Saskibaloia

Baskoniaren zuzendaritzaren jarrera salatu dute Israelgo taldeen parte hartzea «normalizatzeagatik»

Baskoniak Hapoel Tel Aviven aurka jokatu du gaur, Gasteizen, eta bazkideak baino ez dira sartuko pabiloira. Elkarrekin Palestinak eta Indar Baskoniak kritikatu egin dute debekatu egin dietela Palestinarekin loturiko edozein erreferentzia sartzea.

Elkarrekin Palestinak eta Indar Baskoniak eginiko mobilizazioa, Baskonia eta Hapoel Tel Aviven arteko neurketagatik. ENDIKA PORTILLO /FOKU
Elkarrekin Palestinak eta Indar Baskoniak eginiko mobilizazioa, Baskonia eta Hapoel Tel Aviven arteko neurketagatik. ENDIKA PORTILLO /FOKU
Aratz Aranburu
Gasteiz
2026ko azaroaren 17a
19:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baskoniaren zuzendaritzaren Israelekiko konplizitatea salatu dute Elkarrekin Palestinak eta Indar Baskoniak, Israelgo taldeen parte hartzea normalizatzeko bidean «urrats bat aurrera» egiteagatik. Baskoniak eta Hapoel Tel Avivek Euroligako partida jokatuko dute gaur Gasteizen, eta partidaren aurretik mobilizazio bat egin dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Bi erakundeek adierazi dute geroz eta errepresio gehiago jasaten ari direla: «Pabiloian Palestinarekin loturiko edozein ikur zein bandera sartzea debekatu digute». Erantzun onargarri bakarra Israelgo taldeen aurkako partidak bertan behera uztea dela nabarmendu dute. 

Urtez urte Israelgo taldeak Gasteizera etortzearen «errudun» hainbat eragile zerrendatu dituzte, Israeli «krimenak normalizatzeko eta bere irudia garbitzeko» aukera eskaintzeagatik. Euroliga kritikatu dute, txapelketa pribatua izanik Europan «salbuespenez» parte hartzea baimentzen duelako. Baskoniaren zuzendaritzaren jarrera ere gaitzetsi dute, partida ez jokatzeko neurririk ez hartzeagatik. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala seinalatu dituzte euren eskumenak ez erabiltzeagatik.

Segurtasun neurriak handitu egin dira gaurko partidan, TUVISAk ez du Buesa Arenarako autobus zerbitzurik eskaini herritarrentzat eta pabiloian sartzeko segurtasun dispositibo berezia ezarri dute. Elkarrekin Palestinak eta Indar Baskoniak nabarmendu dute ezinbestekoa dela antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea, Israel normalizatzen duten ekimenak «onartuak» izan ez daitezen. Izan ere, gaurkoa ez da izango denboraldi honetan Buesa Arena bisitatuko duen Israelgo talde bakarra. Abenduaren 4an Baskoniak Maccabi Tel Aviv taldearen aurka jokatuko du etxean, eta partida hori bertan behera uzteko exijitu dute. Ikusteko dago klubaren zuzendaritzak gaur erabili duen protokolo berbera ezarriko duen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA