Memoria astindu, eta 45 herrialdetan egon dela uste du Victor de la Partek (Gasteiz, 1986). Horietako askotan lehiatu da, gainera. 2011n profesional bihurtu zenetik, txirrindulari gasteiztarraren pasaportea zigiluz bete da: Txina, Taiwan, Errusia, Aljeria eta, batez ere, Europa erdialdeko nazioak, Errumanian askotan, Eslovakia, Bulgaria, Eslovenia, Txekia, Ukraina, Austria, Polonia, Suedia... Hegazkinean bizikletan adina ordu pasatu ditu ia. Eta etxean lehiatu al da? Atzo arte, inoiz ez, 30 urte baditu ere. «Profesional naizenetik, inoiz ez nintzen Gasteiztik pasatu. Lehen aldia izan zen atzokoa. Are gehiago, irteera etxetik metro gutxira nuen, ni erdialdean bizi bainaiz. Aurretik etxekoei bisita egiteko moduan nengoen».
De la Partek atzerrian egin behar izan du bere kirol ibilbidea. Caja Ruralen hasi, eta 2011n kontratua eten ziotenetik, Greziako, Portugalgo, Austriako eta Poloniako taldeetan lehiatu da, iragan udan Movistarrek deitu zion arte. «UCI World Tourreko beste talde baten eskaintza ere banuen, baina antolakuntza osoa etxetik ordu bakarrera izatea luxu bat da, bizi kalitatea». Izan ere, profesional mailako lehen urteetan bizitakoa oso ezberdina da, eta asko ikasi duela dio. «Nik gazteei garbi esaten diet. Hemen ia ez dago talde profesionalik, egutegiak ere urriak dira. Ez izan zalantzarik: joan atzerrira; gainera, lehen urteetan diru premia ez da hain handia, eta asko ikasten da».
De la Partek 2011n jo zuen atzerrira. Caja Ruralen zela, Andorran, taldearen baimenik gabe botika batean produktuak erosi izana leporatu zioten, eta kontratua eten zioten. «Hark espabilatzeko balio izan zidan, ikasteko, baina, tira, pila bat gozatu dut txirrindularitzak ordutik eman didan guztiarekin», gogoratu du.
Bi hilabete egon zen lehiatu gabe, eta SP Tableware Greziako taldera joan zen. Han zen, besteak beste, Ioannis Tamuridis Euskalteleko txirrindulari ohia. Han bi urte egin, eta Portugalera joan zen gero, Efapel taldera. Hango egutegia, baina, ez zitzaion gustatu. «Beti Portugalen lehiatzen, eta ez asko». Beraz, berriz ere Europara jo zuen, Vorarlberg Austriako taldera. Anekdota bat eskatu, eta ezinezkoa du bat aukeratzea. «Hainbeste gauza pasatu zaizkit eta!». Eta lasterketarik bitxiena? «Hainango Itzulia. Txinan dagoen uharte bat da, turistikoa. Errusiar asko dago han, eta bost izarreko hotelak. Oroitzen naiz han lehiatzen nengoela, txiza egitera gelditu, eta kide bati nirekin gelditzeko eskatu niola. Beldur nintzen oihanetik tximu edo sugeren bat agertuko zitzaidan!».
Gero iritsi zen CCC Poloniako taldea. Hura beste gauza bat zen. «Kontinental Profesional mailako taldea zen, baina World Tour talde baten azpiegitura, aurrekontu eta egutegiarekin». Eta azkenean, Movistar. «Talde txikietan giro bikaina egoten da, eta horren beldurra nuen Movistarren. Eta sorpresa gozoa hartu dut Valverderekin eta Quintanarekin. Oso gertukoak dira». Halakoa da De la Parte ere, hiztuna eta atsegina. «Lagun batek esaten dit: 'Zu galtzen zaren tokian aurkitu nahi zaitut'. Egia esan, pasatu naizen talde guztietako jendearekin harremana mantentzen dut. Bizipen aberasgarriak izan ditut guztiekin».
Itzulian, Valverderen ondoan
Munduan barrena gozatu du De la Partek, baina etxeko arantza ondo sartua du, eta ilusioz lepo ekin dio Euskal Herriko Itzuliari. «Jendetza hori, bide bazterrak beteta, Arrateko gain mitikoa... Arratera iristeko desiratzen nago. Hori bai, euria egiten badu, azken igoerako porlanezko bidean arazoak egon daitezke». Atzerrian ibili denean txirrindulari askok goratu diote Euskal Herriko zaleen berotasuna, eta berak atsekabetuta esan izan die ez zuela Itzulian inoiz parte hartu. «Ez da Euskal Herrikoa naizelako, baina nire esperientziatik esan dezaket inon ez dela txirrindularitza hemen bezala bizi». Gauzak ondo badoaz, aurten Italiako Girora joango da, eta hango giroa ezagutu ahal izango du.
De la Parte da Itzulian parte hartuko duen gasteiztar eta arabar bakarra; «asko ere ez gara eta! Patatero-en ohorea gorde behar dut». Badaki gutxi direla, eta horrekin arduratuta dago. Bera 30 urterekin iritsi da World Tour mailara, eta talde bat eskatzen du gazteek bide errazagoa izan dezaten. «Murias ez da Kontinental Profesionala, eta egutegi txikia du. Euskal harrobiak fruitu onak ematen ditu, maila ona du, baina talde bat behar du».
De la Partek argi du zein den bere lana aurtengo Itzulian: «Valverde dator, lider sendoa, Itzulia irabazteko hautagaia, eta hark irabaztea da taldearen helburua». Ordekan hura zaintzea izango da 30 urteko txirrindulari gasteiztarraren lana. ibilbidea zehatz-mehatz aztertu du, eta uste du Arrateko etapan arriskua egon daitekeela. «Lurra porlanezkoa da, eta euria egiten badu, baliteke erorikoren bat egotea. Aurrean sartzea oso garrantzitsua izango da». Movistarren lehen urtea du, baina taldeak konfiantza jarri du berarengan. Paris-Nizan parte hartu zuen, Valentzian ere bai, eta litekeena da Italiako Girora joatea. Han Nairo Quintanaren bizkartzain izango da.
Euskal Herriko Itzulia
Behingoz, etxean!
Hogei herrialdetan lehiatu eta Greziako, Austriako, Portugalgo eta Poloniako taldeetan aritu ondoren, Victor de la Parte Itzulian lehiatu da aurrenekoz jaioterrian, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu