Beharrezko puntuak

Osasunak ezinbestekoa du Celtari irabaztea jaitsiera postuak saihesteko; aurkariak ez du ezer jokoan

Iruñea
2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Hiru partida besterik ez dira geratzen sasoi amaierarako, eta Osasuna puntuak hirunaka batu beharra dauka Bigarren Mailara jaisteko arriskua saihesteko. Geratzen diren hiru partidetatik bi etxean jokatuko dituzte nafarrek, gaur Celtaren aurka eta azken jardunaldian Betisen aurka. Tartean Espanyolen zelaian ariko dira. Teorian ez dira aurkari gaiztoak, hirurek ezer ez baitute jokoan izango azken txanpa honetan. Bi partida irabaztea nahikoa izango dela dirudi, eta 41 punturekin nahikoa izango dela. Baina Osasunak azken boladan partidak irabazteko dituen arazoak ikusita, lasai egoterik ez dute zaleek

Partida bateko zigorra bete ostean, Silva eta Torres jokatzeko moduan izango ditu Javi Graciak, baina min hartutako jokalarien zerrenda luzea da. Atzo Manu Omwu gehitu zitzaion, izter atzealdeko giharra mindu baitzuen entrenamenduan. Sisik, Raoul Loek, Ninok eta Lolok ere ezin jokatuta jarraitzen dute. Jokatzeko moduan egon eta zerrendatik at geratu zen jokalari bakarra Eneko Satrustegi izan da.

Javi Gracia baikor azaldu zen atzo. «Okerrak zuzentzeko gero eta tarte txikiagoa dugula badakigu, baina zaleen laguntzarekin hiru puntuak lortuko ditugula sinetsita nago». Hala ere, Celtaren arriskuaz ohartarazi zuen: «Celtak denboraldiko helburu nagusia bete du dagoeneko, eta ezer ez dute jokoan izango, baina denboraldiko unerik gozoenean datozela ere ezin da ahaztu».

Azken partidetan eta batik bat iragan astean Santiago Bernabeun Osasunako jokalariek emaniko itxura kaskarraren ondotik entzun behar izan dituzten kritikei ere erantzun zien Javi Graciak atzo: «Konpromiso eta inplikazio faltarik ez dugu. Beste gauza batzuk faltako zaizkigu akaso, baina borondatea eta gogoa ez zaizkigu falta». Sarrerak amaituta, harmailetan giro ona izango da. Zaleek ere ulertu dute gaurkoa partida garrantzitsua dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.