Ez da ulertzen erraza. Zergatik hain ondo ligan eta zergatik hain trakets Euroligan? ACB liga Euroliga bezain lehiakorra da, salbuespenak salbuespen, baina Europan asmatu ezinik dabil Baskonia, eta lau norgehiagoka galdu ditu jarraian. Ligan zortzi partida jokatu eta zazpi irabazi ditu, Bartzelonaren aurka azkena, eta lidergo horri eutsi nahi dio Europako jardun kaskarrak eragin dizkion zauriak sendatzeko. Itxuraz, aurkari aproposa da Menorca, lidergoari eusteko, baina komeni tentuz jokatzea (12:30, ETB1).
Ivanovicek garaipena azkar lotzea nahi du, pattal samar dabiltzan jokalari sorta talde dinamikan sartzeko. Loganek eta Olesonek ez dute lesiorik izan, baina beraiengandik espero den mailatik urrun dabiltza, Oleson batez ere. Bjelicarekin eduki beharreko pazientzia ere bukatzen hasi da Gasteiz aldean. Ez du nabarmentzeko gauza onik egiten, ezta konpromiso handirik erakusten ere. Haislipek denbora gehiago beharko du. Hilabete eta erdi egin du kantxetatik kanpo, eta Gabonak izango dira estatubatuarrak martxa hartzerako.
Menorca 3-5 balantzearekin dago, eta jakitun da Gasteizen irabaztea oso zail duela, baina balio handiko garaipena litzatekeela. Horregatik saiatuko dira partida trabatua jokatzen, Baskoniaren erritmoa mozten, arabarrei korrika egiten uzten badiete zer eginik ez dutelako.
Baskoniak lidergoari eutsiz sendatu nahi ditu zauriak
Talde dinamikan sartu nahi ditu Ivanovicek Logan, Oleson, Bjelica eta Haislip Menorcaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu