Aurreko denboraldia gorabeheratsua izan zen Realarentzat, eta, ondorioz, aurten hainbat berrikuntza ditu Gipuzkoako taldeak. Haietako bat Paula Fernandez da (Sant Fruitos de Bages, Herrialde Katalanak, 1999). Erdilariak hiru denboraldi eman ditu Levanten (Herrialde Katalanak), eta, aurreko denboraldian Donostiara etortzeko aukera izan bazuen ere, aurten iritsi da. Denboraldia hasteko gogoz dago. Realak etxetik kanpo jokatuko du ligako lehen norgehiagoka, gaur, Madril CFFren aurka, (18:00, DAZN).
Gaur jokatuko duzue ligako lehen partida. Nola dago taldea?
Hasteko gogoz gaude. Hilabete eta erdi honetan, aukera izan dugu elkar ezagutzeko, ideia berriak ikasteko eta berriak garenok egokitzeko. Jada prest gaude lehiarako eta partiden arteko martxa horri ekiteko.
Etxetik kanpo jokatuko duzue Madril CFFren aurka. Zer itxura hartzen diozu partidari?
Talde ona da. Urte asko daramatza Lehen Mailan jokatzen, eta, gaur egun jokalari onak edukitzeaz gain, talde osatua eta esperientziaduna dute. Norgehiagoka gogorra izango da, ligako gainontzekoak bezala; izan ere, taldeak oso ongi indartzen ari dira, eta proiektu oso onak daude.
Denboraldiaurrea amaitu berri da. Zer balorazio egiten duzue?
Norgehiagokak pasatu ahala, gure hutsuneak hobetzen saiatu gara. Hain ongi egiten ari ez ginen horretan jarri dugu arreta, eta, denboraldia hasterako, hobetzen ahalegindu gara huts horiek ez errepikatzeko.
Euskal Herria Kopako finala 1-0 galdu zenuten Eibarren aurka. Zer ondorio atera zenituzten?
Partida ona eta serioa jokatu genuen, baina futbolean beti ez du ondoen jokatu eta aukera gehien duen taldeak irabazten. Eibarrek oso zehaztuta dauka ongi defendatu eta kontraerasoan irteteko planteamendu hori, eta, hori ongi egin zutenez, ezin izan genuen irabazi eta etxera ekarri kopa.
Zer egin duzue ongi denboraldiaurrean, eta zer hobetu behar duzue?
Baloia galdu osteko presio hori ongi egin dugu. Baloiaren jabetza askotan duen talde bat izan nahi dugu, eta hortik aurrera aurkaria menderatzea izango da gure helburua. Hainbat alor daude oraindik hobetzeko, eta haietako bat heldutasuna da, talde gaztea baita aurtengoa. Bestalde, jokaldia amaitzeko guneetan ere hobetu behar dugula uste dut, oraindik denboraldi hasiera baita eta ikusteko baitago nolako garapena izango dugun.
«Norgehiagokak pasatu ahala, gure hutsuneak hobetzen saiatu gara. Hain ongi egiten ari ez ginen horretan jarri dugu arreta»
Taldearen egitura aldatu egin da aurreko denboralditik ona, fitxaketak egin dira, harrobiko hainbat gazte igo dira... Zer moduzkoa izan da egokitzapena?
Iritsi garen jokalari berriak ongi egokitu gara taldera. Batez ere etxeko jokalariek laguntzen dute egokitzapen hori erraza izan dadin. Urte gehien daramaten jokalariek erraztasun handiak jartzen dizkigute bai zelai barruan eta bai kanpoan eroso senti gaitezen. Erosotasuna oso garrantzitsua da gerora norgehiagokak taldean ongi jokatzeko.
Iritsi berria zara. Zer moduz taldean?
Oso ongi. Egia da jokalari batzuk aurretik ezagutzen nituela, aurretik ere aritua bainintzen haiekin Espainiako selekzioko beheko mailetan. Hori dela eta, erraztasun handiagoak eduki ditut; egunerokoan pozik nago.
Aurten, gainera, Z7 zelai eraberrituan jokatuko duzue. Zer da hori zuentzat?
Ederra da. Ez da zelaia soilik, baizik eta emakumezkoen taldearentzat egin diren instalazioak ere ederrak dira. Hor ikusten da Realaren proiektuak garrantzia eman diola emakumezkoen taldeari ere, eta ikusgai dagoena zelaia da, bai, baina igerilekua, gimnasioa-eta ikusgarriak dira.
Jose Luis Sanchez-Verarekin aritu zinen Levanten. Hona etorri aurretik, hitz egin al zenuen harekin?
Bai, hitz egin nuen. Berez gustuko entrenatzailea da, eta, Realean ez zuela jarraituko esan zuenean, idatzi egin nion, eta hark zorterik onena opa zidan, eta hemen oso ongi egongo nintzela esan.
«Urte gehien daramaten jokalariek erraztasun handiak jartzen dizkigute bai zelai barruan eta bai kanpoan eroso senti gaitezen»
Arturo Ruiz da entrenatzaile berria. Zer moduz harekin?
Oso ongi. Aurretik ondo hitz egin zidaten hari buruz, eta denboraldiaurre honetan baieztatu dut hori. Tratatzeko oso pertsona ona da, eta futbolaz ere asko daki. Hori dela eta, lagundu egingo du giro ona sortzen, eta hori garrantzitsua izango da egunerokoan.
Helbururik finkatu duzue?
Anbizioa izan behar dugu, baina ez dugu egunerokoaz ahaztu behar. Eguneroko horretan ongi bagabiltza, helburua goian egotea izango da. Goian ibiliz gero, ederra izango litzateke Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera izatea.