BARTZELONA 67-70 BASKONIA

Baskoniak Espainiako Kopako finala jokatuko du

Arabako taldeak Bartzelonari irabazi dio finalerdietan, eta Real Madrilen aurka ariko da bihar finalean, Valentziako Roig Arena pabiloian, 19:00etan. Arabarrek duela hamazazpi urte jokatu zuten azkenekoz finala, eta txapeldun izan ziren.

Rodions Kurucs. MANUEL BRUQUE / EFE
Rodions Kurucs Baskoniako jokalaria, saskiratze bat ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 21a
23:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urteren ostean Baskoniak berriro jokatu du Espainiako Kopa, eta Arabako taldeak ametsetako itzulera izan du, finala jokatuko baitu. 67-70 irabazi dio gaur gauean finalerdietan Bartzelonari Valentziako (Herrialde Katalanak) Roig Arena pabiloian, eta finalean ariko da bihar, toki berean, Real Madrilen aurka, 19:00etan (DAZN). Espainiako taldeak Valentziari irabazi dio beste finalerdian: 106-108.

Balentria egin du Paolo Galbiatik zuzendutako taldeak; balentria, Bartzelona baitzen faborito nagusia irabazteko eta finalerako sailkatzeko. Herrialde Kataluniako taldeak neurria hartua zion Euskal Herrikoari denboraldi honetan, aurretik elkarren aurka jokatutako hiru partidetan nagusitu baitzitzaion. Gaur, ordea, bolada txar hori eten du Baskoniak, eta garaipen handia lortu du. Partida amaieran, pozez gainezka ospatu dute garaipena Baskoniako kideek eta harmailetan zeuden taldearen jarraitzaileek.

Gutxik espero zuten Arabako taldeak Bartzelonari irabaztea partida nola hasi den kontuan hartuta. Bartzelonak indar betean ekin dio, eta lehen laurdena bukatu aurretik hamabi punturen aldea lortu du: 19-7. Nahieran zebiltza kataluniarrak, eta ezinean arabarrak, hamaika saskiraketa huts egiten eta hamaika baloi galtzen. 

Bigarren laurdenaren hasieran zortzi punturen aldea zuen Bartzelonak (24-16), eta joera oso kezkagarria zen Baskoniarentzat. Baina arabarrak suspertu egin dira, eta bigarren laurdenaren erdia jokatu aurretik irauli egin dute emaitza: 26-27. Hortik aurrera nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak.

28. minutura arte iraun du parekotasunak: 47-47. Laprovittolari esker, Bartzelonak bederatzi puntu sartu ditu jarraian: 56-47. Hala, azken laurdenaren hasieran hamar punturen aldea zuen Kataluniako taldeak: 61-51. Arrisku bizian zegoen Baskonia, baina suspertu egin da, nola gainera: defentsan estutu egin du, eta erasoan oso eraginkor aritu da. Horri esker, irauli egin du emaitza lehenbizi, eta alde txikia lortu gero: 65-69 jarri da aurretik hiru minutu eskas falta zirela. Bartzelona bira gerturatu da, baina ez da hortik pasatu. Erabakigarria izan da Diakitek Xengeliari jarri dion txapela, eta Joel Parrak huts egindako azken hirukoa.

Talde lanari esker, solidario izateari esker irabazi dio Baskoniak Bartzelonari. Horren erakusle da bost jokalarik sartu dituztela gutxienez bederatzi puntu. Kurucsek sartu ditu gehien: hamalau. Forrest izan da, hala ere, onena jokoaren alor guztiak kontuan hartuta: hogei puntuko balorazioa lortu du. Jokalariak bikain aritu dira, baina baita Galbiati ere. Ezin hobeto zuzendu du taldea entrenatzaile italiarrak. 

Gaurko garaipenak konfiantza izugarria emango die Baskoniako jokalariei finalerako. Real Madril da faboritoa, baina Bartzelona ere faboritoa zen gaur, eta arabarrek etxera bidali dute. Garrantzitsuena, hala ere, zera da: Baskonia bete-betean itzuli dela Kopara, eta borrokarako dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.