela, eta Pilota Pro Ligaren laguntza ekonomikoa jasoko duen fundazio bat sortu dutela, «pilotari gazteen formakuntzari eta afizionatu mailako kluben jarduerari laguntzeko».

Pilota Pro Ligak «pilotaren esparru geografikoa zabaltzeko eta lurralde berrietan bere presentzia zabaltzeko bokazioa» azaldu du, baita gaur egun pilotaren presentzia ahuldu den horietan jarduera indartzekoa ere.

Azkenik, jakinarazi du «zaleen interesa handitzeko asmoz», bestelako lehiaketa sistema bat lantzen ari direla, egungoa «hobetzeko». «Taldekako lehiaketa batean oinarrituta egongo da, eta horren ondorioz, pilotari profesional gehiago izango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.