Baionak etxean Connachti irabazi behar dio Challengean bizirik jarraitzeko

Multzoko lehen sailkatua izan arren, gelditzen zaizkion bi partidak irabazi behar ditu aurrera egiteko

Iain Balshaw Baionako erdilaria, Aironiren aurka etxean jokaturiko Heineken Kopako partidan. Gaur, hasieratik ariko da Belfasten. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Baionak partida garrantzitsua du gaur etxean. Top 14ra itzuli zenetik, lehen aldiz Europako Challengeko final-laurdenak jokatzeko ongi kokatuta dago. Azken bi partidak jokatu aitzinetik talde burua da, 15 punturekin. Baina Ingalaterrako Harlequins oso hurbiletik du gibelean, 14 punturekin. Sasoi honetan serio hartu du Challengea Baionak, beste urteetan ez bezala: «Lehiaketa honetan itxura ona ematea da gure helburua. Final-laurdenetara iritsi nahi dugu», azaldu du Christian Gajan baionarren kirol zuzendariak.

Ezin da ahantzi Challengea irabazten duenak hurrengo sasoiko Heineken Kopan sartzea lortuko duela. Heineken Kopan aritzea da baionarren helburua, eta Top 14an gauzak oso estu daude. Ligako sei aukerak hamar talderen artean jokatuko dira. Testuinguru horretan, Challengeak beste ate bat ireki diezaioke Baionari.

Gaurko partidari ez zaio gatzik faltako. Joanekoan gutxigatik galdu zuen Lapurdiko taldeak (16-13), eta istilu dezente izan ziren. Christian Gajan zigortu egin zuten, hedabideetan irlandarren jarrera, bideo epailerik eza eta epailearen lana kritikatzeagatik. Partida bortitza izan zen, eta zenbait jokalari, Joe Pietersen kasu, min hartuta itzuli ziren Galwaytik.

Baionarrek ez dute joanekoa ahantzi, eta gaur ordaina eman nahiko diete irlandarrei. Erasoko puntua lortzeak ere garrantzia izanen du, azken jardunaldian sailkapena jokatuko baitu Baionak partida bakarrean Londreseko Harlequinsen zelaian.

BAIONA-CONNACHT

Baiona. Lea'aetoa, Hegi, Avril; Linde, Treloar; Bernard, haare, Baget (kap.); Audy, Boyet, Pietersen, Fauque, Lacroix, Ziegler; eta Elhorga.

Connacht. Wilkinson, Cronin, Hagan; Upton, McCarthy; Browne, O'Connor, McCornish;Murphy, Keatley (kap.); Touhy, Niva Ta'auso, Griffin, Monahan eta Barr.

Epailea. Peter Allan.

Lekua. Baionako Jean Dauger estadioa (17.000 ik.).

Orena. 20:45 (Eurosport Fr.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.