Baskonia Espainiako Superkopan aritu da, azkenekoz hori egin eta sei urte geroago. Baina Arabako taldeak ez du espero zen itzulera izan, galdu egin baitu gaur finalerdietan, etxeko taldearen aurka, Joventuten aurka: 96-84. Beraz, ez da ariko bihar finalean, eta egin ditu egin beharrekoak Superkopan.
Paolo Galbiatik entrenatutako taldeak ez dio sasoi betean ekin Superkopari: jokalari garrantzitsu asko joan zaizkio, kosta egin zaio multzoa osatzea, denboraldiaurre kaskarra egin du, eta taldeari erritmoa falta zaio. Gaur ikusi da ez dagoela bere onenean. Hala ere, gai izan da lehen 25 minutuetan ondo jokatzeko. Are, minutu askoan aurretik joan da, eta bigarren laurdenaren erdian zortzi punturen aldea lortu du: 23-31.
Baina Joventut suspertu egin da, eta lehia parekatu egin da. 25. minutuan oraindik ere aurretik zen Baskonia, baina erabat aldatu da partida: etxekoek susperraldia izan dute, eta bisitariek txakalaldia. Horren ondorioz, 19-7ko partziala lortu du Joventutek, eta neurketa ia erabakita utzi: 11 punturen aldea zuen azken laurdena falta zela (68-57). Azken laurdenean lasaitu egin dira etxekoak, eta arabarrak gerturatu (87-82), baina Joventutek berriro jarri ditu gauzak bere tokian.  Â
Superkopatik kanpo geratu eta gero, Baskoniak Euroligan jarriko du arreta osoa, lehiaketa horri ekingo baitio hilaren 24an, etxean, Buesa Arenan, Olympiakosen aurka. Egungo txapelduna da Greziako talde hori.