Baskoniak eta Bilbo Basketek ACB ligako titulurako kanporaketak jokatuko dituzte. Arabarrak bigarren urtez jarraian ariko dira final-laurdenetan. Iazkoaren aldean, ordea, aurten, Baskonia zerrendaburu izango da, eta alde izango du kantxa faktorea final-laurdenetan. Ostiral gauean ziurtatu zuen hori, Buesa Arenan Unicajari 92-89 irabazita. Bizkaitarrak, berriz, 11 urteren ostean sailkatu dira kanporaketetarako, Teneriferen kantxan 82-87 irabazita.
Ez batak ez besteak ez daki noren aurka jokatuko duen final-laurdenetan. Baskonia hirugarren edo laugarren izan daiteke; Bilbo Basket, berriz, zazpigarren izango da gertatzen dena gertatzen dela. Bartzelonak eta Valentziak igandean 19:00etan Palaun jokatuko duten partidari begira egongo dira bi euskal taldeak. Bartzelonak irabazten badu, Baskonia laugarren izango da, eta Valentziaren aurka jokatuko du. Bilbo Basket, berriz, Bartzelonaren kontra ariko da. Valentziak irabazten badu, berriz, Baskonia hirugarren izango da, eta Joventuten aurka jokatuko du. Bilbo Basketek, berriz, Valentzia izango du aurkari.