Galtzeko gutxi eta irabazteko asko zuela zelairatu da Baiona, Top14ko finalerako sailkatzea amets. Ez du lortu, baina burua tente agurtu du liga, denboraldi gogoangarria egin baitu. Lapurtarrentzat lorpena da finalerdietara iriste hutsa, eta, gainera, lehiatu eta lanak eman dizkio aurkariari. Taldeak pausoak ematen segitu nahi zuen, baina piztia zuen parean, eta ezin izan du garaitu, aurre egin dion arren. Tolosak kanporatu du: 32-25. Okzitaniarrak dira azken bi ligetako txapeldunak, eta sasoi honetan ere haiek izan dira sailkapenaren buru.
Baiona oldarkor hasi da, eta bigarren minutuan markagailuan aurretik jarri da: 0-3. Joris Segondsek lortu ditu partidako lehen puntuak, penaltiz, 40 metroko jaurtiketa bat eginda. Azkar erantzun du Tolosak, eta partida berdindu. Lehiatuak izan dira lehen minutuak; bai jokoan, baita markagailuan ere. 20. minutuan, 10-9 zihoazen, eta 30. minutuan 13-12. Beldurrik gabe egin dio aurre Baionak Okzitaniako taldeari, eta ondo aprobetxatu ditu penaltiak.
Erasokor aritu da Tolosa, baina erauntsiari ondo eutsi diote Gregory Patatek zuzendutakoek, eta ez diote utzi ihes egiten. 20-15 iritsi dira atsedenaldira. Lehen zatian, bi penaltiz gain, bi entsegu egin eta bi entsegu emendio gauzatu ditu Tolosak; Baionak, berriz, puntu guztiak penaltiz lortu ditu. Denak, Joris Segondsek.
Estu hasi da bigarren zatia ere, erritmo handiz. Atzetik izanda ere, ez du etsi Baionak, eta lanean segitu du. Hogei minuturen faltan, 26-18 zihoazen. Ordura arte pareko ibili dira, baina hortik aurrera aldea zabalduz joan da Tolosa. Eskarmentu handiko jokalariak ditu, eta nabaritu da. Kontrolpean izan du partida, eta ondo kudeatu du abantaila. Azkenean, 32-25 bukatu da. Entsegu bat egin eta entsegu emendioa gauzatuta agurtu du denboraldia, halere, Baionak.
42 urte eta gero
Lapurtarrek esperantza bazuten, partida bakarrera edozer gerta baitaiteke, eta ilusioa ere bai. Izan ere, taldeak 42 urte zeramatzan finalerdiak jokatu gabe, eta agerikoa zen zale xuri-urdinen poza. 1.500 lagun bildu dira Groupama estadioan jokalariak hauspotzeko asmoz, eta Baionan ere jende andana elkartu da: pantaila handi bat jarri dute Roland Barthes zabalgunean, eta hantxe ikusi dute, elkarrekin, partida; urduri baina gogotsu. Zoritxarrez, festak ez du segitu neurketa amaitutakoan.