Eta bat-batean Alan Dzagoev azaldu zen (Beslan, Ipar Osetia-Alania, 1990). Begirada guztiak Andrei Arxavinentzat zirenean, CSKA Moskuko erdilariak bereganatu zuen arreta joan zen ostiralean, Errusiak eta Txekiar Errepublikak jokatutako partidan. Aurrelariek egin ohi duten bezala nabarmendu zen: golak sartuz. Bere kasuan, bi, errusiarren lehenbizikoa eta hirugarrena.
Dzagoeven izena ahoz aho dabil azken egunotan. Haren dohainak, baina, aspaldi dira ezagunak. 2008an izan zen lehen aldiz haren berri. Errusiako Ligako jokalari gazte onena izendatu zuten. Azkar jaso zuen selekzioaren deia. Guus Hiddink orduko Errusiako hautatzaileak 2010eko Munduko Kopako sailkapen ligaxkako partida baterako deitu zuen, Dzagoevek 18 urte besterik ez zuela.
Ez zen nolanahiko partida, Alemania zen aurkaria. Gaizki hasitako neurketa zuzentzeko asmoz zelairatu zuen, atsedenaldian, Hiddinkek —2-0 ari zen galtzen Errusia—. Eta nabaritu zen haren presentzia, hura irten eta oso gutxira Arxavinek gola sartu baitzuen. Dzagoevek berak gertu izan zuen berdinketaren gola, baina haren jaurtiketak langa jo zuen. Galdu egin zuen Errusiak, baina Dzagoevek oso lan ona egin zuen, eta bide batez marka berria ezarri: zelaiko jokalari gazteena nagusiekin jokatzen (18 urte eta 116 egun). Igor Akinfeev atezaina da gazteena: 18 urte eta 20 egun.
Ordutik beste hogei partida jokatu ditu Errusiarekin, eta sei gol sartu. Bere taldearekin ere sarri sartu ditu ligan: 26 gol sartu ditu lau sasoitan. Horregatik, eta Eurokopako estreinakoan eginikoagatik, ez da harritzekoa Europako talde indartsuenek hura begiz jota edukitzea. Aurkezpen txartel ona badu: erdi-punta abila, langilea eta golegilea.
CSKA Mosku txiki gera dakioke azkar. Aurretik gauza bera gertatu zitzaion: lehenbizi, Yunost Vladivazkazekin; gero, Konopliov Eskolarekin; eta azkenik, Krilia Sovetovekin. Zenbat eta gorago iritsi Dzagoev, orduan eta harroago egongo da haren ama. Hark animatu zuen semea futbolean serio jokatzera. Ama ere ondo moldatzen omen zen baloia oinetan. «Gai zen oin berarekin hamar aldiz jarraian baloia ukitzeko», aitortu du Dzagoevek. Gaztetatik datorkio bere izaera gogorra ere, bera baino helduagoekin entrenatu baitzen lau urtez. «Zelaian ezin duzu samur jokatu. Gogor aritu behar duzu, baina betiere taldeari kalte egin gabe».
Errusiako udaberria
Dzagoev sasoiko dago, baita Andrei Arxavin, Roman Xirokov eta Andrei Pavliutxenko ere. Hiru jokalariok ere nabarmendu egin ziren Txekiaren aurka. Arxavinek erasoko jokaldi ia guztietan hartu zuen parte; Xirokovek bikain zuzendu zuen taldea, eta erasoan ere ekarpen garrantzitsua egin zuen, gol bat sartuta. Azkenik, Pavliutxenko ordu erdi eskas izan zen zelaian, baina nahikoa gol bat sartzeko.
Jokalari horiek guztiek gauza bat dute elkarrekin: Errusian jokatu dute Eurokopa iritsi aurreko hilabeteetan: Dzagoevek CSKA Moskun; Xirokovek eta Arxavinek Zenit San Petersburgon, eta Pavliutxenkok Lokomotiv Moskun. Ez da kasualitatea guztiak sasoi betean iritsi izana. Errusiako Ligako egutegiak mesede egin die. Abenduaren erditik martxoaren hasierara bi hilabeteko etena izan zuen txapelketak Errusian, hotzagatik. Beraz, ez dute partida pilaketa handia izan, eta fresko iritsi dira urteko lehiaketa nagusira. Dzagoev eta Pavliutxenko, gainera, min hartuta egon dira, eta ohi baino atseden handiagoa izan dute. Behartutakoa, baina atsedena, azken finean.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa
Bat-batean, Dzagoev
Errusiako erdilaria izan da Eurokopan nabarmendu den lehen jokalaria, Txekiari bi gol sartuta. 22 urte betetzear ditu, eta Europako talde indartsu asko atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu