Erronka zail batekin ekingo dio denboraldiari Baskoniak, eta, aukeran, nahi baino lehenago. Espainiako Superkopako finalaurrekoa jokatuko du bihar, Joventuten aurka (18:00). Eta, irabaziko balu, etzi izango luke finala, Valentziaren edo Bartzelonaren kontra. Dena den, Gasteizko taldea ez dago bere onenean. Jokalari garrantzitsu asko joan zaizkio, eta kosta egin zaio multzoa osatzea. Denboraldiaurre kaskarra egin dute, eta taldeari erritmoa falta zaio. Euskal Kopako finalean argi ikusi zen hori: 85-99 galdu zuen Bilbo Basketen aurka.
Beste itxura bat ematen saiatuko dira oraingoan, eta, pixkanaka, jokoa fintzen. Joan den sasoian Espainiako Kopa irabazi zuen Baskoniak, eta titulu horri esker jokatuko du Espainiako Superkopa. Dena den, kantxan ez dira jokalari berberak egongo. Ez da uda lasaia izan gasteiztarrentzat: Paolo Galbiatik segituko du taldea gidatzen, baina, berriro ere, forma eman beharko dio proiektuari. Jokalari asko joan dira Baskoniatik: Trent Forrest, Eugene Omoruyi, Mamadi Diakite, Jesse Edwards, Markquis Nowell, Gitis Radzevicius, Rafael Villar, Timothe Luwawu-Cabarrot, Vit Hrabar eta Khalifa Diop.
Horietako batzuk taldea uztea oso mingarria izan da, gainera. Esaterako, Forrest Kopako jokalaririk onena izan zen iaz, eta Luwawu-Cabarrotek 28 puntu lortu zituen finalean. Hain zuzen, azken denboraldian Luwawu-Cabarrot izan zen taldeko eta ACB ligako saskiratzaile nagusia. Aipatzekoa da Diakiteren eta Omoruyiren hutsunea ere. Eta batez ere eragin duena Diop joan izana da, alde egiteko moduagatik. Duela gutxi utzi du taldea: klubak irailaren 2an jakinarazi zuen ez zuela jarraituko, NBAko Cleveland Cavaliers taldeak fitxatu zuelako. Aurrez Diakitek eta Edwardsek alde egin zutenez gero, hura zen taldean geratu zen pibot bakarra.
Beraz, makina bat lan egin behar izan dute multzoa eraberritzeko. Klubak sei fitxaketa egin ditu: DJ Stewart, Chris Duarte, AJ Lawson, Damion Baugh, Kenneth Faried eta Alex Len. Barruko jokoa indartzeko etorri dira azken bi horiek, Diopek utzitako hutsunea bete asmoz. Eskarmentu handiko jokalariak dira: Fariedek 36 urte ditu, eta Lenek 33. Ukrainako pibota libre zegoen uda hasieratik, Real Madrilekin zuen kontratua eten zuelako, ezker oin zolako faszian izandako lesioa tarteko. Ostegunean entrenatu zen lehen aldiz taldekideekin, baina ez du jokatuko asteburuan.
«Pazientzia»
Galbiatik «pazientzia» eskatu du, eta adierazi taldea oraindik ez dagoela osatuta. «Pazientzia behar dugu; ez dakit klubak izango duen. Aurreko denboraldian izan zuen, eta sasoi ona egin genuen. Denbora behar dugu lan egiteko».
Sei urteren ondoren arituko da Baskonia berriro ere Superkopan. Azkena 2020-2021eko denboraldian izan zen. Aurreko sasoian ACB liga irabazi zutelako jokatu zuten txapelketa; oraingoan, berriz, iaz Espainiako Kopan gailendu zirelako. Taldearen egoera kontuan hartuta, zaila dirudi Baskoniak Espainiako Superkopa irabaztea, baina Galbiatik zuzendutakoak ezustekoa ematen saiatuko dira, Espainiako Kopan saiatu bezala. «Lehia ofiziala hasteko gogoz nago, eta jokalariak ere bai. Fisikoki eta taktikoki ez gaude gure onenean, baina partida bakarreko kanporaketetan edozer gerta daiteke», esan du entrenatzaileak.
Urte asko pasatu dira Gasteizko taldeak azkenekoz Superkopa irabazi zuenetik; 2008an izan zen. Hain zuzen, 2005etik 2008ra bitarte nagusi izan ziren gasteiztarrak, eta lau aldiz jarraian altxatu zuten kopa. Ordutik, baina, ez dute lortu irabaztea. Lehen urratsa Joventuti irabaztea izango da. Azken oroitzapenak garratzak dira. Izan ere, azken denboraldian Joventutek kanporatu zituen gasteiztarrak ligako lehen kanporaketan. Arantza kendu nahi dute, beraz.