Baskoniak eta Bilbo Basketek gaur gauean jokatuko dute ACB ligako denboraldi erregularreko azkeneko partida: arabarrek Unicaja hartuko dute Buesa Arenan; bizkaitarrek, berriz, Teneriferen kantxan jokatuko dute. Bi neurketak 20:30ean hasiko dira, eta DAZNek zuzenean emango ditu biak. Bi euskal taldeek asko dute jokoan.
Baskoniak lehen lau onenen artean sailkatu nahi du, zerrendaburu izan eta final-laurdenetan kantxa faktorea alde izateko. Unicajari irabazten badio lortuko du hori. Galtzen badu, berriz, beste taldeek egiten dutenaren menpe geratuko da. Gaur-gaurkoz, bigarren postuan dago sailkapenean, Murtziarekin berdinduta. 24 garaipen dituzte biek. Espainiarrek Lleida hartuko dute azken norgehiagokan. Katalanek ez dute ezer jokoan. Valentziak eta Bartzelonak, berriz, 23 garaipen dituzte, baina bi talde horiei bi partida falta zaizkie jokatzeko. Gaur jokatuko dute azken-aurreko neurketa: Valentziak Kanaria Handia hartuko du, eta Bartzelonak Andorrari egingo dio bisita. Bi talde horiek mailari eusteko lehian dabiltza. Igandean, berriz, azken norgehiagoka jokatuko dute Bartzelonak eta Valentziak, elkarren aurka, Bartzelonan. Beraz, gaur gertatzen dena gertatzen dela, Arabako taldeak igandera arte ez du jakingo zer postutan bukatuko duen: bigarren postutik bosgarrenera bitartean sailka daiteke.
Baskonia konfiantzaz lepo ariko da Unicajaren aurka, azken bost partidak irabazi baititu. Azken neurketan garaipen handia lortu zuen Real Madrilen kantxan. Unicaja, berriz, kanporaketak jokatzeko azken tokia lortzeko lehian dabil Bilbo Basketekin. Hain zuzen, Baskoniak mesede egin diezaioke Bilbo Basketi Unicajari irabazten badio: nagusitzen bazaio, Bilbo Basket final-laurdenetarako sailkatuko da azkenekoz hori egin eta 11 urte geroago. Bizkaitarrek, hala ere, euren esku dute sailkatzea, baina, horretarako, Tenerifen (Espainia) irabazi behar dute. Hori egiten badute, zazpigarren izango dira. Aukera bakarra dago Bilbo Basket ez sailkatzeko: Teneriferen aurka galtzea eta Unicajak Gasteizen irabaztea.
Bestalde, IDKk eta Araskik jokalari bana fitxatu dute: gipuzkoarrek Imani Tate eskolta estatubatuarra fitxatu dute Ensinotik, eta arabarrek, Juliet Mungo hegaleko argentinarra, Ardoitik.