Bederatzi egun falta dira Realaren eta Athleticen arteko Espainiako Kopako finalerako, eta, zaleek harmailetan egon ezingo duten arren, bi taldeak zenbait ekintza egiten ari dira haien babesa sentitzeko. Hala, talde zuri-gorriak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, 8.000 zapi banatu ditu Bizkaiko zaharren egoitzetako adinekoen artean. Talde zuri-gorriak beste final bat jokatuko du handik bi astera, Bartzelonaren kontra, eta horiei begira ilusioa zabaldu nahi izan dute adinekoen artean, Bizi Ametsa egitasmoarekin bat eginez. Superkoparen finalaren atarian, haurrak hartu zituzten amets horren akuilutzat, eta, Sevillara joan aurretik, Lezamako ikastetxeetako haurrek agurra egin zieten jokalariei. Orain, berriz, adinekoengana iritsi nahi izan dute.
Basauriko Bizkotxalde egoitzan banatu dituzte lehenbizikoak, eta han izan dira Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, bai Aitor Elizegi Athleticeko presidentea eta bai Jose Angel Iribar talde zuri-gorriko izarra izandakoa, egun ordezkari instituzionala ere badena. «Haiekin bizi nahi dugu ametsa, gure indarra eta sostengua izan baitira aspalditik, eta hainbeste sufritu duten urte honetan haiekin egon nahi genuen»., nabarmendu dute bi aldeek. Adinekoek hunkituta hartu dute oparia.
Hori ez da, hala ere, talde zuri-gorria azken egunetan egiten ari den ekintza bakarra. Adibidez, balkoiak zuri-gorriz janzteko egitasmoa abiatu du, eta gaur bertan Ibaiganeko balkoiak zuri-gorriz agertu dira. Horri lotuta, lehiaketa bat ere badago martxan. Bilboko Udala eta Foru Aldundia ere hala daude, eta Enkarterrietako Fabrika museoan Athleticek 1958an irabazitako Koparen inguruko erakusketa bat jarri dute. Horrez gainera, klubaren sare sozialetan, Realaren kontrako finalera iristeko bideoak daude ikusgai.