Gipuzkoako txapelketa gaur jokatuko dute traineruek Donostian (18:30). Hiru txandatan banatu dituzte hamar ontziak, eta, itxuraz, azkenekoan egongo da irabazlea. Hor ariko dira Hondarribia, San Juan, Zumaia eta San Pedro. Laukote horretan ere bi beste bien gainetik daudela ematen du; San Juan eta Hondarribia daude faborito nagusien zerrendan.
Orain arteko estropadak kontuan hartzen badira, bien arteko lehiatik aterako da banderaren jabea. San Miguel ligan ateratzen dituzten taldeen antzekoekin lehiatuko dira, ez baitute inolako arazorik ligan arraunlari propioen eta ez-propioen araua betetzeko. Gaur, arau hori betetzeko beharrik ez izan arren, ligako kuadrillen aldeko apustua egingo dute biek. San Juanen kasuan, ikusi da igandeetan atera ohi duen taldeak emaitza hobeak lortu dituela. Hondarribiak ere talde sendoa aurkitu du, eta horrexekin irabazi zuen igandean Moañan (Galizia). Onenekin lehiatuko dira biak, herrialdeko txapelketa irabazi nahian.
Txanda horretako beste biak ez dira hain faborito, baina ustezko bi indartsuenek huts egiten badute, San Pedro eta Zumaia dira muturra sartzeko hautagai nagusiak. Ondo ari dira San Miguel ligan, helburuak betez, eta postu onak ere lortu dituzte. Itsasoak eta haizeak ere eragina izango dute. Emanda dago mugimendua, eta, halakoetan, errazagoa da ezusteren bat gertatzea. Baina San Pedro edota Zumaia punta-puntan ikustea ez litzateke hainbesteko ezustea izango. Hautagai nagusien azpiko koskan daude, baina koska batetik bestera ez dago alde handirik. Horregatik, gaurko estropada irabazteko zerrendan, azken txandako laukotea ondo kontuan hartu behar da.
Beste txandakoren batek bandera irabaztea ezuste handia litzateke. Orio dago zerrenda horretan, orain arte ez duelako erakutsi sasoiko dagoenik. Azken txandakoren batek edo bik huts eginez gero sartuko litzateke Orio ohorezko postuetan.
Emakumezkoak ere, lehian
Aurretik emakumezkoak ariko dira. Bi txandatan banatu dituzte, eta aurrenekoan, Hondarribia eta Orio izango dira. Bigarrenean doaz faboritoak, eta horien artean, faboritoena: Getaria-Tolosa, Gipuzkoako Ligako eta Euskotren ligako B multzoko liderra. Beste biak, Zumaia eta San Juan, kontuan hartzekoak dira, igandean Zumaian erakutsi zuten bezala. Erne itsasoaren egoerarekin.
Bandera bat dago jokoan, eta hautagai asko hura irabazteko
Hondarribia eta San Juan dira gaur Gipuzkoako Txapelketa irabazteko faboritoak, baina ez bakarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu